“Martera heldu eta gero, Lur-1 satelitearekin berriz ere sentitu dugu gorenera iritsi garela”
Oso osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitea espazioratu zuen Space X konpainiaren Falcon 9 koheteak edo suziriak abuztuaren 16an, AEB-ko Espazioko Indarrak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik. Elgoibarko Added Value Solutions-ek (AVS) diseinatu eta muntatu du Lur-1 izena duen satelitea, eta Cristina Ortega Juaristi eibartarra izan da proiektuaren buruetako bat, bera baita AVS-ko espazioko zuzendaria.
Marte planetara birritan iritsi ondoren, beste mugarri bat ezarri du Cristina Ortega Juaristik bere (espazioko) ibilbidean. Eta ez hori bakarrik, lorpen hau mugarria baita Euskadiko espazioko-industriarentzat, Lur-1 hemen egin delako eta, besteak beste, gure lurraldea behatzeko erabiliko delako.
Nola bizi izan zenuten Lur-1 satelitearen jaurtiketa?
Urduritasun handiarekin. Hasteko, jaurtiketarako itxaron egin behar izan genuelako. Space X-ek hasieran esan zigun suziria ekainaren 1ean jaurtiko zutela. Beraz, Lur-1 maiatzetik zegoen suzirian instalatuta. Itxaronaldi horrekin denbora, aukerak eta lehiakortasuna galdu genituen, espazioko merkatuan segundo bakoitzak duelako garrantzia. Bestetik, Space X enpresaren Transporter misioen barruan, aurretiko jaurtiketak akats bat izan zuen jaurtiketaren bigarren etapan eta horrek ere urduritasuna areagotu zuen. Izan ere, akatsen bat izanez gero, satelitea galdu egingo genuke eta akabo. Laburbilduz, urduritasun egoera horretan geunden eta jaurtiketa ondo joan zela, satelitea suziritik ondo banandu zela eta handik zuzen irten zela ikustean, demaseko emozioa sentitu genuen.
Zein izan zen hurrengo pausua?
Satelitearekin kontaktatzea. Hasieran kostatu egin zitzaigun. Izan ere, suziriak satelitea gutxi gorabehera non askatu duen esaten dizu, baina Gasteizeko egoitzan dugun antena batekin bere posiziora apuntatu behar genuen eta, kokapen zehatzik ez genuenez, ondo harrapatu arte, sateliteak pare bat aldiz orbitatu zuen. Jaurtiketa egin eta hurrengo egunean egin genuen kontaktua satelitearekin eta hor bai poza betea izan zela. Den-dena ondo zegoen, sistema guztiek funtzionatzen zuten eta, gauzak horrela, misioa hasteko prest geunden.
Bost urteko misioa izango du Lur-1 sateliteak, baina zein izango da zehazki?
Lur-1 sateliteak lau helburu ditu: batetik, espektro anitzeko kamera bat darama eta Euskadiko irudiak egingo ditugu, irudiak erakundeen eta ikerketa zentroen (HAZI eta AZTI) esku lagatzeko. Gaur egun eskura dauden satelite-irudiak baino irudi hobeak egiteko diseinatu dugu Lur-1, zentro horien ikerketetarako baliagarriak izan daitezen. Hori Lur-1 baliotzeko egingo dugu eta gure asmoa etorkizunean irudi horiek komertzializatzea da. Bigarren helburua etorkizunean komunikazio kuantikoak egin ahal izateko esperimentu bat egitea da. Komunikazio kuantikoak etorkizuna direla uste da, hackeaezinak direlako. Kontua da gaur egun Lurrean ez dela oso erraza seinale kuantikoa pasatzea, zuntz optikoaren bitartez egiten delako. Beraz, etorkizuna satelite bidezko komunikazio kuantikoan dagoela uste da, Lur planetako puntu batetik bestera komunikazioa mikrosegundoetan egin dezakezulako. Orduan, AVS-n hori egin ahal izateko teknologia garatu dugu eta lurretik laser-teleskopio batekin probatuko dugu. Ondo dabilela egiaztatuz gero, erabili ahal izango den teknologia izango da. Hirugarren helburuari dagokionez, Lur-1 satelitean Europako Espazio Agentziarekin garatu dugun interfaz mekaniko bat daramagu, hemendik aurrera Europako satelite guztiek eramango duten interfaza. Horren bitartez etorkizunean sateliteak orbitatik ateratzea lortu nahi da, zerbitzuko beste satelite batek funtzionatzeari utzi dion satelite hori harrapatzeko, sarrerako orbitan kokatzeko eta espazioko zabor ez bihurtzeko. Lur-1 da espazioan teknologia hori jarri duen Europako lehen satelitea eta espazioko jasangarritasuna erakusteko balioko du. Garrantzitsua da hori, arazo globala delako. Azkenik, laugarren helburua orokorragoa da, baina guretzat proiektu hau gure teknologiaren erakuslea da. Hau da, honekin espazioko misio oso bat egiteko gai garela erakutsi nahi dugu, eta hemendik aurrera misio gehiago egin.
Lorpen hau zergatik da garrantzitsua Euskadirentzat?
Espazioko merkatua oso modu azkarrean ari da aldatzen, batez ere gaur egun Space X bezalako enpresei esker espaziora heltzea eskuragarriagoa delako. Horrek negozio berriak sortzeko aukerak ematen ditu eta Euskadi bezalako lurralde batean, non industria-sare garrantzitsua dagoen eta mundu aeroespazialean maila altua erakutsi den, espazioko misio oso bat garatzeko pausua emateak Euskadi guztia posizionatzen du espazioko panoraman.
Mugarria ezarri da jaurtiketarekin, baina misioaren helburuak lortzeak mugarri gehiago ezarriko ditu?
Jaurtiketarekin bakarrik ez dugu dena lortu, baina ez ditugu bost urte itxaron beharko helburuak bete direla jakiteko. Lehen irudiak lortzen ditugunean eta froga kuantikoa egiten dugunean, helburuak betetzen joango gara. Jasangarritasunaren helburua lortzeko gehiago itxaron beharko dugu, ez dugulako nahi sateliteak urtebetean funtzionatzeari lagatzea. Baina bai, bost urte baino lehenago bete ahal izango ditugu helburu guztiak.
Misioa garrantzitsua izan da Euskadirentzat, baina besteak beste zu zeu AVS-ko espazioko zuzendaria izanda, Eibarrek ere badu zeresana honetan guztian, ezta?
Espazioaz gain, AVS-n beste hainbat zientzia arlo lantzen ditugu: partikula-fisika, fusioa, medikuntza-teknologia… Espazioko proiektuak garatzeko taldetxo bat dugu eta, hainbat proiektutan parte hartu izan dugunez, bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu proiektu berri bakoitzean. Aintzane Arizaga eibartarra AVS-ko administraria da eta beti esaten dut berak duela “itzaleko meritua”. Espazioaren merkatua, Big Tech delakoa, oso zaila da, ez duelako beste merkatuek bezala funtzionatzen. Beraz, ez da erraza esku artean ditugun proiektuak aurrera eramatea, eta Aintzanek lortzen du. Bestalde, Danel Juarez ere badaukagu espazioko taldean. Berak ez du hainbeste parte hartu Lur-1 proiektuan, beste gauza harrigarri batzuetan dagoelako sartuta, besteak beste Ilargiko eta Marte planetako esploraziorako proiektuetan (Marteko laginak jasotzeko robot-eskua garatzen ari gara, adibidez). Bere lanean izarra da.
Harrigarria da horrelako gauzak gure etxe alboan egiten direla ikustea!
Hazten ari gara eta jendea behar dugu. Beraz, ondo dago ikustea horrelako gauzetan ibiltzeko ez dela hemendik kanpo joan beharrik.
Espazioko kontuetan aritu nahi duen jende gazteak eskura ditu erreferenteak, baina zure kasuan nola izan zen?
Beti gustatu izan zaizkit espazioko kontuak eta nire familiaren zati bat Miamin (AEB) bizi denez, eurei egindako bisita batean Cañaveral lurmuturreko Kennedy Space Center ezagutzeko aukera izan nuen. Bertan Ilargira joan ziren astronauten trajeak eta bestelako gauzak ikusi daitezke, eta harrigarria iruditu zitzaidan. Karrera egiten hasteko orduan aeronautika ingeniaritza egitea aukeratu nuen eta, ondoren, espazioko ibilgailuen espezializazioa egin nuen. Harrezkero, espazioarekin zerikusia duten gauzetan lanean hasi nintzen, eta gaur egun gustatzen zaizkidan gauzetan lan egiteko zortea dut.
Martera iritsi diren bi proiektutan parte hartu ondoren, Lur-1 satelitea garatzea zer izan da zuretzat?
Marteko proiektuak gauzatu genituenean gorenera iritsi ginela pentsatu genuen, baina Lur-1 proiektuarekin berriz ere sentitu dugu gorenera iritsi garela, eta etorkizunean horrelako lorpen gehiago lortu ditzakegula uste dugu. Martera iristea oso mugarri garrantzitsua izan zen AVS-rentzat eta niretzat, bertara heltzea oso zaila delako. Martera iristea oso gutxiren esku dago.