Manu Egaña: “Arbasoek irakatsitako lan egiteko moduak ardatz jarrita, industria etorkizunera eraman nahi dugu”

Manu Egaña: “Arbasoek irakatsitako lan egiteko moduak ardatz jarrita, industria etorkizunera eraman nahi dugu”
2021/01/18 08:36
eta kitto!
Basque Precision Technology Districtek (BPTD) Manu Egaña izendatu du presidente, Eduardo Zubiaurreren lekukoa hartuz. BPTD Debabarrenako enpresari-talde baten ekimenez sortu zen 2019ko maiatzean eta distrituan edo barrutian industria-jarduera berria sortzen lagundu nahi du. Mota eta tamaina ezberdineko enpresek eta erakundeek osatzen dute BPTD, eta elkarlana da bereizten duen elementua.

 

Nolako jarduna izan du BPTDk hasierako urte eta erdian?

2019ko maiatzetik urte amaierara proiektua sortzen ibili ginen. Hau da, BPTDko kideen artean berba egiten eta kudeaketa-plana lantzen 2020ra begira. Beraz, lehen ekitaldi osoa 2020an egin dugu, inork ahaztuko ez duen urtean. Urte gogorra izan da guztiontzat, baina estres-froga oso interesgarria izan da era berean. Izan ere, proiektuak ez balitu izango bere sustraiak ondo landuta, hil egingo litzateke, enpresek ez zutelako aguantatuko 2020. urtea. Kudeaketa-plana bete dugu. Nola? Beste askok egin bezala, planifikatuta genituen hainbat ekintza modu digitalean eginez (bilerak, tailerrak, prozesu parte-hartzaileak…). Horrek esan nahi du BPTDren atzean dagoen grina indartsua dela. Izan ere, ezberdinen arteko aliantza bat da distrituarentzat helburu estrategikoak lortzeko.

 

Zeintzuk dira BPTDren helburu nagusiak?

Hiru helburu nagusi ditugu. Batetik, jarduera ekonomikoa bultzatzea. Industria garatu nahi dugu, industria indartsua duen herriak kalitatezko enplegua eta gizarteko ezberdintasunak murriztea lortzen dituelako, eta pandemiarekin ikusi dugun bezala, beste industria indartsu batekin gutxiago sufritzen delako beste sektore batzuekin alderatuta. Sektore guztiak landu behar dira, noski, baina baita industria ere. Debabarrenan zerbait badugu, izaera industriala da. Barrenean daramagu eta gure iraganaren parte da. Guk, arbasoek irakatsitako lan egiteko moduak ardatz jarrita, industria etorkizunera eraman nahi dugu. Bigarren helburu nagusia berrikuntza teknologikoa da. Distrituan zentro teknologiko eta akademikoak ditugu, eta BPTD ekosistema horri laguntzera dator. Eta hirugarren helburua talentuaren inguruan zentratzen da. Ekosistema industriala bultzatu nahi dugu talentua garatzeko eta hemen dugun talentua bertan geratzeko, euren ibilbide profesionala garatzeko atzerrira joan behar izan barik. Distritua mapan jarri nahi dugu. EAEn bi edo hiru gune nagusi ditugu (hiriburuak), eta guk ez badugu esaten hemen gaudela, lana ondo egiten dugula, jakintza dugula eta esku artean proiektu asko ditugula, aipatutako guneak aspiragailu indartsuak dira eta hemengo baliabideak xurgatzen dituzte. Beraz, BPTD distrituko gizarteari laguntzeko jaio da, gure aldeko apostua egin behar dugula esateko.

 

Beraz, atzerrian BPTD marka zabaltzeaz gain, hemen ere lana egiten diharduzue industria baloratzeko?

Alde bietan egin behar da lan. Gure artean ezagutza partekatu behar dugu eta hortik gauza berriak lortu; eta, era berean, kanpokoentzat interesgarriak izan behar gara inbertsioak egin ditzaten. Asko sufritu dugu, aurreko krisia kolpe latza izan zen, baina gauza garrantzitsuak eta indartsuak lortu ditugu eta hori baloratu behar dugu. Guk kontakizun hori sortzen laguntzen dugu, etorkizunera begira gauzak modu positiboan jartzeko.

 

Webgunean jartzen duzue bost proiektu dituzuela martxan. Zeintzuk?

Aipatutako hiru helburuei lotuta proiektu ezberdinak ditugu. Baten bat aipatzeko, konpetentzia-mapa bat landu dugu. Mapa horretan gure enpresek gaur egun duten eta etorkizunean izango dituzten beharrak zeintzuk diren ikusten dugu. BPTDko kideen artean geure gaitasunak (ezagutza teknologikoak eta zeharkako ezagutzak) zeintzuk diren jaso dugu eta jasotakoa eskualdeko hezkuntza zentroekin partekatu dugu, gaia eurekin lantzeko. Horrela, arlo horretan dauden hutsunean ikusi ditzakegu. Adibidez, ikusi dezakegu etorkizunean enpresetan perfil jakin bateko jendea beharko dela eta hori hezkuntza-sistemak eskaintzen duenarekin alderatzen dugu, bat datorren edo ez ikusteko. Gainera, BPTDk bultzatzen duen gobernantza-ereduarekin, enpresen eta hezkuntza-zentroen arteko hartu-emana ez da gaiaz berba egiteko geratzen diren bi aldeen artekoa, enpresak eta hezkuntza-zentroak BPTDren barruan daudelako elkarlanean arituz. Denok ekosistema horretan egoten saiatzen gara, ez izatea ezberdinen arteko elkarrizketa bat. Bestetik, berrikuntza teknologiekin proiektuak garatzen dihardugu teknologia- eta hezkuntza-zentroetan. Doikuntza teknologietan gure jakintza zein den hausnartzen eta sektorearen abangoardia teknologikoa bertako enpresetara ekartzen saiatzen ari gara. Hau da, errealitate bihurtzen. Beste proiektu batek barne-ekintzailetasunarekin du lotura. Izan ere, kide diren enpresen artean hausnarketa egin dugu garatzeko duten proiektuak ezagutzeko. Ikusi dugu gutxienez 15 enpresatan proiektuak dituztela garatzeko eta hainbat arrazoirengatik ezin izan dutela oraindik aurrera egin (egunerokoan murgilduta daudelako, denbora faltagatik, ez dutelako finantzazioa aurkitzen…). Beraz, diagnostikoa eginda, elkarlanean proiektu hauek nola aurrera eraman aztertzen gabiltza. Elkarlana eta eskuzabaltasuna garrantzitsuak dira guretzat, baina ez da erraza, kultura berri batekin egunerokora eraman behar ditugulako.

 

Nola eragin du pandemiak BPTDren jardunean?

Batetik, gure funtzionatzeko modua berrasmatu dugu, eta pozik gaude lortutako parte-hartzearekin eta kudeaketa-plana aurrera eraman ahal izateagatik. Bestetik, pandemiak demaseko inpaktua izan zuen enpresetan martxoan eta apirilean. Orain, enpresa guztiak ari dira sufritzen, baina batzuek eskaerei eta produkzioari eusten ari dira eta urte zailean aurrera egiten. Beste batzuk gehiago ari dira sufritzen. BPTDn geure burua zaintzean jarri dugu fokua: ahalik eta gehien laguntzen, bizi dugun egoera ulertzen, ahal den neurri guztiak jartzen ingurune seguruan lan egiteko…

 

Presidente moduan zer urte duzu eskaini ahal diozula BPTDri?

Lana, konpromisoa eta guztion ongizatea bilatzea. Azken finean hau bolondres lana da eta egiten dugun horretan benetan sinisten dugulako gaude hemen. Pentsatzen dugu egiten dugun lana ona izango dela bertako industriarentzat eta gizartearentzat. Niretzat ohorea izan da batzarrak ni aukeratzea proiektu honen lidergoa eramateko, baina azken finean talde-lana da. Batzarrean lan handia egiten dugu eta Debegesak ere demaseko beharra egiten du. Batzarreko kideok gure lana dugu eta ahal dugun guztia eskaintzen diogu BPTDri, baina Debegesaren idazkaritza-teknikoko lanari esker jarraitzen du bizirik egunerokoan.