Marisa Iglesias: “Oso pozik nago filosofia kalean egiteko aukerarekin, filosofia bertan egon behar da-eta”
Filosofia ikasketak egin eta hezkuntzan lan egin ondoren, arlo biak uztartzen ditu Iglesiasek, berak landutako metodoa erabiliz. Horrez gain, filosofia herrira zabalduz, ‘Elkarrizketa filosofikoak’ izeneko ekimena eskaintzen du, eta horretan aritzeko aukera ematen dute Ipuruako Merkatu Plazan eta Esperientzia Eskolan, besteak beste. Azken neurrian, filosofia praktikara eramaten du, gure bizitzan zeresan handia izan dezakeelako.
Filosofia praktikoaren alde egiten duzu, baina zer da zehazki?
Filosofia praktikoak hamarkadak daramatza izan ez duen protagonismoa eduki nahian. Antzinako Grezian bazuen, baina mendeetan zehar galduz joan zen, oso jarduera akademikoa bihurtu zelako. 1980. hamarkadatik aurrera, ostera, ‘Más Platon y menos Prozac’ (Lou Marinoff) liburuaren harira, bizitzari aplikaturiko filosofiaren gorakada eman zen. Bizitzan gertatzen diren kasuak modu filosofikoan landu nahi zituzten, elkarrizketa filosofikoen bitartez. Agian horrela arazoak ez dira konpontzen, baina beste ikuspuntu batetik lantzen dira. Antzinako Greziako komunitate filosofikoetan egiten zen hori, eta baita ekialdeko filosofietan ere. Orduan, orain dela urte batzuetatik hona, arlo hori lantzen ari gara hezkuntzarekin lotura izan dugun filosofo talde bat. Ni neu Madrilen egoitza duen eskola filosofiko bateko kide naiz, Monica Caballek gidatzen duena, jakinduriaren filosofian espezializatua, hau da, antzinako jakiturian. Ezagutza hori elkarrizketa filosofikoetan, kafe filosofikoetan, filosofia ikastaroetan eta abarretan erabiltzen dugu, jakinduria hori hedatuz.
Horrez gain, hezkuntza eta filosofia uztartzen dituzu zure lanean, baina nola?
Ikasleek ikasten laguntzeko beharra zutela ikusi nuen. Ikasketa prozesua luzea da eta ‘Pentsatu, ikasi eta estudiatu’ izeneko metodoa sortu nuen. Filosofian oinarritzen da, eta baliabide filosofikoak erabiltzen ditu ikasketetarako.
Nolako metodoa da?
Oinarrizko gaitasunetik hasten da, hau da, pentsatzen ikastetik. Hortik eta ikasten hastetik hasten da, eta hortik aurrera beste gaitasun guztiak jarri ditzakegu martxan. Pentsamendu kritikoa pentsamendu filosofikoaren berezko jarduera da, baina hori ere ikasi egin behar da baita ere. Guztiok pentsatzen dugu, baina teknika eta modu batzuk daude pentsamendu kritikoa egiteko eta, ikasleen kasuan, modu errazagoan egiteko.
Metodoa edozein ikaslek erabili dezake?
Bai. Ikasketak egiten diharduen edonorentzat balio du, Lehen Hezkuntzatik hasita oposaketak egiten diharduteneraino. Ikasketak egiten nondik hasi ez dakitenentzat, gainezka daudenentzat, antolatu nahi dutenentzat... baliagarria da. Baliabide filosofikoak metakognizioarekin oso lotuta daude eta abstraitzen, hausnartzen, arrazoitzen, ondorioztatzen, kontzeptualizatzen eta abar laguntzen dute. Ikasten jarri baino lehen ikasi behar diren zereginak dira. Ikasketetarako erremintak eta estrategiak dira. Estrategiak denboran luzatzen dira eta, ikasketez gain, lanerako ere bideratzen dira. Interesgarria da oso gaztetatik etorkizunaren ikuspegia edukitzea.
Ikasketez gain, bizitzarako ere baliagarriak izango dira jakintza horiek, ez?
Bai, horregatik hau bizitzarako filosofia da. Zure bizitzaren momentu edo ekintza ezberdinetarako gauza baliagarriak eman ahal dizkizu filosofiak.
Urriaz geroztik ‘Elkarrizketa filosofikoak’ egiten dituzue Ipuruako Merkatu Plazan. Nolakoak dira?
Filosofia egiteko bilgune edo espazio erreal bat lortzea zen helburua. Azken neurrian, guztiok gara filosofoak. Pentsatzeko esperientzia hori partekatzea oso interesgarria da. Oso pozik nago filosofia kalean egiteko aukerarekin, hau da, benetan bizi garen eta habitatzen ditugun lekuetan filosofia bertan egon behar da-eta. Beharrezkoa da eremu horretan egotea, ez akademian bakarrik. Saioek oso erantzun ona izan dute. Filosofiak ez du oso irudi onik izan. “Zergatik pentsatu?”, esan izan dute askok, eta hain zuzen ere galdera hori da hasieran planteatzen duguna: “Zergatik pentsatu?”, “pentsatu behar da ala ez?”, “zer da pentsamendu kritikoa?”, “gizarte bezala lo eta anestesiatuta egon behar gara ala adi?”...
Askotan badirudi pilotu automatikoarekin egiten dugula bizitza, gehiegi pentsatu edo hausnartu gabe. Gehien jota, ideia batzuk hartu, irentsi eta bota egiten ditugu. Zuen saioetan guztiz kontrakoa egiten duzuela dirudi.
Hori da. Filosofiaren Ikerketa Komunitateak direla dio filosofo batek eta arrazoia du, bakoitzak berea gehitzen duelako. Nik gai batzuk proposatu ditzaket (pentsamendua, autoezagutza, etorkizuna...), ardatz teorikoa ezartzen dut, baina parte-hartzaile bakoitzak bere bizitza-esperientzia eta jakinduria ditu, eta hori partekatzen dugu. Albo batera lagatzen ditugu adin ezberdintasunak edo bestelako aldeak, eta horrek aberasten eta eraikitzen du filosofia praktikoa. Pentsamendu kritikoari helduz, Platonen leizearen mitoa lantzen dugu, noski. Izan ere, ez dugu gainditu, leizean jarraitzen dugu. Eta ideiak irentsi eta botatzeari dagokionez, gero eta kezkagarriagoa da. Pentsaeren askatasunaren bidea hartu beharrean, leizera bidean goaz gure kabuz ez pentsatzean.
YouTuben gai filosofikoak lantzen dituzten gero eta kanal gehiago daude, milaka eta milaka jarraitzailerekin. Filosofiaren inguruko interesa hazi dela uste duzu?
Bai, horrela da. Azken urteotan gero eta gazte gehiagok hasi dituzte filosofia ikasketak unibertsitateetan. Egia ere bada, eta zoragarria da, karrerak batu dituztela. Adibidez, Filosofia, Politika eta Ekonomia karrera hor dago aspalditik (Barack Obamak egin zuena). Hortik joango da etorkizuna, humanitateak eta zientziak batzen dituzten karreretatik. Interesa dago eta hemen antolatzen ditugun ekintzetan igarri dugu. Orain dela 20 urte, Parisen 200 kafe-filosofiko zeuden.
Berandu goaz?
Ez dakit. Agian ez da behar den bezala iragartzen eta jendeak uste du intelektualentzako gauzak besterik ez direla. Batzuek uste dute filosofiari buruz jakin behar dela eta ez da horrela, horretarako gaude horren inguruan ikasketak egin ditugunak, ezagutza hori guztia modu erraz eta praktikoan igortzeko.
Beraz, ez ditugu jakin behar Platonek, Rousseauk edo Foucaultek esan zituztenak filosofia egiteko?
Ez da beharrezkoa. Elkarrizketak aurrera egin ahala irteten dira autoreak. Gure kabuz zergatik pentsatzen ez dugun aztertzen badugu, Platon irtengo da, antzinako filosofoei buruz jardungo dugu eta, noski, Kant irtengo da, “pentsatzera ausartu zaitez” esan zuena. Irteten direnez, euren inguruan jarduten dugu, baina lezio handirik eman gabe, filosofiaren historia ezagutzeko besterik ez. Hori da pentsamenduaren historia, eta historian zehar gertatu diren gertakizunei lotuta doa. Alde bi horiek banatu egin izan dira edo ez dira ondo lotu, baina gertatzen den guztia aurretik pentsatua izan da, edo alderantziz.
“Pentsatzera ausartu zaitez” esaldia aipatu duzu. Batzuetan pentsatzeko beldur gara?
“Pentsatzen hasiz gero, non sartuko naiz?”, galdetu ahal diogu buruari. Baina, filosofo askok dioten moduan, besteak ezagutzeko aurretiko pausoa da. Elkarbizitzan ditugun arazo asko geure buruaren ezjakintasunetik datoz. Edo, izan daiteke, gure burua gehiegi ezagutzen dugula pentsatzen dugula.
Zentzu horretan, onuragarria da filosofiaren inguruan taldean jardutea?
Bai. Gure gelako bakardadean bagabiltza eta ez badugu partekatzen, norberari buruzko pentsamendua bakarrik garatzen da eta zure pentsamenduan bakarrik murgiltzera eramaten zaitu. Hori partekatuz gero, gure pentsamenduak besteekin kontrastatu ditzakegu eta benetan ikusi dezakegu zer gertatzen zaigun edo besteek zer uste duten. Azkenean, filosofia orok ongizatearen bilaketa egiten du, helburu bat du, eta guztion artean errazago aurkitu daiteke.