MARTIN AIZPIRI: “Igeriketarako igerilekua itsasoa baino hobeto”

MARTIN AIZPIRI: “Igeriketarako igerilekua itsasoa baino hobeto”
2012/07/24 00:00
eta kitto!

-Joan den asteburuan Espainiako Txapelketan lehiatu zinen. Zer moduz?
Lehiaketerako oso ondo prestatu nintzen eta gogo handiarekin joan nintzen Sevillara, baina gauzak ez zitzaizkidan nik nahi bezain ondo irten. Ez nituen emaitza txarrak lortu, baina hobeto ibiltzea espero nuen.
-Zein probatan aritu zinen?
50, 100 eta 400 metro libreetan.
-Sevillan ez, baina Debako Milian zu izan zinen garaile.
Bai. Debako proba honetan etxean lehiatzen garela esan daiteke. Urbateko igerilari askok hartzen dugu parte, Eibarko jende asko doa ikustera eta oso giro ona bizi dugu. Ni oso gustura ibili nintzen eta, zorionez, irabaztea lortu nuen.
-Zer nahiago duzu, igerilekuan ala itsasoan igeri egitea?
Igerilekuan.
-Zergatik?
Errazagoa delako. Nik ez daukat indar askorik eta itsasoko olatuekin eta abar, zaila egiten zait.
-Noiztik diharduzu igeriketan?
8 urte nituen arte Bilbon bizi izan nintzen eta, gero, 10 urterekin, Urbat taldean sartu eta orduan hasi nintzen igeriketan.
-Nola prestatzen zara lehiaketarako?
Urtean zehar egunero ordu bitan zehar egiten ditugu entrenamenduak astelehenetik zapatura, eta egun bitan gimnasioan ere egiten dugu lan. Gero, txapelketak dauden sasoian, ekaina eta uztailean batez ere, egunean saio bi egiten ditugu, goizez eta arratsaldez.
-Urbateko Ander Romaratek Londresko Joko Paralinpikoetan hartuko du parte. Etorkizunean zuk Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukerak ikusten dituzu?
Ez, ez. Nahikoa daukat Espainiako txapelketetan aritzearekin, gauza handia da hori. Tira, kirolari ororen ametsa da Joko Olinpikoetan parte hartzea, baina ez dut imajinatzen ere.