Manex Beristain (barreterapeuta)“Alaitasuna eta samurtasuna oinarrizkoak dira norberaren ongizaterako”
Laster Eibarren izango zaitugu barreterapiako bi saio eskaintzen. Zer landuko da bertan?
Bi tailer izango dira eta oinarrian alaitasuna, samurtasuna eta sormena izango dute. Aspektu horiek barreterapiaren metodoaren bidez landuko ditugu. Barreterapia, hitzak esaten duen bezala, terapia mota bat da. Egitura bat dauka, hau da, atal desberdinak ditu eta saioak oso ondo pentsatuta daude, helburu konkretuak dituzte. Etorriko direnei egokituta egongo dira. Kasu honetan, martxoaren 2an helduentzako tailerra izango da (16 urtetik gorakoentzat); eta martxoaren 25ekoa familientzako diseinatuta egongo da.
Zer bilatzen da tailer horien bidez? Zer espero dezakegu?
Lanketa konpartitua egingo dugu. Bi kontzeptutan oinarrituko gara: alaitasunarekin konektatzea eta samurtasunarekin konektatzea. Norberaren ongizaterako, barne bakerako edo barne indarrerako oso kontzeptu inportanteak dira. Horretarako erabiliko ditugun tresnak jolasa (banaka, binaka, taldean), sentsazio desberdinak iradokitzen dizkiguten erritmo desberdineko musika eta barrea izango dira.
Derrigorrezkoa da, beraz, barre egitea?
Ez da derrigorrezkoa barre egitea. Hori esaten dugunean jendea asko lasaitzen da. Nahiz eta mundu guztia barrez lehertzen egon, momentu konkretu batean barre egiteko gogorik ez daukadala onartzea, hori kriston lanketa da. Orduan norberak juizioak edo epaiketak alde batera lagatzen ditu eta besteen barreekin disfrutatzen hasten da. Eta hor seguraski konektatuko du bere barrearekin. Barrea, gorputzeko muskulo bat den heinean, entrenatu egiten da; gero eta gehiago entrenatu, orduan eta errazago ateratzen zaigu, eta orduan eta prestutasun handiagoa izango dugu gauza txikiekin barre egiteko.
Alaitasuna eta samurtasuna aipatzen dituzu behin eta berriro tailerrei buruz berba egiten duzunean.
Barreterapia hitzak pisu handiegia dauka eta, horregatik, alaitasun eta samurtasun tailerra deitzea gustatzen zait. Lehen tailerra izango denez, nahiko basikoa izango da, baina helburua bada sakontasun maila batera ailegatzea. Ni ez nago jendea distraitzeko (horretarako badaude beste leku batzuk). Tailerraren bidez oinarri batzuk eta gutxieneko sakontasuna lortzea da nire helburua. Zoriontasunaren eta alaitasunaren artean desberdintzea gustatzen zait. Gizarte honetan zoriontasunerantz joateko hezi gaituzte. Nik alaitasuna deskubritu dut eta zerbait iraunkor bezala ikusten dut. Kanpamentu base moduko bat eraiki dut momentu zailetan horra joateko, bake tenplu txiki horretara joateko, alegia. Zoriontasuna, berriz, beste gauza bat da. Lagun batekin pote bat hartzen zoriontsua naiz, baina momentu horiek difuminatu egiten dira. Alaitasuna gehiago da gure barruan modu iraunkor batean eraiki dezakegun sentsazio bat, tresna bat. Une zoriontsu asko biziko ditugu tailerretan, baina funtsean alaitasunaren tenplua eraikitzen joango gara.
Gaurko gizarteak ez du asko laguntzen alaitasunaren tenplu hori eraikitzen, ezta?
Harriz harri eraikitzen da. Niri bizitza ez dit aldatu, baina bizitzarekiko jarrera aldatu dit. Bizitzak berdin-berdin jarraituko du kolpeak ematen (gaixotasun moduan edo espero ez dudan notizia moduan), baina horren aurrean beste tresna batzuk izango ditugu. Niri asko lagundu dit gauzak soltatzen, espektatibak pila bat jaisten... Erakutsi dit bizitza erraz bizitzen. Saioetan egiten ditugun dinamikak kontrastezko dinamikak dira (nola sentitzen garen jakiteko, barruko amorrua ateratzeko...), samurtasun-dinamika bat sartzen dugu, gero barruko zoro hori ateratzen dugu, meditaziora pasatzen gara... Kontraste eta erritmo handiko tailerra da. Jakinmin handia daukaten pertsonentzako tailerrak direla esango nuke.