MARISABEL ALBIZU: “Trumpek zirkoa egiten du, baina neurriak benetakoak dira, batzuentzat hil ala bizikoak”

Egoaiziako Lierni Fernandez eta Marisabel Albizu Etiopiako Tigray eskualdean egon dira hango proiektuen jarraipena egiten
MARISABEL ALBIZU: “Trumpek zirkoa egiten du, baina neurriak benetakoak dira, batzuentzat hil ala bizikoak”
2025/02/27 16:00
eta kitto!

Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) Lierni Fernandez eta Marisabel Albizu Etiopian izan dira azken asteotan. Egoaiziak abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin zerikusia duen proiektua jarri zuen martxan orain dela urte batzuk, eta orain beste jauzi bat eman dute Mekeleko Unibertsitatean Ikasketa Humanitarioen Zentroa sortuz.

 

Zertan aritu zarete Etiopian? Nolako bidaia izan da?

Alde batetik, Egoaziaren proiektuen jarraipena egiteko joan gara. Etiopiako Tigray eskualdearen egoera oso berezia da. 2022ko abenduan gerra amaitutzat eman zen eta 2023ko otsailetik aurrera laguntza humanitarioa eskaintzen dugu bertan. Horren bitartez bakerako edo hango errealitatea berreraikitzeko zutabeak jarri nahi ditugu.

Nola ezarri nahi zenituzten?

Alde batetik, pentsatzen genuen nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia duten baliabideak sustatu behar genituela. Oso gauza sinpleak dira: horrelako gauzak egiteko gai diren taldeak identifikatu genituen eta tresnak, haziak, oiloak eta ahuntzak banatu dizkiegu denbora honetan. Bestalde, urte hauetan ikusi dugu gerrateak Tigray eskualdea Etiopiatik aislatu duela. Ondorioz, Tigrayk kanpoko laguntzarekiko dependentzia totala du eta, beraz, bertako jendea prestatzeko beharra ikusi dugu.

Prestatu zein zentzutan?

Gauzak antolatzeko. Horretarako, dituzten gaitasun hornitu eta bultzatu behar ditugu. Horrela, ez dute hainbesteko dependentziarik edukiko eta ez dira kanpotik joaten garenen zain egon beharko, eurak garatuko direlako, euren modura eta euren baliabideekin. Egoera horretan beharrezko laguntza emango diegu, noski, baina euren kabuz egingo dute aurrera.

Nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotutako proiektuak aipatu dituzu, baina oin formakuntzarekin zerikusia duen bat jarri duzue martxan. Nola sortu da?

2023tik aurrera beharrizanak, ideiak eta abar ikusten joan ginen. 2024ko maiatzean Eusko Jaurlaritzarekin Ikasketa Humanitarioen Zentroa sortzeko diseinua lantzen hasi ginen, hori antolatzea oso garrantzitsua izango litzatekeela pentsatuz, bertako jendea prestatzeko eta eurak gauzak antolatzeko gai izateko. Mekeleko Unibertsitatean jarri dugu martxan eta horren jarraipena egitera joan gara.

Zer moduz doa?

Lehenengo kurtsoa eman da eta proiektua sendotzeko asmoz joan gara. Eusko Jaurlaritzako eLankidetza agentziako zuzendaria, Deustuko Unibertsitateko Noa Masterreko zuzendaria, gurekin lan egiten duen aholkulari independente bat, eta Egoaiziako Lierni eta biok joan gara. Etiopiak 120 milioi biztanle ditu, oso handia da, eta Tigrayn uste dut 5 milioi lagun inguru bizi direla. Herrialdearen iparraldean dago eta Eritrearekin egiten du muga. Gu Mekelen egon gara, Tigrayko hiriburuan, hango unibertsitateko irakasleekin eta zenbait fakultateetako dekanoekin, eta proiektua eurena egin dute.

Proiektuak denbora gutxi darama martxan, baina noiz ikusi ahal izango ditugu lehen emaitzak?

Eusko Jaurlaritzarekin bi urterako proiektua sinatu dugu, baina martxan dago. Kurtso bat eman da eta udazkenean beste bi edo hiru ematea espero dugu. Abiadura hartzen joango den proiektua izango da. Beharbada bi urte baino gehiago behar izango ditugu proiektua sendotzeko eta handitzeko, baina badabil. AECID-ekoekin berbetan, ideia zoragarria iruditu zitzaien, bertako jendea prestatu behar dugulako. Laguntza guztiak gauzak eurek eta euren kabuz egitera bideratu behar dira, bestela kolonizazio berri bat izango litzateke eta ez dugu horrelakorik nahi.

Ideiak hemen pentsatu eta hara eramaten dituzue ala nola egiten duzue?

Ez, ez dugu horrela egiten. Lehen aipatu ditudanak joan gara bidaia honetan, baina han gure bazkidearekin (elkarlanean gabiltzan GKE-arekin) egon ginen eta eurekin egin dugu bidaia guztia. Ez ditugu gauzak hemen pentsatzen eta hara eramaten, inoiz ez dugu horrela egin. Guk hemen baliabideak bilatzen ditugu, besterik ez. Proposamena Eusko Jaurlaritzarekin aztertu aurretik, Mekeleko Unibertsitatearekin eta hango GKE-arekin berba eginda genuen. Eurekin beharrak aztertu eta ideiak garatzen ditugu, eta gero hemen baliabideak bilatzen ditugu horiek aurrera eramateko. Dena dela, hango baliabideak ere behar ditugu. Baliabideak eskaintzeko orduan ezin da desoreka handia sortu, eurek ere zerbait ipini behar dute. Horrela, unibertsitateak gure esku ipini ditu gela bat, bulegoa, irakasleak...

Hango jendeak nola hartu du proiektu hau?

Oso pozik daude. Gerra aurretik unibertsitate horrek 24.000 ikasle inguru zituen eta gaur egun 11.000 besterik ez. Kopurua handitu nahi dute, bizitza normaltzen joan den seinale izango delako.

Orain dela pare bat urte izan zineten han. Gerra ahazten doazela ikusi duzue?

Oraindik desengortasun egoeran daudela nabari da. Oso gauza esanguratsuak ikusi genituen. Alde batetik, gerrako desplazatuen zelai bat bisitatu genuen. Lau urte daramatzate hor eta euren helburu nagusia etxera itzultzea da. “Baina nora?”, esaten dute. Dena suntsituta dago, ez dute zertan lan egin... Arazo bat da. Bestalde, euretako asko nekazariak dira, baina nahiago dute hiri baten inguruan bizi, aukera gehiago izango dituztelakoan. Hori oso ohikoa da, Hego Amerikan ere fenomeno hori ikusi dugu. Hirien inguruan aberastasun gehiago egongo dela pentsatzen dute, baina ez da egia eta azaltzen saiatzen gara. Azkenik, gauza beldurgarri bat ikusi genuen. Otsailaren 10ean joan nintzen eta desplazatuen zelaia 12an bisitatu genuen. Ba Donald Trumpek urtarrilaren 24an hartutako neurriek dagoeneko eragina izan zuten bertan. Lankidetzarako laguntza guztiak itxi egin zituen.

Hango biztanleei nola eragiten die erabaki horrek?

Eragina erabatekoa da. Gainera, janari kontuetaz ari gara berbetan. Bikiak eduki berri zituen familia batekin egon ginen. Zazpikiak ziren eta ohean sartuta zituzten, beroarekin biziraungo zutela pentsatuta, baina dagoeneko otsailean ez zuten jaso lehen jasotzen zituzten elikadura-osagarriak.

Nola estaliko da gabezia hori?

Hori da galdera nagusia gaur egun. Trumpek hartzen dituen neurriak ez dira txantxetakoak. Demaseko zirkoa egiten du, baina neurriak benetakoak dira, batzuentzat hil ala bizikoak. Han lenean diharduen GKE batekoek esan ziguten apirilera arte lan egin ahal izango dutela, baina hortik aurrera nork daki. Mundu globalizatuan bizi gara eta dena konektatuta dago, eta Washingtoneko Etxe Zurian hartzen den erabaki batek berehala du eragina Tigrayn.

Egoerak ez du itxura onik beraz.

Egonkortasunik gabeko gizartea da, baina duintasun handiarekin egiten dute aurrera eta oso antolatuta dagoen gizartea da. Oso deigarria da. Berehala atzematen dute nork behar dituen laguntzak eta nola edo hala laguntza horiek banatu egiten dituzte. Demaseko sare-komunitarioa dute. Gaitasun handia dute gauzak antolatzeko eta aurrera egiteko.

Nolako sentsazioarekin itzuli zarete handik?

Aipatu beharra dago gurekin kameralari bi joan zirela, zinea egiten dituzten horietako batzuk. Gerrateak bestelako minak eta hausturak laga ditu, adibidez emakumeen gorputzean. Emakumeen gorputzak erabili dituzte gerra-eremu bezala. Gutxienez 150.000 emakumek edozein motatako biolentziak jasan dituzte. Orduan, iaz eta aurten testigantzak eta abar jasotzen ibili dira. Ekainean ‘Buna’ izeneko laburmetraia estreinatuko dugu.

‘Buna’? Zein da horren esanahia?

Kafeari esaten zaio horrela eta kafearen erritua oso berezia da hango emakumeentzat. Izan ere, eurentzat toki segurua da, konfiantzazkoa. Hor biltzen dira eta euren gauzak kontatzen eta partekatzen dituzte, berreraikitzeko. Oso garrantzitsua da gauza hauek jasotzea eta salatzea. Munduan gatazka asko dago eta batzuk lehenengo lerroan agertzen dira, baina beste batzuk gertatuko ez balira bezala. Orduan, ekaineko dokumentalean Tigrayko gatazkaren inguruko ikuspegi orokorra eskaintzen duen lana eskainiko dugu eta, gero, bigarren laburmetrai batek emakumeek bizi izandakoa kontatuko du. Hain zuzen ere, emakume baten testigantza jasoko da, emakumeen ahotsa izango balitz bezala. Izan ere, baztertuak izaten dira, bortxaketen ondorioz seme-alabak izaten dituzte eta, gainera, euren komunitateek ez dituzte onartzen. Ba hori ere egin dugu. Egia esan pozik itzuli gara, gauzak egiteko aukerak ikusten ditugulako eta oso balio handiko pertsonak daudelako, gogotsu, indartsu eta jankinduriaz eta gaitasunez beteak. Era berean, kezka txiki batekin ere: zer gertatuko da? Baina tira, gauzak egin behar dira, eta gauza onak egiten ditugun neurrian eta euren duintasuna bultzatzen badugu, bakearen haziak izango dira.