Manu Goiogana (bertsolaria): “Bertso Eskolan gaztetxoek primeran pasa dezakete”
- Zenbat kide zarete Eibarko bertso-eskolan?
Bost edo sei ikasle elkartzen dira Aimar Goenagarekin, hamabi urte ingurukoak. Hau euren bigarren urtea da. Aurretik beste talde bat zegoen, orain hamasei edo hamazazpi urte izango dituztenak, baina uzten joan ziren. Askotan bertso-eskolara apuntatzen direnak denetara apuntatzen direnak dira eta gero gehienek utzi egiten dute beste zerbait nahiago dutelako, edo ordutegia egokia ez delako… Irakasle eta antolatzaileak, berriz, orain lau pertsona gara, eta hori oso gutxi da, kontuan izanik dauden bertso-saio gehienak gure eskuetatik pasatzen direla, izan gaiak jartzeko, izan antolatzeko,...
- Zergatik ez dira gazte gehiago animatzen?
Kontua da, eta alde honetatik desbentaja dugu, futbola, kirola, dantzak eta horiek denak zortzi edo hamar urterekin hasten direla. Bertso-eskola zortzi urterekin hasteak zentzu askorik ez duela uste dut. Jolas batzuk edo egingo zituzten beharbada, baina bertsotan hasteko hizkuntzari dagokionez maila bat izan behar duzu. Beraz, gurekin hasten direnerako, hamairu bat urterekin, ez dakit zenbat eskolaz kanpoko ekintzetan ari diren jadanik.
- Nola ikusten duzu bertsolaritza Eibarren?
Eibarren bertso-saioen eskaintza badago urtean zehar, baina ez da herri oso bertsozalea, uste dut. Potentziala badago Eibarren, zalantzarik gabe, eta badut sentsazioa pixka bat tira egin behar diozula bertsozaleari hurbiltzeko, eta hori horrela ezin da izan. Gure lana eskaintza ematea da, eta jendearen eskuetan dago etortzea eta disfrutatzea.
- Joan den astean izan ziren pare bat saio Eibarren…
Aurreko asteburuan Gipuzkoako Bertso Eskolen eguna egin zen Eibarren, eta oso egun polita izan zen. Hor ikusten da gazteek ondo pasa dezaketela bertsoaren bueltan. Eta barixakuan Plazatik Gaztetxera izan zen Eibarko gaztetxean; gazteak bertsotan animatzeko proiektu ona dela uste dut.
- Bertso-bazkari eta afariak edo txapelketak nahiago dituzu?
Nik hobeto pasatzen dut bertso-afarietan, baina horra iristeko eskaparate handiena txapelketak dira. Beraz, txapelketak derrigorrezkoak edo badira gerora aukera gehiago izan ahal izateko. Dena dela, edozein tokitan bertsotan ibiltzean gure saiorik onena egin behar dugu; Nahiz eta eszenatokia eta bertsoaren eta ikuslearen exigentzia desbedina izan, errespetuz, maila berean izan behar gara. Egia da txapelketarako gehiago entrenatzen garela, baina emaitzak urte osoan nabari dira.