Markel Alberdi, igerilaria: “Ahaztu ezinezko esperientzia izan zen Mundialetakoa”
- Zer moduz Madrilen? Eibarrera etortzeko denbora faltan?
Egia da, ez zait erraza egiten, entrenamenduak zapatuetan 11.30etan amaitzen ditut-eta. Bestela, ondo nago Madrilen, urtebeterako bekarekin. Jendea ezagutzen noa, taldearekin ondo konpontzen naiz eta instalazioak ere egokiak dira.
- Zelakoa izan zen uztaileko Mundialeko esperientzia Bartzelonan?
Halakorik ez nukeen imajinatuko! Ez zen izan bakarrik lehiatu nuen eguna: parte hartu behar nuela jakin nuenetik bizi izan nuen. Idoloekin egotea, eurekin berotu... Proba ez zen ondo atera, baina ahal nuena egin nuen, zeozer hobeto ibiltzeko aukera banuen ere. Jendearena zer esanik ez! Eibartik, Donostiatik, Irundik... Abisatuta nengoen, baina hala ere asko lagundu zidaten denek.
- Jarraian Espainiako txapelketan lehiatu zenuen Kanaria Handian...
Handik lau egunetara izan zen, Mundialean proba bakarra egin ondoren. Kostatu zitzaidan konzentratzea, nire burua presionatua sentitzen bainuen. Hala ere, lehenengo proba bikain irten zitzaidan, nire orduko marka hobetu nuen eta Czerniak poloniarrak bakarrik irabazi zidan: ondo ibili nintzen.
- Asko aldatu zara hasieratik? Abiaduraren alde jo duzu?
Txikitan denetik probatu nuen, 200 eta 400 metrotik gora gehienetan. Varduliara pasatzerakoan eta gero Bidasoan distantzia handiagoak pixka bat baztertu eta 100 eta 200ekoetan zentratu naiz gehienbat. Lortutako emaitzek bideratu naute abaiaduraren alde jotzera eta proba luzeagoak aspergarriagoak egiten zaizkit orain.
- Entrenamenduetan ere nabarituko zenuen aldaketa hori, ezta?
Bai, hazi ere Donostian hazi nintzelako gehiago. Uretatik kanpo, gimnasioan jardun nuen batez ere, indarra hartzeko eta abiadura lantzeko, batez ere.
- Orain zenbat entrenatzen duzu egunero?
Bost bat ordu: bi eta erdi goizez eta beste hainbeste arratsaldez. Uretako lana goizez egiten dut eta arratsaldetan abiadura lantzen dut gehienbat. Gustorago sentitzen naiz arratsaldekoarekin.
- Phelps da zure benetako idoloa? `Markel Phelps´ eta hakoekin animatu zaituzte...
Bada ez: haren ospea tarteko, lagunen txantxa besterik ez da. Hori bai: baloratzekoa da haren lana, oso zaila baita hainbeste modalitatetan destakatzea. Nire proban Cameron Mcevoy australiarra gustatzen zait: fisikoki besteak baino txikiagoa da, gazteagoa... eta hor dago, Mundialean 4.a izan zen.
- Igeriketa jarraitzeko aukerak eskaintzen du telebistak?
Ez dute ezer ematen. Zortea izan genuen Mundialak Bartzelonan izan zirela. Interneteko orri berezi batzuetaz baliatzen naiz; bestela, ez dago ezer.
- Baduzu gogoko igerilekurik? Eta zuri borobilen atera zaizun probarik?
Bartzelonakoa, hain handia, jendez beteta, ez dut inoiz ahaztuko. Madrilen eta Castellonen ere ondo sentitu naiz. Gehien gozatzerako orduan, Pontevedrako Opena aipatuko nuke, bezperatik nekielako indartsu eta konfiantzaz nengoela.
- Urbatek egiten duen lanaz izango duzu zeozer esateko...
Hemen banago, Urbatek emandakoari esker dela. Nahiko kaskarra nintzen beste kirol guztietan eta kirol minoritario hori aukeratu nuen. Espainiako mailako nire lehen domina Urbatekin lortu nuen. Txikienetik hasita du maila bat taldeak eta barruan bizi den giroa nabarmentzekoa da.
- Epe motzera zein erronka dituzu?
Aurtengo helburua apirilean jokatuko den Espainiako Opena da, nazioarterako txartela ere han izango baita jokoan. Udan Europako txapelketak izango dira eta, horretarako ere, gutxiengo markak eskuratu behar dira.