Mario Onaindia Fundazioak Udalaren esku laga du bere dokumentu-funtsa
Mario Onaindia Fundazioak bere dokumentu-funtsa gordailuan laga dio Eibarko Udalari, erakunde biek sinatutako hitzarmenaren bitartez. Esozi Leturiondo Fundazioburuak eta Miguel de los Toyos alkateak izenpetutakoak jasotzen duenari jarraituta, dokumentu-funtsa Eibarko Udal Artxiboaren parte izatera pasatuko da, bertako arduradunek horretan interesa duten guztien eskura ipini dezaten.
Mario Onaindia Fundazioak urteak daramatza antifrankismo demokratikoaren oroimen historikoa gordetzen duten iturriak batzeko proiektua garatzen. Horri esker, artxibo pribatuetako material asko biltzea lortu dute: besteak beste interes historiko handia duten argitalpenak, korrespondentzia, dokumentuak, idatziak, kartelak eta pegatinak jaso dituzte.
Horrekin batera, Fundazioak frankismo sasoiko sozialismoari buruzko ikerketa-proiektua ere garatu du, sasoi hartan alderdi sozialistako kide izandako 37 laguni elkarrizketa eginda. Une honetan alderdi komunistaren inguruan horren antzerakoa den beste proiektu bat garatzen dihardute. Horietatik sortutako agiriak ere eibartarren eskutan lagatako funtsaren parte dira.
Mario Onaindia Fundazioak agiriz betetako 207 kutxa laga dizkio udalari eta horiek katalogatzeko eta digitalizatzeko beharrean dihardute egunotan. Katalogatzen eta digitalizatzen joan ahala kutxak Eibarko Udal Artxiboan lagatzen joango dira. Aipatutako horiez gain, katalogatzen hasi berri dituzten beste 32 kutxa gehiago daude.
Fundazioak funtsa Udalari emateko arrazoi nagusia, dokumentazioa gordetzeaz gain, bertako materialaren hedapena izan da. Izan ere, Fundazioko arduradunek Eibarko Artxiboa "alde guztietatik begiratuta aparta" dela uste dute, Udalak berak aditzera eman duenez. Fundazioko arduradunek ikusi dutenez, "fondo garrantzitsuak dauzka, instalazio egokiak, gauzak gordetzeko baldintza egokiak… Artxiboko arduradunek egiten duten lan txukuna ahaztu barik".