Martxoaren 24ra arte egongo dira XXVI. Eguen Zuri argazki lehiaketako lanak ikusgai Topalekuan
Hèctor Abela Arbuésen Harlequeens lanak irabazi du Arrate Kultur Elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketako lehen saria. Argazkilaria Katalunian bizi da, eta ezin izan da etorri saria jasotzera, baina bere poza eta esker ona azaltzeko bideoa bidali die antolatzaileei, gaurko ekitaldian ipintzeko. Azaldu duenez, saria eman dion argazkia egiteko luzaroan aritu da lanean, berak buruan zuen irudia egitea lortu zuen arte. Hori dela eta, saria jasotzeak ilusio handia egin diola ere adierazi du. Bigarren saria, berriz, Fernando Solana Marquezek eraman du, Nekaezina izenburuko lanarekin. Donostiako Aratosteetan egin zuen argazkia, Kalderero egunean, kalean zihola, ezustean, erretratuko gizona parean ikusi zuenean. Eta, hirugarren saria, Pedro Arriola Arrizabalagaren Flamenkoa lanarentzat izan da. Eibarren egin zuen argazkia, aurtengo Aratoste zapatuan, Untzagan. Azaldu duenez, eguerdian Untzaga plaza koko-jantzitako jendez gainezka zegoen, baina halako batean flamenkoz jantzitako neskak zuen jarrerak, hanken posizioak atentzioa deitu zion eta horregatik egin zuen argazkia. Inguruko jendea ez ikusteko atzealde guztia ilundu egin du.