“Marketing Day” ekimenaren VIII. edizioa maiatzaren 24an egingo da Ipuruan
Ekingune ekintzaileen elkarteak antolatuta, Marketing Day ekimenaren VIII. edizioa egingo da maiatzaren 24an (barixakua), Ipuruako prentsa aretoan. Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, Leticia Sanchez Ekinguneko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Kinetixen sortzaileak, eta Elisa Mangado Eibar SD Fundazioko zuzendariak.
“Nuevas dimensiones en comunicación. Claves para entender la inteligencia artificial” (Dimentsio berriak komunikazioan. Adimen artifiziala ulertzeko gakoak) izenburuari jarraituko dion jardunaldia 09:00etan hasiko da, Imanol Teran estrategia digitalaren aholkulari eta teknologia berrien hezitzailearen ponentzia batekin. 10:30etik 11:00etara tarte bat egongo da, galderak egiteko, eta 11:00etan, kafearekin batera, networking-a hasiko da. Beraien salmentak eta marketina hobetzeko interesa duen edonork hartu ahalko du parte, aurrez aurre edo Ekinguneren webgunearen bidez online jarraituta.
Izen-ematea doan da eta hil honen 22a baino lehen egin beharko da (plazak mugatuak dira), Ekinguneren webgunean eskuragarri dagoen inprimaki hau beteta.