Maite Arroitajauregi gaur iluntzean Plateruenan
Durangoko Plateruena kafe antzokian izango da Maite Arroitajauregi musikagile eibartarra gaur (eguena), 20.00etan hasiko den Kantuaren Kantoia, Jonan Hernández kazetari eta musikariak gidatutako berbaldi musikatuan (sarrera doan). Iaz lehenengoz antolatutako zikloan, kazetariak gonbidatutako artistarekin sortutako jardunari esker, bere ibilbide artistiko eta sorkuntzazkoan murgiltzeko aukera dauka publikoak, esperientziak zein bestelako gogoetak kantuekin tartekatzen dituen saioan.
Bestalde, orain egun batzuk Xabier Montoiak argitara eman duen "Montoiaren mundu miresgarria" disko berriaren grabazioan parte hartu du Arroitajauregik, Ibon Rodríguezekin batera. Eibarren, Legarreko estudioan uztaila eta abuztua bitartean grabatutako lan honek Montoiaren 9 urteko ixiluneari amaiera eman dio eta aurreko lan batzuetan jorratutako soinu elektronikoak eta esperimentazioa baztertuta, hamar kantuz osatutako diskoak kutsu klasikoa du. Mursegoko Maite Arroitajauregik biolontxeloarekin, ahotsarekin, melodikarekin zein pianoarekin jardun du grabazioan. Lana ezagutzera emateko zuzeneko emanaldiak datozen egunotan hasiko dira: hilaren 18an Beran joko dute eta abenduaren 4an, berriz, Eibarren izango dira. Eta abenduaren 8an kantu batzuk joko dituzte Durangoko Azokan, Ahotsenean.