Maite Arroitajauregi: “Musikak irudiak baino indar gehiago du, irudiek eraman ezin zaituzten tokietara eramaten zaitu”
2021/02/05
11:37
eta kitto!
Maite Arroitajauregi jatorrizko musika onenaren Goya saria jasotzeko izendatu dute Arantzazu Callejarekin ‘Akelarre’ pelikulan egindako lanagatik. Musika oinarri hartuta, artista eibartarrak kulturaren arlo ezberdinak arakatzen ditu, arrakastarekin eta publikoaren eta kritikaren onarpenarekin. Zinea, olerkia, hitz-jokoak, soinua, musika... Ez da mugarik Mursegorentzat.
Nola jaso duzu Goya sarietarako izendapena?
Hautagaien artean geunden eta izendapena jasotzeko aukerak genituen, baina ez nuen itxaropen ustelik egin nahi. Lagun batzuek esaten zidaten Espainiako Zinema Akademiako kideak nahiko klasikoak direla eta, gure lana oso klasikoa ez dela ikusita, ez nion buelta larregirik eman. Baina bai, izendatu gaituzte eta oso pozik hartu dut.
Sare sozialetan ikusi dugunez, jendea asko poztu da zure izendapenarengatik.
Izendapena Akademiak egiten digun aitortza da eta pozez hartzen da zure lanak horrelako onarpena jasotzea. Baina gurasoak eta familia hain pozik ikustea eta, bestetik, jendearen zorion-agurrak zintzoak eta beroak direla eta benetan pozik daudela ikustea, demasa da. “Izendapena nirea izango balitz moduan hartu dut”, esan didate, eta horrek asko hunkitzen nau.
Sortzaile moduan, sariei garrantzia ematen diezu?
Inoiz ez naute saritu! (barreak) Ondo dago horrelako aitorpenak jasotzea eta Goya saria berezia da. Ez dut esperientzia askorik zinearen munduan eta nire 3. edo 4. pelikulan izendapena lortzea demasa da. Beste izendatuen inguruan irakurtzen ibili naiz eta batek Ridley Scott zuzendariarekin egin du lan, adibidez. Beste izendatuak Interneten nire izena bilatzen eta ‘Mursego’ entzuten imajinatzen ditut (barreak). Beno, azken batean soinu-bandak egiteko modu asko dago eta gurea ez da estilo sinfonikoa. Zorionez, gero eta gehiago zabaltzen ari da estiloei dagokionez.
Zelan sortu zitzaizun ‘Akelarre’ pelikulan parte hartzeko aukera?
Fernando Franco zuzendariarekin ‘Morir’ pelikulan lanean nenbilen eta Koldo Zuazua ‘Akelarre’ pelikularen ekoizleetako bat nirekin harremanetan jarri zen. Pelikula egiteko asmoa zutela, sorginen inguruan girotuta zegoela eta nik egiten dudan musika ondo egokitzen zitzaiola esan zidan. Handik denbora batera Koldok gidoia bidali zidan eta baiezkoa eman nion, aukera moduan ikusten nuelako. Gogoa nuen horrelako ekoizpen batean lan egiteko eta probatu nahi nuen.
Nolako lana egin behar izan duzu maila horretako ekoizpen batean?
Bakarrik hasi nintzen lanean, Arantzazu geroago sartu zelako. Pablo Aguero zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen eta bere asmoa aktoreek abestea zela esan zidan, euskal musika-tresnen inguruko erreferentziak eskatu zizkidan eta kolaboratzaile moduan zein musikari ikusten nituen galdetu zidan. Poliki-poliki gauzak prestatzen hasi nintzen: albokaren eta ttunttunaren inguruko doinuak bidali nizkion, baina beti ere nire gustuko musikarien eskutik (Beñat Axiari, Mitxel Etxekopar...), nolabaiteko benetakotasuna lortzeko; Lantzeko aratosteetako bideoak ere bidali nizkion; Sanjuanetako kantuak... Hurrengo fasean, aktoreek abestuko zuten kantua euskal kanta tradizional batean oinarrituta egotea eskatu zidan zuzendariak. Euskal kantutegia hartu eta baheketa egin nuen pelikularen gaia kontuan izanda egokiak ikusten nituen melodien artean. Kantak pianoan jo eta abestu nituen zuzendariari bidaltzeko, eta azkenean ‘Anaiai gaztigatu nion’ abestiaren melodia oinarri bezala erabiltzea erabaki genuen. Hortik abiatuta, abestia konposatzen eta maketak egiten ibili nintzen aktoreentzako, eta aldi berean entseatzen hasi ginen.
Beraz, aktoreak ondo abesteko gai izan behar ziren?
Castingean parte hartzea nahi izan nuen, aktuatzeaz gain abestea ere eskatzen zitzaielako. Aukeraketa-prozesua luzea izan zen, baina ni egon nintzen egunean aukeratu zituzten aktoreak: Amaia Aberasturi, Garazi Urkola... Gero, Jone Laspiur hartzea proposatu nuen. ‘Koban’ taldearekin Untzagan zuzenean ikusi nuen eta bere presentziak atentzioa eman zidan. Kontzertu ostean berarekin berba egin nuen, aitxitxa eta amama ezagutzen nituelako (Imanol Laspiur eta Arrate Ibargutxi), eta abar. Kameraren aurrean ondo ikusten da, ondo abesten du eta jatorri eibartarra du, aurrera beraz! (barreak) Eurekin lan espezifikoa egin behar izan nuen, abestiak aktoreen gaitasun bokalaren eta euren pertsonaien izaeraren arabera moldatzea nahi zuelako zuzendariak. Kantu sinpleak direla dirudi, baina mila buelta eman genituen berak nahi zuena lortzeko.
Sinplea iruditzea da zailena askotan.
Azkenean denak du arrazoi bat: nahita aukeratzen da zein pertsonaiek egiten duten duoa, noiz sartzen den koroa... Ander Berrojabilzek arrabita jotzen du pelikularen soinu bandan, asko daki sorginei eta sasoi hartako musikari buruz, eta berarekin berba asko egin eta asko ikasi nuen.
‘Akelarre’ kokatzen den sasoiko musika egiten saiatu zarete?
Zuzendariak sasoi hartako instrumentuak sartu nahi zituen eta Anderrekin horren inguruan egin nuen lan. Inkisidoreek sorginei buruz idazten zuten eta euren kontakizuna gero eta fantasiatsuagoa bazen, aukera gehiago zituzten karguetan gora egiteko. Beraz, orduko gauzak idatziz jasota daude. Bertan akelarreak deskribatzen dituzte eta neskek gorputzean txintxarriak josita zeramatela agertzen da, arrabita ere, alboka, ttunttuna, atabala... Kantuen formei dagokienez, Anderrek esan zidan abestiak musika herrikoitik zetozela eta abesteko errazak zirela, eta hori guztia kontuan hartu nuen.
Aktore gehienentzat lehendabiziko aldia zen horrelako proiektu batean. Nola moldatu zinen eurekin?
Gozamena izan zen eurekin lan egitea. Hemen entseatzen genuen, musika eskolan. Hasieran ez zuten elkar ezagutzen eta moduren baten taldea bateratzen lagundu nuen. Hasieratik esan nien ez nuela esperientzia handirik zinemarako musika konposatzen, baina irakaslea nintzela eta denon artean aurrera egingo genuela eta euren ekarpenak ongietorriak izango zirela. ‘%100 Oion’ proiektuaren esperientziak asko lagundu zidan zentzu horretan: jende askorekin lan egiteak, ahotsarekin, koroarekin... ‘Akelarre’-ko aktoreekin talde polita sortu genuen eta elkarri laguntzen zioten beharra zutenean.
Arantzazu Calleja noiz sartu zen proiektuan?
‘Akelarre’ egitea bereziki luzea eta zaila izan da. Ekoizleek esan zidaten abesti batzuk egin ondoren txeloak eta abar sartuko zituztela eta nire lana amaituko zela. Zuzendariak, ostera, orkesta bat sartu nahi zuen. Ordurako Axier Altunarekin ‘Arzak’ dokumentalean lanean hasita nengoen eta nahiko itota nebilen. Orduan, ‘Akelarre’-ko ekoizleek beste kide batekin lan egiteko aukera eman zidaten eta Arantzazu Callejarekin aritu nahi nuela esan nien, bere lana asko gustatzen zitzaidalako. Postprodukzioan Arantzazurekin lanean hasi nintzen eta oso ondo moldatu ginen. Polita izan zen zuzendaria konbentzitzeko egin genuen ariketa. Azken batean, pelikularen musika gurea da.
‘Akelarre’-n musikak bereziki du garrantzia?
Bai. Kontu horri ez diot buelta askorik eman, baina prentsaren aldetik mezu hori jaso izan dut. Musikak narrazioari asko laguntzen diola diote. Orokorrean, niri gustatzen zaidan zinean apenas dago musikarik, musika diegetikoa dago. Hau da, eszenan agertzen den musika (adibidez, pertsonaiak irratia entzuten badu, irratitik entzuten den musika). Horrek errealismo gehiago ematen dio. Hala ere, lehen esan dudan bezala, soinu-bandak egiteko modu asko dago. Adibidez, orkestrazioa ez zait gehiegi interesatzen, baina beste alde batetik asko gustatzen zait Hildur Guðnadóttirrek (Joker, Chernobyl...), Mica Levik (Jackie, Monos...), Johan Jóhanssonek (The Theory of Everything, Arrival...) eta Olivier Arsonek (El Reino, Antidisturbios...) egiten dutena.
Musikak nola eragin dezake pelikuletan?
Musikak demaseko indarra du eta irudiek eraman ezin zaituzten tokietara eramaten zaitu. Lagun batekin komentatzen nuen bezala, musikak manipulatu egiten zaitu eta batera edo bestera eramaten zaitu. Orokorrean, manipulazio hori ez zait gehiegi gustatzen. Pelikula bat ondo eginda badago eta eszena batek zerbait indartsua kontatzen badu, ez luke musikarik beharko. Zentzu horretan, behintzat, musikaren kontrakoa naiz. Musika irudiei laguntzeko erabili daiteke, pertsonaientzako egin daiteke edo pertsonaietan sartzeko. Adibidez, Hildurren musikarekin Jokerren pertsonaian sartzen zara, baina ‘Indiana Jones’ pelikularen doinua entzunez gero ez zara pertsonaian sartzen, baizik eta pertsonaia azpimarratzen du, Indiana Jones datorkizulako burura. Gero, soinuaren garrantzia azpimarratuko nuke. Nik ez dut bereizten soinuaren eta musikaren artean. Soinuarekin lortzen denak du garrantzia. Soinuarekin musikaltasuna lortu daiteke eta soinuaren bidez irudiekin esaten diren gauzak lortu ahal dira. Zentzu horretan oso interesgarria egiten zait Lucrecia Martelek egiten duena (La cienaga, Zama...), soinua asko lantzen duelako.
Ikus-entzunezko proiektuetan (Akelarre, Amama, Arzak, Lanbroa, Morir, Filmoteca Españolarekin elkarlana...) hartu duzu parte azkenaldian. Nondik datorkizu zinearekiko zaletasuna?
Zinemazalea naiz eta, musikaria izanda, pelikuletako musikan fijatzen naiz. Argi dut musikak irudiak baino indar gehiago duela. Modu naturalean murgildu nintzen ikus-entzunezkoetan eta horrela jarraitzen dut. Proiektu bakoitzean asko ikasi dut eta ikus-entzunezkoenganako interesa gehiago elikatzen da horrela. Datorren urtean Victor Iriarte zuzendariaren bigarren luzemetraian hartuko dut parte, Fermin Muguruza ‘Black is Beltza 2’ egiteko asmoarekin dabil, Filmoteca Españolarekin egindako lana zuzenean eskainiko dut Tabakaleran (Donostian)...
Eta Mursego moduan zerbait egiteko asmoa duzu?
Esku artean ditudan gauza batzuk amaitzean Mursegorekin berriz martxan jartzeko asmoa dut. Hala ere, beste proiektuetarako sortzen ditudan gauza batzuk gero ez badira erabiltzen, Mursego bezala erabiltzeko aprobetxatzen dut. Beraz, Mursego beti dago presente.