Mariano Luke, Eibarren Akebai: “Euskerarekiko konpromezu zintzoa hartu beharko da Euskaraldian”

Mariano Luke, Eibarren Akebai: “Euskerarekiko konpromezu zintzoa hartu beharko da Euskaraldian”
2018/05/25 08:52
eta kitto!
Zapatuan, Tantanez Tantan ekimenaren ostean, pertsonai bereziak ezagutu genituen Untzagan: Ahobizi, Belarriprest eta Bihotzgoxo. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldiaren harira sortutako figurak dira, hamaika egun horietan euskaraz bizitzeko sortu diren rolak. Eibarren Akebai plataformak hilabeteak daramatza Euskaraldiari begira lanean eta pertsonaia hauen esanahia argitu digu Mariano Luke Akebai plataformako kideak.

 

- Euskaraldia egingo da azaroaren 23tik abenduaren 3ra, baina zertan datza zehazki?

Hamaika egun horietan euskerari dagokionez norberak hartzen duen konpromezuarekin jardutean datza egitasmoak. Horretarako hainbat rol sortu dira, Ahobizi eta Belarriprest, baina Eibarren hirugarren bat asmatu dugu, Bihotzgoxo. Helburua ez da ahalik eta jende gehien apuntatzea. Ariketa praktikoa izango da, eta norberak euskerarekiko hartutako konpromezuarekin bere esparruan euskaraz bizi ahal izateko dituen aukerak edo arazoak baieztatu edo ikusi ahal izango ditu.

- Joan den zapatuan aurkeztu zenituzten Euskaraldiko hiru rolak: Ahobizi, Belarriprest eta Bihotzgoxo. Nor da nor?

Ahobizi izango litzateke, adibidez, euskalduna dena eta euskaraz bizi dena Eibarrek ematen dituen baldintzak kontuan hartuta. Euskaldun zaharra ez da zertan Ahobizi izan behar euskaldun zaharra delako. Bere bizitza gazteleraz bizi badu, ez litzateke Ahobizi izango. Garrantzitsua da azpimarratzea hamaika egunetan euskaraz bizitzeko konpromezua hartu eta zintzo bete behar dela. Ahobizi banaiz, hamaika egunetan euskaraz biziko naiz edonon (kalean, lanean, lagunartean, erosketak egiten...), horrek dakarren guztiarekin. Belarriprest da beste rol bat. Belarriprestak euskera ulertzen du, baina arrazoi ezberdinengatik normalean ez du euskaraz berba egiten. Normalean gazteleraz egiten duen euskalduna izan daiteke; edo euskaltegian dabilen ikasle bat, euskeraz dakiena baina euskeraz egiten ausartzen ez dena. Orduan, Ahobizi batek badaki Belarriprest ikurra duen batekin lasai asko egin dezakela euskeraz, ulertuko diolako, nahiz eta Belarriprestak agian gazteleraz erantzun. Azkenik, Eibarren beste figura bat sartu dugu: Bihotzgoxo. Euskera ulertzen ez duen arren euskerarekiko jarrera ona duen jende asko dagoela ikusi dugu Eibarren eta jende multzo hori sartuko litzateke Bihotzgoxo figuraren barruan.

- Nolako hartu-emana sortuko da figura horien artean?

Jende guztiak bereizgarri bat eramango du soinean, aukeratu duen rola zein den identifikatzeko. Euskaldunok, normalean, amore ematen dugu beste hizlariak gazteleraz bakarrik egiten badu. Ez dugu erronka moduan planteatzen, kontua ez da hizkuntza inposatzea. Ariketa honen bitartez euskaraz bizitzeko dauden aukerak eta arazoak bistaratzea da asmoa.

- Helduengan zentratzen da egitasmo hau, zergatik?

Hau ez da jolas bat eta mugatuta dago adinari dagokionez. Ez da umeentzako ariketa bat. Orain arte umeengana jo izan da euskararen erabilera bultzatzeko, baina oraingoan helduak jarri ditugu jomugan. Gurasoren bat erdalduna bada edo euskaraz ondo egiten ez badaki, erdera gailendu ohi da etxean. Bada Euskaraldiarekin, bakoitzak hartzen duen konpromezuaren arabera, etxean egiten den hizkuntza aldatu egin ahal da egun horietan eta umeek ikusiko dute. Umeentzako ereduak izan behar gara helduak.

- Norberak aukeratutako rola zein den erakusteko bereizgarria eramango du jendeak. Nola aukeratu ahal izango da?

Herriek Euskaraldian izena emateko epea dago zabalik oraindik eta irailetik aurrera egongo da bakoitzak zein rol hartu nahi duen aukeratzeko beta. Bitartean, Akebain Euskaraldiaren inguruan lan egingo duen batzorde bat osatu dugu eta informazio gehiago eman eta zabaltzen joango gara egitasmo honen inguruan.

- Ekintzarik antolatuko duzue Euskaraldiaren inguruan?

Oraindik goiz da eta lanean gaude, baina bagabiltza gauza batzuk prestatzen. Adibidez, herrian ezagunak diren hamaika laguneko taldea prestatuko dugu eta eurek beste hamaika lagun lotzea da gure asmoetako bat. Gero, hamaika berri horiek beste hamaika lotuko dituzte eta horrela. Bestetik, hamaika egunez bere bizitzaren berri emango digun pertsona topatzeko kastinga egin genuen eta aurrera doa proiektua, baina oraindik ezin dugu gauza gehiago aurreratu.