Mek Eibar Eskubaloiko gizonezkoen taldea Tolosari nagusitu zitzaion
1. Nazional Mailako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen Ipuruan Tolosaren aurka, defentsan egindako lan sendoari eta Jon Lopezen jokaerari esker; atezain armagina funtsezkoa izan zen tolosarrek 22 gol bakarrik sartzeko, ohi duten 30eko batez bestekoaren oso azpitik. Eibartarrak oso kontzentratuta eta ideia argiekin, eta horri esker abantaila txikiak hartu zituzten markagailuan. Lehenengo zatiaren azken zatian eta bigarrenaren hasieran tartea handitzea lortu zuten, eta partidua amaitu arte eustea ere. Garaipen horrekin, Fernando Fernandezen taldea sailkapeneko lehen postuetarako borrokan sartu da bete-betean. Zaragozaren porrotak are gehiago estutu du sailkapena, Eibar Eskubaloia bigarren eta hirugarren sailkatuarengandik bi puntura utziz.
Emakumezkoen taldeak, bestalde, 19-17 galdu zuen Urdulizen. Aurkariak pasiboaren mugan jokatzera behartzen zituzten defentsa ona erabiliz, bizkaitarrek zailtasunak jarri zizkien Mek Eskubaloikoei euren joko erritmoari eusteko. Horregatik Lucia atezaina izan zen gehien nabarmendu zena. Erasoan kosta egin zitzaien eibartarrei egoera argiak aurkitzea eta atsedenaldira hainbat goleko desabantailarekin iritsi ziren. Bigarren zatia ere modu txarrean hasi zen armaginentzat, bost gol behera ikusi baitziren lehen bost minutuetan. Hala eta guztiz ere, ez zituzten besoak jaitsi eta, azken ahaleginean, gol batera hurbildu ziren. Oraingoan, ordea, ezin izan zioten buelta eman markagailuari, eta partidua porrot estu batekin itxi zuten.