Mekolako igogailu berria datozen egunotan jarriko dute martxan
40 asteko lanen ondoren, Mekolako igogailu berria datozen egunotan jarriko dute martxan. Igogailuak Berdintasunaren pasealekua eta Mekola kalea lotzen ditu, eta Altuna y Uria enpresak egin du 1.642.547 euroko aurrekontua zuen obra. Horrela, aurten abian jartzen den hirugarren igogailu publikoa izango da.
Igogailua Berdintasun pasealekuaren parkean abiatzen da, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailetan egindako hondeaketaren ondorioz geratu den gunean. Igogailu honek 11 metroko altuera gainditzen du eta tarteko geraleku bat du Mekolako 6, 7 eta 8 zenbakietako etxebizitzei zerbitzua emateko. Goiko aldea oinezkoen pasarela batekin konektatzen da Ardantzatik eta etxebizitzen urbanizazio berritik Mekolara datorren bidera.
Udalaren arabera, igogailuak “nabarmen hobetuko du auzoaren irisgarritasuna”, eta proiektua osatzeko, bigarren gailu bertikal bat egingo dute Arrate-Bideraino, gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen urbanizazio berriaren ondoan. “Plan integralak jasotzen du, halaber, Bildosolaneko txaleta zegoen lurretan parke bat egitea jardingune zabal batekin, eta San Juan kalearen atzealdean dagoen aisialdi-eremua berrurbanizatzea”, dio Udalak.