Martin Zalakain ikuskizunaren bigarren emanaldirako sarrerak salgai

Martin Zalakain ikuskizunaren bigarren emanaldirako sarrerak salgai
2018/05/04 09:30
eta kitto!
Idazle ezaguna izan zen Pio Baroja Euskal Herrian eta mundu guztian Aro Garaikidean (eta gaur egun). Miguel de Unamuno bilbotarra bezala 98ko belaunaldiko kidea zen eta ehun liburutik gora argitaratu zituen. Zalakain abenturazalea (Zalacaín el aventurero) Barojaren liburu ezagunetako bat da eta, hortik abiatuz, Juan Antonio Urbeltzek Hirugarren karlistadan kokatutako kontakizuna hartu eta dantza ikuskizuna sortu du: Martin Zalakain. Kezka Dantza Taldeko 20 dantzarik hartzen dute parte bertan eta hilaren 19an 19:00etan eta 22:00etan egongo da ikusgai Coliseoan.

 

Pio Barojaren azalean sartu eta Martin Zalakain gaztearen istorioak kontatuko ditu Ander Lipus aktoreak Coliseoan eskainiko den Martin Zalakain ikuskizunean. Zuzeneko narrazioa egingo du aktore bizkaitarrak, 80 dantzari eta musikariri lerroa markatu eta gertakizunen berri emateko. XIX. mendeko bigarren erdialdeko Euskal Herrian kokatzen dira Martin Zalakainen abenturak, eta haren baitan sortutako gatazka eta gertaerak irudikatuko dituzte dantzariek.

Zalakain abenturazalea eleberrian gertatzen den moduan, Martin Zalakainen eta Kattalin Ohandoren maitasun istorioaren harian egituratzen da ikuskizuna, eta Barojaren eleberria taularatu ahal izateko, Harkaitz Cano idazleak liburuaren hainbat pasarte eta gertaera egokitu ditu. Dantza, jokoa, musika... espresio-mota guztiak batzen dira ikuskizunean. “Karlistaden garaian kokatutako Far West-eko nobela da”, Canok berak deskribatu bezala.

 

Martin Zalakain eibartarra

Literatura eta dramaturgia dantzarekin konbinatzen dira Martin Zalakain ikuskizuna sortzeko. Argia taldeak sortu du espektakulua eta Euskal Herri osoko dantzariak bildu ditu. Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Biarritz), Elai-Alai (Portugalete), Haritz (Elgoibar), Gure-kai (Deba), Arkaitz (Añorga) eta Eibarko Kezka Dantza Taldeko 80 dantzari ari dira guztira Iñaki Arregi, Jexux Larrea era Fernando Aristizabal dantza-maisuen gidaritzapean. Musikari dagokionez, Mikel Urbeltz eta Marian Arregi arduratu dira musika-konposizio eta konponketez, eta Argiako musikariekin batera arituko dira Ezpelurreko gaiteroak, Dugunako musikariak eta Plectro soka-taldea.

Kezka Dantza Taldeko 20 dantzarik hartzen dute Martin Zalakain ikuskizunean: Eider Agirrebeña, Olaiz Agirrebeña, Leire Andikoetxea, Luken Aranburu, Oier Araolaza, Egoitz Blanco, Maitane Fariñas, Josu Garate, Maite Gonzalez, Miren Hazas, Enrike Izagirre, Idoia Lahidalga, Jone Lahidalga, Ainhoa Larrañaga, Amaia Rodriguez, Jone Saez, Amaia Visus. Horien artean dago protagonista, Martin Zalakain, Josu Garatek egiten duelako bere papera.

 

Bi emanaldi

Urte bi eman zituzten Martin Zalakain prestatzen eta Eibarko Hezkuntza Esparruan hainbat entsegu egin zituzten. ikuskizuna azaroaren 11an Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu zen eta 5.000 ikusle baino gehiago izan ditu dagoeneko. Victoria Eugenia, Baluarte eta Scene National!-en emanaldiak eskaini eta gero, Martin Zalakain Coliseora iritsiko da hilaren 19an. Salgai jarri eta bi egunetara sarrera guztiak agortu zirenez, bigarren emanaldi bat eskainiko dute. Ez dago 19:00etako saioa ikusteko sarrerarik, baina 22:00etako sarrerak txarteldegian edo Kutxabanken daude salgai.