Maialen Orte, astrofisikaria: “Nebulosen argazkiak asko gustatzen zaizkit, txikitatik, baina baita haien konposizioa ere”

Maialen Orte, astrofisikaria: “Nebulosen argazkiak asko gustatzen zaizkit, txikitatik, baina baita haien konposizioa ere”
2024/01/12 11:54
eta kitto!
Osabarengandik jaso zuen izarretara begira jartzeko afizioa eta, orain, horretara bideratu du bere bizimodua. Zerura begira, erraza da amestea, eta Maialen Ortek ametsa dihardu bizitzen Kanariar Uharteetan. Izan ere, Severo Ochoa beka jaso ondoren, bertan dihardu doktoretza egiten.

Nebulosa ionizatuen inguruko doktoretza egiten dihardu Maialen Ortek Kanarietako Astrofisika Institutuan. Lau urteko lana du aurretik eta gogo handiarekin ekin dio erronkari. Gabonetan bere jaioterrian indarrak batu ondoren, Tenerifera joan da orain zerura begira jartzeko.

 

Zer izan da zuretzat Severo Ochoa beka jasotzea?

Lehenik eta behin, hilabete askotako lanaren saria izan da. Azkenean, horrelako beketan demaseko lehia egoten da, nazioarteko partaidetza dago eta, borrokatu dudan arren, badakit zortea izan dudala. Izan ere, nahi nuen tokian eta astrofisika atalean arituko naiz ikertzen. Kanarietan geratu nahi izan arren, kanpora joan behar izan diren lagunak ditut; edo eurek nahi zutena ez den beste atal batzuetan ikertzen ari direnak, aukerarik izan ez dutelako. Hasteko irrikitan nago.

Zergatik egin nahi zenuen ikerketa Kanariar Uharteetan?

Bi arrazoirengatik. Batetik, ikerketa zentroak mundu mailako ospea duelako. Kanarietako Astrofisika Institutua mundu osoan da ezaguna, bai ikertzaileengatik bai bertan egiten diren ikerketengatik. Bertako behatokia izugarria da. Nazioarteko ikerketa zentroek teleskopioak dituzte han eta asko lagundu du behatokiaren handitzean. Gainera, laneko giroa ere zoragarria da. Bestetik, ikerketa Tenerifen egiteko aukera izateagatik. Kanarietara joan aurretik Madrilen egon nintzen urtebetez, eta Madrilek eta Tenerifek ez dute zerikusirik. Tenerifeko bizitza zoragarria iruditu zait eta jendeak bikain hartu nau. Hiru urtez egon naiz han, baina hilabete batzuk bakarrik egon ondoren banekien bertan urteak pasa nahi nituela.

Nebulosa ionizatuen inguruan diharduzu ikerketa egiten, baina zer dira zehazki?

Seguruenik gehienok argazkietan nebulosak kolorez beteriko hodeiak bezala ikusi ditugu. Berez, nebulosak gasez eta plasmaz osaturiko hodeiak dira. Hodei hauetan izarrak sortzen dira eta izarren ingurua ionizatu egiten da. Jasotzen dugun argiak uhin-luzeera desberdinak ditu, espektro elektromagnetikoaren atal ezberdinei dagokie eta, orduan, kolore ezberdinak ikusten ditugu. Kolore hauek, ostera, ezin ditugu begiekin ikusten ditugun koloreekin konparatu behar. Nebulosen argazkiak tresna eta teleskopio izugarriekin egiten dira, eta guk begiekin bakarrik zerura begiratuz gero, ez dugu kolorerik ikusten, argi zuria besterik ez. Nebulosen argazkiak asko gustatzen zaizkit, txikitatik, baina nebulosak ikertzean haien konposizioa eta bestelako gauzak ere asko gustatu zitzaizkidan eta arlo horretan aritzea erabaki nuen.

Zure ikerketa zertan datza zehazki?

Ikerketa, berez, orain hasiko dut, baina masterreko azken lanarekin hasi nintzen gaian sakontzen. Ikerketan elementu batean zentratu nintzen, baina azken neurrian nebulosen konposaketa aztertu nuen. Orain nebulosen propietateak ikertuko ditut, baina nebulosen inguruan gehien ikertzen dena elementuen konposaketa izaten da. Kloroa, oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa... Horretan arituko naiz, baina astroargazkilaritza ere asko gustatzen zait, hori da nire zaletasuna eta, argazkiak erakusteko aukerarik badut, aprobetxatu egingo dut.

Nebulosen argazkiak txikitatik gustatzen zitzaizkizula esan duzu, baina zergatik erabaki zenuen horren inguruan ikertzea?

Masterrean ikasgai asko izan genituen eta nebulosen ikasgaian oso gustora ibili nintzen. Irakasleak izugarri lagundu zidan. Masterreko azken lana erabakitzerakoan, gaiaz gain, norekin egingo nuen ondo begiratu nuen, eta irakasle horrekin egitea erabaki nuen. Horrez gain, gai hau aukeratu dut nebulosak ez direlako gehiegi ikertzen. Hau da, ez dute zulo-beltzek izan duten oihartzuna izan, adibidez. Ia ziur nago, doktoretza amaitzean Mexikon edo munduko beste tokiren batean ikerketarekin jarraitzeko aukera izango dudala. Gaiak ate asko ireki ditzake. Izan ere, ez dabilenez jende asko ikertzen, zu izan zaitezke gaiari oihartzuna eman diezaiokeen ikertzailea. Beraz, niretzat erronka polita da.

Nolako prozesua jarraitu behar duzu ikerketa egiteko? Zenbat urte?

Doktoretzaren iraupena lau urtekoa da berez eta, gero, kontratu ezberdinen bitartez jarraitzeko aukera dago. Lehen pausoa postdoktoretza egitea izaten da, batzuk hiru urtez egiten direnak. Gero, denbora bateko kontratuak bilatu ohi dira. Astrofisikan ezagunenak ‘Ramon y Cajal’ eta ‘Juan de la Cierva’ bekak izaten dira, Espainiako Gobernuarenak. Ondoren, plaza finkoaren bila joatea izaten da ohikoena. Irakasle eta ikertzaile plazak daude eta, nahi duzunaren arabera, bide bat edo bestea hartzen duzu. Normalean ez da erraza izaten, baina aukerak egoten dira. Zortea izan behar duzu nahi duzun tokian plaza lortzeko, baina dena da borrokatzea.

Askotan aipatu izan da ikerlariek baldintza eskasak dituzuela, zientziaren inguruan inbertsio handirik ez dela egiten... Nola bizi izan duzu hori?

Neure azalean ez dut hori bizi izan, oraindik ez naizelako ikertzen hasi, baina gertuko lagunek diote jasotzen duten laguntza oso eskasa dela. Gehien entzuten duguna da jendea atzerrira joaten dela aukera hobeagoen bila. Batzuk bueltan datoz eta beste batzuk ez. Azken neurrian, diru gehiago inbertitu behar da. Gaur egun, medikuntzan inbertitzen dela entzuten da gehien, baina zientziaren beste eremu askotan ez hainbeste, eta pena da entzutea norbaitek ikerketa bertan behera laga behar izan duela inbertsio faltagatik. Astrofisikari dagokionez, askotan entzun dut ea horren inguruan ikertzeak nolako erabilerak dituen gure gizartean, eta esango nuke erabilera asko dituela. Adibidez, medikuntzara joz, ingeniariek makinak egiten dituzte arlo horretarako, eta beste arloetan ba berdin. Nire iritziz gauza guztietan inbertitu beharko litzateke gehiago.

Beti izan duzu argi zientziaren munduan aritu nahi zenuela?

Hasieran irakaslea izan nahi nuen, baina karrera hasi nuenean ikusi nuen ez nuela hainbeste pazientziarik (barreak). Orduan, hirugarren mailan lehen hautazko ikasgaia hartu nuen, astrofisika, eta hortik jo nahi nuela ikusi nuen. Aholkularitza gaietan ibili nintzen Madrilen urtebetez, baina argi geratu zitzaidan astrofisikan aritu nahi nuela. Bestetik, masterra egin nuenean etorkizunean izan nitzakeen irteerak aztertu nituen eta ikerketaren bidetik jotzea erabaki nuen. Lagunek esaten zidaten aholkularitzaren munduan gelditzeko, diru gehiago ordaintzen zidatelako, baina ez, hasieratik nuen argi ikerketan aritu nahi nuela eta ez naiz gelditu lortu arte.

Arlo horretan Euskal Herrian aritzeko aukerarik ikusten duzu?

Astronomiaren edo astrofisikaren inguruan bai. Adibidez, orain dela urtebete jakin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean planeta-sistemaren inguruan ikertzen diharduen taldea dagoela, baina, ni nebulosen inguruan ikertzen ibiliko naizenez, gai horren inguruan hemen ezingo nuke ikerketarik egin. EHUn astronomia eta astrofisika ikertzaile asko dago eta San Mamesen zientziaren eta espazioko teknologiaren masterra dago, baina astrofisika masterra oso ezberdina da, sateliteen eta ingeniaritzaren inguruan diharduelako gehiago. Beraz, astrofisikan aritzeko aukerak badaude, baina nire kasuan zehazki ez.

Maialen Corres 2nebulosa Trompa de ElefanteMaialen OT 2