Martxan da Lanbide Heziketako Abian Azoka

Gaur goizean zabaldu dituzte ateak Ipurua futbol zelaiko aparkalekuan eta barixakura arte egongo da zabalik
2024/02/28 13:31
eta kitto!

Lanbide Heziketako VI. Abian Azokak ateak ireki ditu gaur goizean Ipurua futbol zelaiko aparkalekuan, eta barixakura arte egongo da zabalik (gaur eta bihar 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta etzi goizeko ordutegian bakarrik). Ateak edonorentzat daude irekita eta, bertan, Debabarreneko formakuntza profesionaleko ikasketen inguruan informazioa jaso ahal izango da hezkuntza zentroek prestatu dituzten standetan.

Guztira Debabarrebeko bederatzi ikastetxek hartu dute parte: Armeria Eskola, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxea, IMH Campusa, Kardala Akuakultura, Meka Lanbide Eskola, Mutrikuko Institutua, Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxea eta Debabarreneko EHUren Eskola (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola atala eta Ingeniaritza Dualaren Eskola IMH Campus).

 

Unibertsitateak estreinakoz

Unibertsitateek lehen aldiz hartuko dute parte ekimenean, Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko lotura berretsiz. “Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa banatu egin dituzte normalean, baina hori iraganeko ikuspegia da”, aipatu du Fernando Tapia EHUko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko errektoreordeak gaur goizeko aurkezpen ekitaldian. “Paradigma aldaketa beharrezkoa da. Ikuspegi integratzaile eta osagarriaren alde egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da arlo bien arteko lankidetza”, bere ustez.

Zentzu berean egin du berba Kepa Altube Ikaslan Gipuzkoako Kudeatzaile eta koordinatzaileak. “Lanbide Heziketa eta unibertsitatea hurbiltzen goaz. Gero eta gehiago dira Lanbide Heziketatik unibertsitatera jauzi egiten duten ikasleak, eta baita alderantzizko bidea egiten dutenak ere. Hau da, unibertsitatean karrera amaitu eta Lanbide Heziketan espezializazioa egiten dutenak”, bere berbetan.

 

Debabarreneko etorkizunarentzat gakoa

Aurkezpenean berba egin duten politikariek azokaren garrantzia azpimarratu dute, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketek Debabarreneko etorkizunera begira duten garrantzia bezala. Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “Lanbide Heziketa ezinbesteko zutabea da herriko industrian enplegarritasuna sustatzeko eta etorkizunean sortuko diren erronkei erantzuna emateko. Gainera, ez da baliagarria bakarrik lanpostu duinak eta egonkorrak eskaintzeko, baizik eta bertako talentua eta enpresa ezpiritua sustatzeko ere eta, horrela, Eibarrentzat eta Debabarrenarentzat etorkizun oparoa bermatzeko”.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Debegesako presidenteak adierazi du Debabarrenean enpresa-sare garrantzitsua dugula eta horri eutsi behar diogula. Horretarako, formakuntzaren garrantzia azpimarratu du. “Talentua sustatzeko balio du, enpresa-sare horri erantzuna emanez”, bere berbetan. “Abian Azokak eskualdean egin daitezkeen titulazioak ezagutarazteko balio du eta, era berean, eskualdeak duen indarra erakusteko balio digu”.