Mendebaldeko Sahara liburutegian
Tolerantzia eta kultur-integrazioa sustatzeko helburuari jarraitzen dion Liburutegiak Topaleku programaren barruan, azaroan Mendebaldeko Sahara ardatz izango duten hainbat ekimen antolatu dituzte elkarlanean Juan San Martin Liburutegiak eta Eibar-Sahara elkarteak. Hil osoan Sahara ezagutzera emateko materialak biltzen duen gida bibliografikoa eta interesgunea eskuragarri ipini dituzte eta, horiekin batera, Jose Luis Irigoienen argazki erakusketa hilaren amaiera arte ikusgai egongo da liburutegian bertan. Horrez gain, bihar (azaroak 5) 18.30etan Alvaro Longoriak idatzi eta zuzendutako Hijos de las nubes dokumentalaren inguruko bideo-foruma egingo da Portaleko areto nagusian, Naila Babak dinamizatuta.
Azaroak 13rako Mendebaldeko Sahararen egoerari eta Eibar-Sahara elkarteari buruzko hitzaldia eta bideo-proiekzioa antolatu dituzte (19.00etan liburutegian). Azaroak 20an sukaldaritza tailerra egingo dute (18.00etan Portalean) eta parte hartu nahi dutenek liburutegian izena eman beharko dute, plaza kopurua mugatua da-eta. Eta azaroak 22an, 18.00etan Eneritz Artetxek Saharako istorioak izenburuko ipuin-kontalari saioa eskainiko du umeen liburutegian, 18.00etatik aurrera.