Martxan da Berbetan programaren ikasturte berria
BERBETAN
Ahozko euskara maila hobetu nahi dutenei topaleku ederra eskaintzen die Berbetanek; giro lasai eta informalak lagunduta, euskaraz lasai berba egiteko aukera ezin hobea, lotsak eta konplexuak alde batera lagata. …eta kitto!tik diotenez," programan parte hartzeko arrazoiak hainbat izan daitezke: euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzea, inguru hurbilean euskaraz berba egiteko inor ez edukitzea, erdi ahaztuta dagoen hizkuntza berreskuratzea, azterketarako prestatzea, lagun euskaldunak egitea, giro euskaldunean murgiltzea…”.
Astean behin, ordubete
Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzen dira, astean behin ordubete. “Behar eta ahalmenaren araberako taldeak ditugu, astelehenetik ostiralera goizez zein arratsaldez. Berbalagunari ondo datorkion egun, ordu eta tokian. Modu horretan errazagoa eta erosoagoa da parte-hartzea, guztion beharretara egokitzen saiatzen gara-eta”. Mintzapraktikako taldeez gain, hainbat ekintza osagarri ere eskaintzen dira urtean zehar: “Azaroan, adibidez, Bergarara joango gara, bisita gidatua egin eta bertan bazkalduko dugu. Talde ezberdinetako berbalagunak elkar ezagutzeko aukera polita da”.
Euskaldunak ere beharrezko
Berbalagun-taldeetan euskara praktikatzeko premia dutenak euskaraz ondo moldatzen diren euskaldunekin elkartzen dira. “Azken horien presentzia taldeetan oso lagungarria da, segurtasuna eta konfiantza ematen baitiete euskara praktikatzera datozenei. Baina taldeetan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa alfabetatua izatea, euskaraz ondo moldatzearekin nahikoa da”. Kasu honetan ere parte hartzeko arrazoiak hainbat izan daitezke.“Euskararen normalizazioan euren ekarpena egitea, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenei laguntzea, lagun berriak egitea…”.
GURASOAK BERBETAN
2010ean jaio zen Berbetan programatik, “familia-giroa euskalduntzeko helburuarekin”. Izan ere, elkartetik dioten moduan, “gurasoak eredu dira seme-alabentzat, baita hizkuntzarekiko dugun jarreran ere. Esparru estrategikoa osatzen du familiak euskararen transmisioan eta, hori aintzat harturik sortu genuen orain dela hamahiru urte gurasoentzat aldaera hau”. Haur Hezkuntzako (2-5 urte) eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako (6-8 urte) haurren familiek har dezakete parte.
Familia-giroa euskaldundu
Etxekoen artean euskara gehiago erabili eta bertoko giroa euskaldundu nahi duten familientzat pentsatuta dago egitasmo hau: “Etxeko hizkuntza ohituretan eta transmisioan eragiteko aldaera da, euskaraz berba egiteko ohitura berreskuratu nahi duten gurasoentzat, euren euskara hobetu nahi dutenentzat, hizkuntza hobetzeko premia duenari lagundu nahi duenarentzat…”.
Mintzapraktika talde naturaletan
Mintzapraktikako taldeak Berbetan programaren baitan biltzen badira ere, Gurasoak Berbetan ekimenak eskaintzen du mintzapaktika beste era batera egiteko aukera. “Jakitun gara seme-alaba txikiak ditugunean zailagoa egiten zaigula astero ordutxo bat hartzea; hori dela-eta, mintzapraktika talde naturaletan egiteko aukera eskaintzen diegu gurasoei, hau da, kuadrillan, eskola inguruan edo parkean elkartzen diren taldeetan… Tarte bat eskaintzea euskarari, azken batean”. Izena familia bakar moduan emateaz gain, kuadrilla edo lagun-talde moduan ere eman daiteke.
Ekintza osagarriak
Urtean zehar …eta kitto!-k antolatzen dituen ekintza osagarrien bueltan elkartu ohi dira familia gehienak. “Urtea amaitu aurretik hiru ekintza ditugu aurreikusita: Gaba Beltzaren inguruan gaileta-tailerra egingo dugu, urriaren amaieran Donostiako Aquariumera goaz eta abenduan Mari Domingi eta Olentzeroren etxera, Mirandaolara”.
Barixakuak Jolasian gaur hasiko da
Txaltxa Zelaik hartuko ditu gaur 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat jolasak 17:00etatik 18:00etara. Hurrengo barixakuan, urriak 27, Torrekuan egingo dira jolasak eta azaroaren 3an Urkizuko parkean.
ONGIETORRI
Bi urteko etenaldiaren ondoren, iazko ikasturtean heldu zion berriro …eta kitto!-k Ongietorri programari. Harrera eta elkarbizitzarako programa da eta euskarara eta euskal kulturara gerturatzea eta jatorri ezberdinetako bizilagunak elkar ezagutzea du helburu. Horretarako, “kultur eta jatorri ezberdinetako pertsonak elkartzen ditugu, herriko auzoetan, ordu eta erdiko saioetan, astean behin”.
Egitasmoa nola eta zergatik sortu zen galderari erantzunez, elkartetik diote “euskara ezer ere ez zekiten lagun asko hurbiltzen zitzaizkigun elkartera euskaraz berba egiten ikasi nahi zutela esanez. Euskara ikasten hasi aurretik, baina, euskarara, euskal kulturara eta Eibarko errealitatera gerturatzea garrantzitsua dela uste dugu, behin pauso hori emanda errazagoa izango da eta euskara ikastera animatzea”.
Taldeak auzoetan
Egitasmoak herriko lau auzotan eskaintzen ditu taldeak, seme-alabak eskolan dauden ordutegian: “Astearteetan Ipurua aldekoak EPA edo HHI-n (Helduen Hezkuntza Iraunkorra) elkartzen dira 14:30etik 16:00etara; asteazkenetan Amañako eskolan ordutegi berean; eta ostegunetan bi talde ditugu, goizez bata, …eta kitto!-n, 10:30etik 12:00etara, eta arratsaldez bestea, Arrateko Andra Mari eskolan, 14:30etik 16:00etara”.
Saio praktikoak, giro informalean
Talde txikiak dira, jatorri eta kultura ezberdinetako lagunez osatutakoak, eta saioak …eta kitto!-ko teknikari batek dinamizatzen ditu: “Giro lasaiean jarduten dugu eta gai ezberdinak lantzen ditugu, oso modu praktikoan”. Gainerako egitasmoek bezala Ongietorrik ere ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera eskaintzen die partaideei: “Eurentzat propio antolatzen ditugu ekintza batzuk, baina Gurasoak Berbetaneko familiekin batera ere antolatzen ditugu beste asko, modu polita izaten baita herritarron arteko harremanak sendotu eta sarea osatzeko”.
Ekimenean parte hartzeko
BERBETAN eta GURASOAK BERBETAN
elkartea@etakitto.eus / 943 200918
ONGIETORRI
ongietorri@etakitto.eus / 943 200918