Maria Moliner Saria eman diote JSM Liburutegiari
Juan San Martin Udal Liburutegiak irakurketa bultzatzeko Liburutegia, topalekua proiektuarengatik Maria Moliner saria jaso du. Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeritzak sari hori emanda eskertzen die irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak garatzen dituzten 50.000 biztanletik beherako udalerrietako liburutegiei. Gipuzkoan liburu-sorta ederrak osatutako saria jaso duen liburutegi bakarra Eibarkoa izan da (EAEn bederatzi saritu izan dira guztira).
Saritu duten "Liburutegia, topalekua egitasmoa hiru jarduera-motatan oinarritzen da: lehenik eta behin, irakurketa bultzatzeko asmoz egiten diren "Zapatuko ipuina", "Liburua, kulturarako sarbidea", umeen eta helduen irakurketa klubak, interesguneak , "bookcrossing" delakoa, "Hezkuntzaren aldeko mundu kanpaina" edo "(Li)buru-hausgarriak)". Horiekin batera, liburutegiaren egikera onaren barruan sartzen diren zereginak daude (liburutegi-tailerra, erabiltzaileen formakuntza, liburu-funtsak osasun zentroetan, Liburuaren Nazioarteko Eguna, emakumeentzako enplegu tailerra, e-readerren mailegua irakurketa-aretoan eta liburutegiaren hedapena sare sozialetan eta webgunean).
Liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, "udal liburutegiak gizarte-integrazioaren alde egin dituen jarduerak ere balioespen ona jaso dut, esate baterako Munduko Paisaiak kanpainaren barruan argitara emandako gidak".
Saria emateko oinarritzat erabili duten txostenak azaltzen duenez, "Juan San Martin liburutegiak ahalegin berezia egiten dihardu irakurketa bultzatzeko programak sendotzen eta jorratzen, erabiltzaileen artean irakurketa sustatzeko bidezkoenak iruditzen zaizkion ekitaldi edo jarduera iraunkorrekin; hori dena, bere bezeroen artean nolabaiteko irakurketa ohitura sortzearren".