Manex Beristain: “Ama galdu duen ume baten erresilientzia aldarrikapena da ‘Azken galdera amari’ ipuina”
Gertaera erreal batean oinarrituta dago istorioa, eta Ekain izeneko haurraren eta Mirari amaren arteko maitasun istorio gordin bezain samurra kontatzen du. Lehen pertsonan bizitakoa azaleratzen du Beristainek eta, horren bitartez, haurrekin doluaren gaia lantzeko aukera ahalbidetzen du.
Aurrekoan barreterapia saioa eskaini zenuen eta oraingoan oso bestelako gai bat landuko duzu: dolua. Bi muturretan dauden gaiak dira edo, moduren batean, elkarri lotuta daude?
Ez dakit zer esan. Inertzia baten edo gertaera ezberdinen ondorioz iritsi naiz bide horretara. Egia da kasu bietan barne mugimenduak sortzen direla, emozioak aktibatzen direla. Barreterapiak alaitasunekin eta bere barruko ume horrekin konektatzea ahalbidetzen dio jendeari, eta doluaren kasuan, heriotza lantzen da. Muturreko gaia dela dirudi, baina heriotza bizitzaren parte da eta, neurri horretan, barre mugimendu horiek sortzen diren neurrian, gauzak pizten dira. Ying eta yang izan daitezke gauza biak. Dena dela, ez naiz azalpenik bilatzen saiatzen. Gauzak horrela dira, eta kitto. Jendeari txokatu egiten dio bi gauza hain ezberdinak izatea, baina osagarriak dira, bizitza eta heriotza bezala.
‘Azken galdera amari’ da idatzi duzun liburuaren izenburua. Zer azaldu daiteke lanaren inguruan?
Benetako gertaera batean oinarrituta dagoen ipuina da, euskaraz eta euskaratik egindakoa, Euskal Herrian gertatutako istorio batean oinarrituta. Protagonistak Mirari eta Ekain dira. Horrela dute izena benetan, gainera. Bere garaian, beste izen batzuk jartzekotan egon nintzen, baina, izenak aldatuz gero, ipuina ezberdina izango litzatekeela pentsatu nuen, eta modu gordinean, ipuina errealitatearekin batera joan zedila erabaki nuen. Bertan, Ekain semearen eta Mirari amaren arteko harremana jorratzen da. Bederatzi urteko Ekainek, hiru urte zituenenean ama nola gaixotu zen eta orduan bizitako prozesua kontatzen du. Gero, amarekin amesten du eta dolu-prozesu horretan galderak egiten dizkio amari (galdera horiek Ekainek niri egin zizkidan ama hil zenean), eta amak erantzun egiten dizkio. Galdera unibertsalak dira, umeek orokorrean egiten dituztenak. Heriotzaren inguruan kuriositatea sortzen hasten zaienean, 5-6 urterekin, galdera horiek egiten dituzte eta horien aurrean helduok deseroso sentitzen gara. Galderak jakinmin baten ondorioz sortzen dira. Heriotza ulertu nahi dute, baina batez ere bizitzaren prozesua. “Hemen nago, baina nire inguruan gauzak gertatzen dira. Animaliak hiltzen dira, natura eraldatzen doa, lagunen baten aitona edo amona hilko da...”, horren guztiaren azalpena nahi dute. Zentzu horretan, Ekainek gauzak jakin nahi zituen eta nik ahal nuen moduan erantzun nizkien bere galderei. Azken neurrian, ipuina erreminta bat da.
Ipuina umeei zuzentzen zaie edo helduentzat ere baliagarria da?
Helduentzat ere lagungarria da. Ipuinaz haratago, hezkuntza komunitatean erabili daitekeen tresna pedagogikoa da. Gida bat bezalakoa da. Gai asko lantzen ditu: minbizia, zaintza, maite dugun pertsona nola agurtu, agurtzearen garrantzia, dolua, bizitzarekin berriz bat egitea... Ama galdu duen ume baten erresilientzia aldarrikapena da.
Zuretzat nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Urte luzeetako prozesua izan da. Urte askoan zehar, errelato bat eduki nuen. Mundu guztiari kontatzen nion zer gertatu zitzaigun eta gertatu zitzaidan hori bihurtu nintzen ia-ia. Orduan, konturatu nintzen hori baino gauza gehiago nintzela: aita, laguna, irakaslea, psikomotrizista... Gau batean, hori guztia paperera eraman nuen eta han zerbait zegoela konturatu nintzen. Hau da, posible zela hortik ipuin bat edo zerbait sortzea. Orain dela urte bi idatzi nuen ipuina eta nolabaiteko fikziozko alderdia gehitu nion, hau da, ametsaren partea. Ipuina biltzen eta lagungarriak izan daitezkeen erremintak eskaintzen laguntzen duela uste dut. Liburua idaztea oso askatzailea izan da. Gauza asko soltatzen lagundu dit eta semeari asko lagundu dio emozio pila bat ateratzeko, amaren oroitzapenari lekua egiteko, eta abar. Prozesu potentea izan da, baina berriz ere bizitzarekin konektatzen lagundu digu.
Liburua herri askotan aurkeztu duzu. Nolako harrera izan du? Lagungarria izan da jendearentzat?
Oso harrera ona izan du. Ez nuen ezer espero. Lehen aurkezpena gonbidapen bidez egin genuen eta jende pila bat etorri zen. Orduan, toki ezberdinetara deitzen hasi nintzen eta interesa pizten zuela ikusi nuen. Gaiarengatik eta gaia nola planteatzen den moduarengatik izango zela uste dut. Herri askotan aurkeztu dut, ipuina jende askorengana ari da iristen eta jendea oso eskertuta dago. Lehen ez zegoen espazio bat bete du ipuinak. Ipuin asko daude heriotzaren inguruan, baina benetako gertaeretan oinarritutako ipuin gutxi, eta euskaraz eta Euskal Herrian gertatutakoak are gutxiago. Ipuina gordina da, baina aldi berean zerbait sakonarekin konektatzen zaitu, benetako egia horrekin. Gure bizitzan zurrunbiloaren barruan murgilduta gaude eta batzuetan gelditu beharra dugu benetan garrantzitsua den horri heltzeko.
Batzuetan, umeak babeste aldera, heriotzaren eta doluaren gaia ez da eurekin lantzen. Horri buruz eurekin berba egitea beharrezkoa da?
Intentzio onenarekin babesten ditugu umeak, baina azkenean gure burua babesten dugu, ezin dugulako min horrekin, gure minarekin. Umea bere prozesua eramateko gai izango dela konfiatu behar duzu (bere tristura, mina, amorrua...). Umea babesteko aitzakiarekin, gauzak leundu egiten ditugu edo gaia baztertzen dugu, baina umeak galdetzen jarraitzen du, jakin egin nahi duelako. Prest dago erantzuna jasotzeko. Orduan, momentu pribilegiatu hori aprobetxatu behar da. Galdetzen duenean, aukera dugu gelditzeko, esertzeko, begietara begiratzeko eta erantzuteko. Horrela, umeak ez du zertan sortu bere pelikula paraleloa. Umeak galdetzen badu eta ez badiozu erantzuten, bila jarraituko du eta nonbaiten bere pelikula egingo du bere zalantzei zentzua emateko.
Umeek eta helduek dolua ezberdin bizi dute? Prozesua elkarrekin egin ahal da?
Bakoitzak bere modura bizi du dolua, oso pertsonala da. Bakoitzak bere erritmoak ditu. Dolua ez da zerbait lineala. Barruko zauriak sendatzeko espazio eta denbora bat da. Prozesu unibertsala da, mundu guztiak du doluaren momentu hori eta, sentitzen eta sendatzen zoazen neurrian, aurrerapausoak ematen dituzu, baina beti daude atzerapausoak. Umeak guri begira daude eta, beraz, helduak dolu bikoitza egin beharra du: norberarena eta, era berean, umearen doluari eutsi behar dio. Askotan, doluaren bidea umeek markatzen dute (galderen bidez, ateratzen dituzten emozioen bidez...). Bakoitzak bere modura bizi du dolua eta garrantzitsua da hori errespetatzea.