Mek Eibar Eskubaloia berdinketaren erregina bihurtu da Zilarrezko Mailan

Donostiako Bera Bera izan zuen arerio azken norgehiagokan
Mek Eibar Eskubaloia berdinketaren erregina bihurtu da Zilarrezko Mailan
2025/01/21 17:43
eta kitto!

Eskubaloian bereziki ez da erraza izaten partidu bat berdinketarekin amaitzea, baina Eibarko taldeak jokatutako herenak berdindu ditu dagoeneko. Azken asteburuan denboraldiko bosgarren berdinketa lortu zuen Zilarrezko Mailako Mek Eibar Eskubaloik hainbat gorabehera izan zituen partiduan.

Donostiako Bera Bera aurkari izan zuen norgehiagokan, markagailuak 10-11koa erakusten zuen atsedenaldian; bigarren zatian, baina, indartsu kantxaratu ziren eibartarrak eta lau goleko abantaila ere lortu zuten. Dena dela, ez zuten horri eusten jakin, eta azkenean berdinketarekin konformatu behar izan zuten, 40 segundoren faltan neurketa irabazteko baloia eskuetan izan bazuten ere; partiduko onena izan zen Jone Aldaik ez zuen asmatu gol bihurtzen azken une horretan egindako jaurtiketa.