MARCOS JUARISTI, Musika Eskola: “Ikasleei egokitzen zaien metodoa erabiltzen dugu”

MARCOS JUARISTI, Musika Eskola: “Ikasleei egokitzen zaien metodoa erabiltzen dugu”
2017/06/16 09:20
eta kitto!
“Denek balio dute musikarako, gauza da batzuk gaitasun horiek ezkutuan dituztela”. Marcos Juaristi Musika Eskolako zuzendari pedagogikoak herriko ume guztiei zabaldu die musika ikasteko aukera. Datorren ikasturteari begira lanean ari dira jada eta berriki eman zuten jakitera 1. maila eskainiko dutela lehen aldiz. Izena emateko epea zabalik dago eta lehen egunean 27 umek eman zuten izena.

 

-Ikasturtea amaitzear dago. Zein balorazio egiten duzue?

Helburuak bete ditugu. Batetik, herriko ekintzetan parte hartu dugu eta, bestetik, ikasle kopurua mantendu dugu. Krisiarekin listoia jaitsi zen eta, beheko marra jo ostean, gora goaz. Gaur egun haurrek alternatiba asko daukate eskolatik kanpo eta, agian, musika ez da lehentasuna lehengo moduan.

-Maila pedagogikoan, nola joan da ikasturtea?

Betiko moduan. Haurrek ondo ikasten dute, baina egia da gaur egun pixka bat alferragoak direla. Mugikor eta horrelakoekin dena daukate eskura eta pentsatzen dute behatza pasatuta ikasten dela, baina musika ikasteko gainean egon behar zara, errepikatu, eta uste dut hori ez zaiela asko gustatzen. Gauzak hamar aldiz errepikatu behar dute eta irteten ez bazaie, aspertu egiten dira eta azkar aldatu nahi dute. Emaitzak bizkorregi lortu nahi dituzte.

-Beraz, nola egin erakargarri musika umeentzat?

Metodologia aldetik nahiko zahar jarraitzen dugu. Aurrekontu eta inbertsio handiak beharko genituzke aldatzeko, batez ere azken teknologietan. Notak arbelean idazten jarraitzen dugu eta umeek, gaur egun, bideoklip moduan jasotzen dituzte mezuak. Musika irakasteko moduak horretara bideratu beharko dira etorkizunean. Gu malguak gara, eta ikasleei egokitzen den metodoa erabiltzen dugu. Zurrunak bagara, ez dut uste umeek erantzungo dutenik. Nahierara irakasten dugu musika. Ez da irakaskuntza arautua, beraz, ikasleei egokitzen gara eta umeak ondo sentitzen dira. Musikarentzat garai ona da, baina hobeak bizi izan dira.

-Musikak zer eskaintzen dio ume bati?

Batetik, artean formakuntza. Pertsona baten formakuntza osoa aintzat hartuta, musikak zati handia hartzen duela pentsatzen dugu. Gauza asko ikasiko ditu: errespetua, taldekideekiko konpromisoa, taldekideekin elkarlanean aritzea eta entzutea, besteak beste. Bestetik, akademikoki ere onura asko ditu musikak. Musikan erabiltzen diren formula asko irakaskuntza normalean aplikatu daitezke. Unibertsitate ikerketa askok diote musika eta arteak ikasten dituzten umeak askoz hobeto ibili izan direla irakaskuntzan. Aberastasun hori ekartzen du.

-Musika eta hezkuntza lotuta joan behar dira beti?

Bai musika, bai beste motako arteak. Musika garrantzitsua da eta herri honetan ez zaio behar beste garrantzia ematen. Sormen eta garapenean laguntzen du, eta ikasle askoren autoestimua altxatzen du.

-Datorren urtean 1. maila eskainiko duzue. Musika ikasten lehenago hastea “berebizikoa” dela esan zenuten prentsaurrekoan. Zergatik?

Ikasturte berrian hasiko diren umeak urte batzuk barru 2. mailara heltzen direnean ikusiko da lehenago hasteak duen garrantzia. Orain 2. mailan sartzen dira zuzenean eta askok ez daukate trebetasuna mugimendu eta erritmoan. Gero instrumentua hartzen dute eta ‘berde’ ikusten dituzu. Uste dugu haurrak trebatuagoak helduko direla 2. mailara, beraz, formakuntzaren kalitatea hobetuko da. Denbora beharko da emaitzak ikusteko. Lau urtekoek, gainera, ikasteko erraztasuna daukate eta naturala egiten zaie gero hizkuntza musikala ikastea, edozein hizkuntza ikastea bezala. Erraza egiten zaizun gauza batean jarraitzea eramangarriagoa da eta, aldiz, asko kostatzen bazaizu, baztertu egiten duzu.

-Nolakoak izango dira klaseak?

Mugimenduak musikarekin erlazionatuko dituzte, erritmoak bereizten hasiko dira, gorputzarekin erritmo horiek errespetatzen ikasiko dute, inprobisatu eta sortzen hasiko dira, psikomotrizitatea hobetuko dute, entzuten ikasiko dute, hitz egiten lagunduko die, baita errespetatzen ere... gauza asko! Hizkuntza musikala barneratzen hasiko dira konturatu gabe.