Maite Arriaga: “Protagonismoa modeloek izango dute eta jendeak modelo horiek marrazten gozatuko du”

Maite Arriaga: “Protagonismoa modeloek izango dute eta jendeak modelo horiek marrazten gozatuko du”
2023/11/17 11:16
eta kitto!
Musika eta margolaritza uztartuko dituzte bihar iluntzean Ipuruako Merkatu Plazan. Maite Arriaga artista eibartarrak antolatutako ekimenean, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikariaren musikaz lagunduta, herriko marrazkilariak bilduko dira, Zuriñe eta Nika modeloak marrazteko asmoz.

Ez da lehen aldia Maite Arriagak horrelako zerbait antolatzen duena, baina lehenengo aldia izango da Ipuruako Merkatu Plazan. Aurreko edizioetan Biharrian-en egin dute, Ubitxan, eta orain beste giro batean arituko dira marrazkilariak (parte hartu nahi dutenek marrazteko materiala eraman beharko dute: koadernoa, arkatza, kolorea…). Publikoak marrazkiak egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du eta Maite Arroitajauregiren musikak saioa girotuko du, egitasmoari kolorea emanez.

Nolako saioa izango da biharkoa?

Pixka bat sinplifikatuz, irudiak marraztuko ditugu. Hau da, giza figurak. Biharrian-en horren inguruko klaseak ematen ditut eta hori publikoaren aurrera eramatea da kontua. Horretarako, zuzeneko musika lagun izatea modu erakargarria dela pentsatzen dut eta, gainera, Maite Arroitajauregi jende askok ezagutzen duenez, are erakargarriagoa izango da saioa. Esan behar da, hala ere, musika akonpainamendua izango dela, ez da protagonista izango egitasmo honetan. Protagonismoa modeloek izango dute, posatzen egongo baitira, eta jendeak modelo horiek marrazten gozatuko du.

Orduan, musikak saioa girotuko du, baina ez du marrazketan eragingo?

Ez da kontzertu bat izango, marrazketa saio bat baizik.

Modeloak posatzen egongo direla esan duzu, baina zer egingo dute? Mugitzen egongo dira? Geldirik denbora osoan?

Euren lana oso garrantzitsua izango da. Biluzik egongo dira gizakien anatomia marraztu ahal izateko, eta hamar edo hamabost minutuan behin posea aldatuko dute. Emakume eta gizon bana izango dira. Denbora hori lagako diete marrazkilariei, gutxienez zirriborro bat marrazteko denbora eman diezaien. Agian pose batzuk luzeagoak izango dira, baina hori modeloek ikusiko dute, profesionalak dira-eta. Nire klaseetan bai esaten dudala “pose hau orain aldatu” edo “eutsi poseari denbora gehiagoz”, marrazkien prozesua ikusten noalako momentu oro, baina biharko ekintza oso librea izango denez eta oso egituratuta egongo ez denez, hau da, espontaneoagoa izango denez, zirriborroak egingo ditugu gehiago, marrazki perfektuak bilatu baino. Modeloak izango dira protagonista, eurak marraztu behar baitituzte.

Marrazkilariek bozetoak egin ondoren, marrazkiak garatzeko aukera izango dute?

Bakoitzak ikusten baldin badu marrazki horretatik koadroren bat atera daitekeela, nahi duen moduan garatu ahal izango du.

Badirudi saio honetan inprobisazioa sartzen dela asko jokoan. Musikak, jam session bat izanik, horretan lagundu dezake?

Bai, eta polita da. Maiteri hori esaten nion: berarentzat lan hau polita izan daitekeela, ez delako kontzertu bat ematea, baizik eta akonpainamendu bat egitea. Orduan, bigarren postu batean kokatuko da modeloen poseei laguntzen. Hortik gauza interesgarria irten daitekeela pentsatzen dut. Ez naiz musikaria, baina berarentzat polita izan daitekeela uste dut. Berarekin berba egin dudanean, esaten zidan inoiz ez duela horrelakorik egin eta baduela gogoa egiteko.

Sortzeko orduan, margolariei musikak laguntzen dizue?

Bai, lagundu egiten digu.

Normalean, musika jartzen duzue margotzen ari zaretenean?

Nire klaseetan beti jartzen dut musika. Egia da, ostera, isilpean lan egitea ere oso interesgarria eta ona dela. Baina bai, musikak bestelako laguntza bat ematen du.

Nork hartu dezake parte biharko saioan? Gutxieneko trebezia eta jakintza behar da?

Egia esan, egin beharreko lana oso zaila da. Modeloak marraztea ez da erraza, baina saio honetan ez ditugu besteen marrazkiak begiratzen eta epaitzen. Orduan, edonor etorri daiteke, librea izango da, eta umeek ere hartu dezakete parte. Gainera, baten batek etorri nahi badu, nahiz eta ez marraztu, aukera izango du. Musika entzuteko eta modeloak begiratzeko aukera izango du, oso pose politak egiten dituztelako.

Publikoa egoteak marrazkilariei eragiten die sortzeko orduan?

Beno, hemen ez da kontua besteei begiratzea. Bertan sartzen garenean eta giro berezia sortzen denean, gauza horiek desagertu egiten dira. Hau da, jendea ez doa begiratzera batek edo besteak nola marrazten duen, ezta pertsona bat biluzik ikustera ere. Jendea ez doa horretara. Giro artistikoa sortzen da. Bakoitzak bere lana egiten du eta ez du kontuan hartzen albokoak egiten duena.

Esperientzia hori izan duzu aurretik Biharrian-en egindako saioetan?

Biharrian-en bizpahiru aldiz egin ditugu horrela saioak, eta horrela gertatu izan da. Dena dela, ideia hau Argentinan aurkitu nuen, Buenos Airesen, eta ekarri egin nuen. Pare bat aldiz egon naiz han eta proposamen hau asko gustatu zitzaidan. Izan ere, oso lan librea da eta inork ez du inor edo ezer epaitzen. Marrazketa gustatzen zaionarentzat oso egitasmo polita da.

Zer egin behar da biharko saioan parte hartzeko? Aurretik izena eman behar da?

Bertan agertzearekin nahikoa izango da parte hartu ahal izateko. Hasieran izena-emateko epea jartzea pentsatu genuen, baina azkenean iruditzen zaigu bertan agertzearekin nahikoa izango dela. Ea betetzen den. Hori da gure esperantza.

Zerbait ordaindu beharko da?

Kartelean ipintzen duen bezala, parte-hartzaile bakoitzak nahi duena eman dezake, ez du prezio jakinik. Jendeak ekimena baloratzea eta diru pixka bat ipintzea espero dut, diruak balio bat emango diolako. Adibidez, erropa erosten dugunean, diru gehiago edo gutxiago gastatzen dugu. Ba hemen antzera. Diruaren bitartez eman ahal izango diogu balioa ekintzari.

Saioa bihar iluntzean izango da, baina zein ordutan?

19:30etik 21:30era. Bi orduko saioa izango da, eta tartean ordu laurdeneko atsedenaldia egongo da.

Ez da zapatu iluntzerako plan txarra.

Ez, eta gainera zerbezatxo bat edan ahal izango duzu marrazten duzun bitartean, pintxo bat jan… Taberna batean egongo bazina bezala, baina modeloak marrazteko aukerarekin.

jam Seission dibujo 18 NOV