Mario Martínez (CiberTutor Fundazioa): “Ez da mugikorra bakarrik: uste duguna baino lehen hasten dira arrisku digitalak”

Altxau Burua taldeak, Eibarko Udalaren laguntzarekin, “Nola babestu gure seme-alabak interneten arriskuetatik” hitzaldia antolatu du martxoaren 12rako, 18:00etatik 20:00etara, Portalean. Saioa etxetik jarraitu ahal izango da ere. Hizlaria CiberTutor Fundazioko Mario Martínez Correas izango da, eta berarekin solasean aritu gara.
Mario Martínez (CiberTutor Fundazioa): “Ez da mugikorra bakarrik: uste duguna baino lehen hasten dira arrisku digitalak”
2026/03/10 13:31
Ana Aizpurua

Ba al dago benetako arriskurik gaztetxoek sare sozialak eta bestelako plataformak erabiltzean? 
Bai, eta askotan nerabezaroan baino lehenago hasten dira. Uste dugu arriskua mugikor propioa dutenean hasten dela, baina ez da horrela. Etxean bideo-kontsola bat edo Smart TV baten nabigatzailea izate hutsarekin, umeek bilaketak egin ditzakete. Eskolan beste haur batek zerbait aipatu badie, jakin-minagatik klik egin dezakete. Zure seme-alabari gailu bat ematen diozunean (bideo-kontsola, tableta, mugikorra, eReader-a, erloju adimenduna, etab.), berehala eta doan pornografia unibertso oso batera sarbidea ematen ari zara, esate baterako. Arriskua benetakoa da, eta pixka bat informatzen den edonork ikus dezake.

Zuen Fundazioaren misioa da gurasoei arazo hau konpontzen laguntzea. Nola egiten duzue hori?
Gu ez gara psikologoak; ikuspegi teknologikotik egiten dugu lan. Guraso eta tutoreei azaltzen diegu zeintzuk diren arriskuak eta zein den industria batzuen funtzionamendua: sare sozialak, online jokoak edota pornografia. Industria horiek arreta erakartzeko eta erabiltzaileak pantailari itsatsita egoteko diseinatuta daude. Hor sartzen da Adimen Artifizial (AA) estraktiboa deitzen duguna: dopamina-puntak sortzen ditu, eta erabiltzailea “engantxatuta” uzten du. Jende askok ez ditu dinamika horiek ezagutzen, eta hori da azaldu behar duguna.Online pornografiaren kasuan argi ikusten da adingabeengana lehenbailehen iristeko estrategia dagoela. Edukiak umeentzako pertsonaiekin nahasten dira, esaterako Bob Esponja bezalako marrazki bizidunak  jarrera pornografikoetan agertuz. Umeak marrazki bizidunen bila ari dira, eta filtrorik ez badago, halako edukiekin topo egin dezakete. Horrek jakin-mina pizten du, eta gero eta gehiago bilatzera eramaten ditu. Industria hori jendeak uste baino askoz handiagoa da.

Filtroak jartzeaz hitz egiten duzunean, zertaz ari zara zehazki?
Gure lana da lehenik gurasoen begiak irekitzea. Askok badakite arriskuak badaudela, baina ez dute neurria ezagutzen. Lehen pausoa kontzientzia hartzea da; ondoren, neurriak jartzea. Neurri horiek teknologikoak dira, eta doakoak zein eskuragarriak dira. Arazo handiena informazio falta da: ez dakigu zein arrisku dagoen, eta ez dakigu zein tresna erabili. Guk ez dugu arazoa azaltzen soilik; irtenbidea ere ematen dugu. Hitzaldietara etortzen den edonork arratsalde berean konfigura ditzake babes-neurriak etxean. Helburua da asmoa duen gurasoak benetako tresnak izatea seme-alabak babesteko.

Gurasoek filtro horiek jarri nahi badituzte, aditu teknologikoa izan behar dute?
Ez, inondik inora ere ez. Gure saioak publiko orokorrarentzat dira. Tresnak errazak dira: haurrentzako hodeiko kontuak, adibidez Google-ren Family Link, Microsoft-en Family Safety edo Apple-en Family Sharing. Gainera, enpresa horien araudiek diote 14 urtetik beherakoek derrigorrez haurrentzako kontu bat izan behar dutela. Hala ere, askotan umeek helduen kontuak sortzen dituzte eta Internet modu irekian erabiltzen dute, inolako iragazkirik gabe. Irtenbideak badaude; falta dena informazioa da.

Zeintzuk dira Interneteko arrisku-eragile nagusiak?
Jendeak askotan beste erabiltzaileak aipatzen ditu lehenengo: pantailaren beste aldean dagoen pertsona ezezaguna. Hori arriskutsua izan daiteke, baina ez da arrisku bakarra. Bigarren eragilea, gutxi aipatzen dena, AA estraktiboa da. 2010etik aurrera estandarizatu zen plataforma guztietan: sare sozialetan, jokoetan eta pornografian. Plataformak berez ez du ezer egiten; edukiek ere ez bakarrik. Erabiltzaileak AA estraktiboarekin duen interakzioa da gakoa. AA horrek “scroll infinitua” sortzen du, erabiltzailearen profila egiten du, eta bere ahulezia psikologikoak identifikatzen ditu, dopamina-puntak eragiteko. Denborarekin, erabiltzailea mundu errealetik deskonektatzen doa, sari azkar eta etengabea pantailan bakarrik aurkitzen duelako.

Nor dago horren atzean?
Negozio-eredua bera. Plataforma guztiek dirua irabazten dute AA erauzlearen bidez. Erabiltzaileak ez gara bezeroak; produktua gara. Inork ez du ordaintzen sare sozialak edo pornografia erabiltzeagatik. Industria hauek pantaila-denbora fabrikatuz bizi dira. Gu irina bagina bezala erabiltzen gaituzte, ogia egiteko. AA estraktiboak minutuak sortzen ditu; minutu horiek iragarleei saltzen zaizkie, eta hor dago benetako diru-sarrera.

Beraz, zure iritziz hor dago benetako arazoa, interakzio-mota horretan.
Nire ustez, zalantza barik, benetako eztabaida AA estraktiboaren ingurukoa da. Baina gaur gaurkoz, online negozio gehienen oinarria denez, inork gutxik jartzen du zalantzan. Guk, behintzat, arriskua non dagoen argi erakutsi nahi dugu, eta gurasoei tresnak eman seme-alabak babesteko.

Etxetik ikusteko sarbidea HEMEN