Markos Gimenoren palindromoen kartel erakusketa zabalduko dute gaur
Gaur emango zaie hasiera Arrate Kultur Elkarteak antolatzen duen Udako Ikus-entzunezkoen emanaldiei. Markos Gimenoren euskarazko palindromoetan oinarritutako kartelen erakusketa jasoko du Kultuk gaurtik (19:00etan) uztailaren 7ra arte, ordutegi honetan: egunero 19:00etatik 21:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.
Karteletako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina orain bere lagun asko eta dozenaka euskal artista elkartu dira Markosen palindromoak kartel formatuan ilustratzeko.
Era berean, Esteban Montoriok diseinaturiko eta Joseba Sarrionandiak glosatutako bilduma jaso dute Markos Gimenoren ‘101 letrakartel’ liburuan.
Solasaldia Joseba Sarrionandiarekin
Zuzenean partekatutako irudiz lagunduta, modu ezberdin eta artistikoan murgildu eta Markosen obra erreibindikatzeko, uztailaren 4rako programa oparoa antolatu dute. Horrela, Joseba Sarrionandia eta Jokin Azpiazu protagonista izango dituen solasaldiarekin hasiko dira, 19:30ean. “Markos Gimenoren unibertsoan murgiltzeko, Joseba Sarrionandiak erakusketako sormen prozesuez eta bitxikeriez hitz egingo du, eta Jokin Azpiazu musikari eta sortzaileak, ostera, lagun eta taldekidearen ikuspegia ekarriko dizkigu", diote Kultutik.
Egun horretan, 22:30etik aurrera, berriz, Mursegok eta Dodomak musika eta irudiak eskainiko dituzte. “Markos Gimenoren erakusketako kartel eta palindromoetan inspiratutako emanaldian, kontzertua eta zuzeneko irudi proiekzioa eskainiko dituzte Maite Arroitajauregi konpositore eta Maialen Belaustegi artista bisualak, erakusketaren muinarekin bat eginez”, Kultukoen berbetan.