Maruxak taldea izango da protagonista Arrate Egunaren bezperan
Arrate Eguneko, irailaren 8ko, egitaraua ezagutu zain gauden honetan, Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak jakitera eman du Arrateko Jaietarako prestatu dituen ekintzak. Hauek irailaren 7an kontzentratzen dira batez ere, Arrate Egunaren bezperan, baina 8rako ere gordeko dituzte indarrak.
Egun osoko jarduna izango da irailaren 7an, Arrateko zelaian. 08:30ean gauzak muntatzen hasiko dira eta, dena prest laga ondoren, 14:30ean, bazkari autogestionatua egingo dute.
Arratsaldean eta gauean, musika izango da protagonista. 19:00etan, txosnen irekiera egingo da eta Elektrotxufla kaleko bandak arratsaldea girotuko du. 22:30ean, Maruxak taldeak kontzertua eskainiko du eta, ondoren, Bad Sound DJ Set-a egongo da.
Maruxak 2019an Iruñeko Mendillorri auzoan sortutako zortzi laguneko kolektibo trabestia da, eta euskal tradizioa, musika, dantza eta drag-a uztartzen ditu bere proposamenean. “Folklore trabestia” deitzen dioten ikuskizunaren bidez, euskal folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berrinterpretatzen dute, genero-rolak zalantzan jarriz eta jai-guneak aniztasunerako espazio bihurtuz. Aurten Eskuminak lehen EP-a ere kaleratu dute, hainbat artista eta sortzaileren kolaborazioekin.
Arrate Egunean, gehiago
Bezperan dantza ondo egin ondoren, Arrate Eguna kirola egiten hasteko aukera emango dute Jaixak-ekoek. Horretarako, ‘barrus’ txapelketa antolatu dute Arrateko frontoian, 07:00etatik aurrera.
Ondoren, 12:00etan, ‘Etxera!’ elkarretaratzea egingo dute Arrateko zelaian.