Markos Gimenoren palindromogintza oinarri duen «mursegokeria bat»
Berriako Iñigo Astiz kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Argazkia: Itziar Basterrika.
Markos Gimeno zenak sortutako hamabost palindromo oinarri hartuz osatu du Maite Arroitajauregi Mursego-k Sukramarkus izeneko emanaldia, eta, tarteka musika ere baliatzen duen arren, ez du uste abestiak sortu dituenik. Eta zer dira orduan? Zalantza une baten ondoren topatu du zuzen erantzun ahal izateko hitz zehatza. «Ez dira kantak, dira... dira... mursegokeria bat». Bilboko Bidebarrieta liburutegian izango du emanaldia bihar. Loraldia jaialdiaren programan ez ezik, Bilbo Poesia jaialdiaren egitarauan ere txertatuta dago saioa.
Mursegok Eibarren (Gipuzkoa) ezagutu zuen Gimeno (Ermua, Bizkaia, 1974-Eibar, Gipuzkoa, 2018), eta hark antolatutako palindromoei buruzko jardunaldietan ere parte hartu zuen inoiz. «Bere buruaz beste egin ostean, haren familiakoek esan zidaten material asko zegoela haren ordenagailuan, eta gustura ikusiko nukeela esan nien. Berbak gora eta berbak behera, berbekin lanean nenbilenez, aipatu nien igual musikatu ahalko nuela zer edo zer. Eta justu orduan agertu zen Joseba Sarrionandia».
Gimeno hil ostean, hark utzitako sormen lan eskerga hura aztertzen hasi zen Sarrionandia ere, eta Markos Gimenoren 101 letrakartel (Pamiela) liburuan eman zuen azterketa horren emaitza. Haren palindromoak ez ezik, haren figurari buruzko Sarrionandiaren gogoetak ere jasotzen zituen argitalpenak. Horrez gainera, hamaika ilustratzaile eta marrazkilarik Gimenoren testu bana ere ilustratu zuten libururako, eta hainbat erakusketa egin dituzte haiekin. Liburua lantzen zebilela, Sarrionandiak berak aipatu zion, lehenik, Gimenoren testuekin zerbait egiteko aukera Mursegori, baina liburua argitaratu ostean heldu zitzaion zuzeneko saio bat egiteko proposamena: 2023an, Gernikan (Bizkaia) egindako erakusketako irekierarako.
«Ezagutzen nuen Gimenoren lana, baina ez hain sakon, eta sekulako poza hartu nuen. Mundu oso bat zabaldu zitzaidan begien aurrean», Maite Arroitajauregi 'Mursego'
Antolatzaileek ez zioten berez palindromoei lotutako emanaldi bat sortzerik eskatu, baina maluta elur bola bilakatu zitzaion berehala. Denboraz nahi baino estuago zebilenez, emanaldi erdia bere kantekin eta beste erdia palindromoekin egiteko aukera aipatu zien erakusketako arduradunei Mursegok, baina, ohartzerako, saio osoa hartu zuten Gimenoren hitzek. Eta Mursego pozik. «Deskubrimendu bat izan zen niretzako. Ezagutzen nuen haren lana, baina ez hain sakon, eta sekulako poza hartu nuen. Mundu oso bat zabaldu zitzaidan begien aurrean».
Aurrez ere abiatua zuen bide batean aurrera egiteko aukera eman zioten palindromoek.
Logikoki gol
2009an hasi zuen bere ibilbidea Mursegok, eta 2017an eman zuen argitara bere azken lan luzea: 100% Oion. Geroztik, azken urteetan, tantaka bakarrik eman ditu argitara abestiak, eta hainbat filmetako soinu bandak ere sortu ditu. Ezagun egin da, esaterako, aurreko Korrikarako sortutakoa Harro herri abestia, eta, besteak beste, Mursegok sortutakoak dira hala Irati zein Akelarre pelikulen soinu bandak ere. Horrekin batera, ordea, edo horrekin nahasian, sekula ez dio utzi esperimentazioa lantzeari.
«Asko gustatzen zait hitzak sorkuntzarako erabiltzea, eta azkenaldian asko ari naiz ikertzen ildo hori». Esate baterako, 2013an Ixiar Rozas sortzailearekin batera sortutako Plastika proiektua izan daiteke horren adibide. Proiektu horretan, ahotsarekin eta soinuekin esperimentatu zuten bi egileek, eta, gerora ere, bere kasa ildo hori lantzen jarraitu du Mursegok. Eta lan multzo esperimentalago horretan kokatu du egileak orain Gimenoren testuetan oinarritutako emanaldia.
«Asko gustatzen zait hitzak sorkuntzarako erabiltzea, eta azkenaldian asko ari naiz ikertzen ildo hori», Maite Arroitajauregi 'Mursego'
Ahots hutsez sortutako piezak dira batzuk, baina badira geruza gehiago dituzten beste batzuk ere. «Logikoki gol» palindromoarekin sortutakoa da horietako bat, esaterako. Esaldia behin eta berriz errepikatuz hasten du pieza Mursegok, baina gero euskal emakumezko idazleen arteko futbol partida baten kontakizuna egiten du oinarri horren gainean, azkenik, Maitane Urbieta esatariarekin batera —«Europa osoan golak kantatzen dituen emakumezko kirol esatari bakarrenetako bat da»—Irantzu Varelak sartutako gol bat ospatzeko.
Jacksonen zebra
Emanaldian txertatu ditu, besteak beste, Jorge Oteiza eskultorearen azalpenak, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano idazleen azalpenak, Nacho Vegasen doinu bat, emakumezko abeslariek operaren historian jokatu behar izan dituzten rolei buruzko keinuak, jota bat, Corazon de Sapo taldearen kanta baten sanplerra, benetako manifestazio bateko hotsak, Puto Amoak Matematiketan taldearen kanta bat, Emahoy Tsegue-Maryam Gebru etiopiar moja piano jotzaileari egindako omenaldi bat, baita Gimenoren beraren ahotsa ere. Eta nahas-mahas horretan umoreari ere tartea utzi dio Mursegok.
Nabarmen, esaterako, «A! Zebrak ekar beza» palindromoarekin sortutako piezan. Pieza horretan, Sarrionandiak liburuan egin bezala, Anari musikariaren Zebra abestiari keinu egiten dio Mursegok ere palindromoaren bidez, eta haren kantuaren letra Michael Jacksonen Black or White abestiaren doinuan sartuz borobiltzen du ideia, azkenik. «Lehen guztiari beldur nion nik./ Orain berriz baso itsuari. / Ezagunari baino ezezagunari». Gitarra doinuak gero, eta leloa. «Anari galdu egin da: / A! Zebrak ekar beza». Eta gitarra ezaguna berriz ere, trikirikiriki-tri-kiriki, isiltasun labur bat, eta trikirikiriki-tri-kiriki.