Mendian eman zioten hasiera Gabonei hainbat eibartarrek

Euriari eta hotzari irribarre batekin egin zioten aurre 60 lagun inguruk
2025/12/28 18:20
Ekhi Belar Errasti

Abenduaren 24an, 60 mendizale inguru elkartu ziren Gabontraila egiteko. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere (giro lanbrotsua eta hotza egon zen) eta ibilbidea lokaztuta egon arren, jende asko animatu zen jadanik ohitura bihurtu den urte amaierako trail irteeran parte hartzera. Izan ere, 60 lagunek hartu zuten Gabontrailaren 11. edizioan.

Parte-hartzaileek ohiko ibilbidea egin zuten, 16 km eta 754 metroko igoera metatuarekin. Klub Deportiboko egoitza paretik abiatu ziren, Estaziño kaletik bariantera jo zuten, bariante azpitik Santa Kurutzera, gero Usartzara, Akondia baserritik Krabeliñeko lepora (Txabola Pagola aurretik), ondoren Kalamuako lepoan “lanbro artean” argazkia egin zuten (“tontorren ez zelako giro”, euren berbetan), Kalamua tontorrera igo ziren eta zuzenean Parlamentura jaitsi ziren kabaz eta turroiaz gozatzera. Topa egin ondoren, Usartzara joan ziren ohiko bidetik, eta ibilbidea nahiko irristakorra zegoenez, Santa Kurutzeko eskolako sarreran Matxariko baserriaren bidetik jaistea erabaki zuten Depor parean amaitzeko.

Eguraldiak lagundu ez arren, antolatzaileek gustora amaitu zuten, “irteera guztietan bezala”, euren berbetan, sortu zen lagun giroa goraipatuz.

 

Negutraila eta Eibar 100 erronka

Hurrengo trail topaketa martxoaren 1ean izango da, Negutraila, Klub Deportiboko Mendi Taldeak urtero antolatzen dituen Mendi Jardunaldien barruan. Negutrailean, azken urteetan bezala, trail munduan erreferentea den Ohiana Azkorbebeitia egongo da bertaratzen diren guztiekin bere esperientzia partekatzeko.

Bestetik, maiatzaren 15-16 artean Eibar100 Trail Erronkaren II. edizioa ospatuko da. Trail erronka horretan Eibar inguruko mendietan traila praktikatuz 100 kilometro burutzeko aukera egongo da.