MARíA LUISA BLASCO, idazlea: “Oso pertsona irudimentsua naiz”

MARíA LUISA BLASCO, idazlea: “Oso pertsona irudimentsua naiz”
2017/05/16 10:41
eta kitto!
María Luisa Blascok pintzelak albo batera utzi eta teklak astindu ditu ‘Retrato enígmatico’ nobela argitaratzeko. Ez da margolari eibartarrak sortu duen eleberri bakarra, baina bai argitaratzen duen lehena. Aker, sorgiñak, Mari eta, horren inguruan, Manuel gizakiaren eta Isabela lamiaren arteko amodio istorioa batzen ditu Soraluzen bizi den artistaren lanak. Gaur (asteartea) bere liburua aurkeztuko du Mateo Guilabertekin batera 19:30etan Portaleko areto nagusian.

 

-Anbotoko Dama margotzen sortu zenuen liburua. Nola, ba, horrela?

Trilogia bat egiten nengoen Gaueko, Anbotoko Dama eta Artzaina eta Lamiaren inguruan, idatzi dudan lehen nobela mitologikoan inspiratuta. Batzuetan, margotzen zaudenean, estasira iristen zara nahi duzuna lortzen duzunean. Momentu horretan mihiseaz harantzago joan nintzen eta hor erabaki nuen istorioarekin jarraitzea. Anbotori, Anbotoko Damari eta bestelako pertsonaiei bizia eman nien.

-Zer da hortik irten dena?

Erraldoien artean mugitzen da eleberria. Urkiola eta Zugarramurdiren artean kokatzen da; hau da, Marik ordezkatzen duen alde zuritik, akelarreek irudikatzen duten alde beltzera. Pertsonaia mitologiko asko agertzen dira, eta gizaki bakar batzuk ere.

-Non dokumentatu zinen mitologiaren inguruan?

Barandiaranekin dokumentatu nintzen, horrela gomendatu zidatelako Soraluzeko hainbat pertsona nagusik. Bere lana ozeanoa bezain handia da eta liburuari ondo egokitzen zaizkion pertsonaiak hartu nituen. Asko zaindu dut pertsonaia bakoitzaren rola errespetatzea, mitologia delako, eta Barandiaranen lanetan agertzen dena zintzo jarraitzen dut.

-Nondik datorkizu mitologiarekiko pasioa?

Oso pertsona irudimentsua naiz. Margotzerakoan ere lan surrealista eta figuratiboak egiten ditut.

-Nola eman duzu margotik literaturarako jauzia?

Idaztea ez zegoen nire planetan, baina erakusketa batean arte kritikari batek nitaz galdetu zuen nire margolanak atentzioa deitu ziolako eta hor hasi zen dena. Margotzeko orduan zein estilo nuen galdetu nion, nire burua besteekiko ezberdina ikusten nuelako, eta esan zidan nik egiten nuena lirikoa zela, pintzela duen poeta nintzela eta munduan estilo horretako gutxi zeudela. Orduan, pentsatu nuen poesia, margotzea baino, idazteko errazagoa izango zela. Egun batean, bidegorrian pasioan nebilela, errimatutako esaldiak burura etortzen hasi zitzaizkidan. Etxera heltzean errima horiek idatzi nituen eta hori izan zen nire ibilbide literarioaren hasiera. Poesiarekin hasi nintzen lehenik eta prosara egin nuen jauzia gero, zortzi nobela luze idatzi ditudalarik.