Miguel Arroitajauregi: “Gerra bat amaitzen denean, gauza bat da gerra galtzea, eta beste bat galtzaile izatea”
Bizitza guztia irakaskuntzari eskaini ostean, bere lehen eleberria argitaratu du Miguel Arroitajauregik. Letra gizona, buruan bueltaka zuen istorioa hitzetara eraman du ‘Perdedores y vencidos’ liburuan, gertakizun historikoak eta fikziozkoak kontakizuna uztartuz. Yraolagoitia liburu-dendan, eta Urkizuko eta Untzagako prentsa-kioskoetan dago salgai.
Hilaren 20an aurkeztuko dute ‘Perdedores y vencidos’ eleberria, 19:00etan, Portalean. Arroitajauregik historiako hiru sasoi islatu ditu liburuan: XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera, gerraostea eta 2020ko pandemia. Istorioan galtzaileak eta garaituak agertzen dira, baina galtzaile guztiak ez dira garaituak eta garaitu guztiek ez dute zertan galtzaileak izan.
‘‘Perdedores y vencidos’, galtzaileak eta garaituak. Zeintzuk dira bi terminoen arteko ezberdintasunak?
Honen atzetik historia dago. Ideia bati bueltak ematen egon naiz aspaldi: gerra bat amaitzen denean, gauza bat da gerra galtzea, eta beste bat galtzaile izatea. Galtzaileen artean beti egoten dira irabazleak, arlo ekonomikoan batez ere, baina baita kontrara ere. Orduan, sei istorio nituen aukeratuta. Hiruk oinarri historikoa zuten, batzuek lotura pertsonalarekin; eta beste hiru nik asmatutakoak ziren. Lau edo bost urte ibili nintzen hori nola lotu pentsatzen, zerbait idatzi nahi nuelako. Beti gustatu zait idaztea, baina idazten hasi arren, ez nuen ezer lortzen. 2022ko udan, praktikoagoa izateko asmoz eta sei istorioak lotzea lortzen ez nuenez, hiru aukeratzea erabaki nuen.
Horrela bai lortu zenuen istorioarekin aurrera egitea?
Jubilatzen zarenean, gehien duzuna denbora da, eta beti ibiltzen naiz irakurtzen edo Interneten gauzak arakatzen. Orduan, Cadizko futbol taldearen zelaiaren izena aldatu behar zutela ikusi nuen. Ramon de Carranza zuen izena eta Nueva Mirandilla jarri zioten. Carranzaren historia zein zen ikertzen hasi nintzen eta xehetasun bat aurkitu nuen: Ramonen anai bat, Fernando, Alemaniako enpresa baten izen-mailegatzailea izan zen gerraostean. Sofindus zen enpresaren izena eta wolframioaren kontuan egon zen sartuta, wolframioak interes belikoa zuelako Alemaniarentzat. Kontua da nik aukeratutako hiru istorioetako bat Cadizen zegoela kokatuta eta beste batek wolframioaren gaia lantzen zuela (kasu honetan, Bierzon).
Seinale bat izan zen?
Horrelako zerbait. Udatik bueltan, gau batean, buruari bueltak ematen, bonbila piztu zitzaidan eta liburua idazteko nondik jo nezakeen pentsatu nuen. Hortik aurrera, idatzi ahal izateko disziplina pixka bat ezarri nion neure buruari eta dokumentazio lana egiten hasi nintzen. Hiru hilabete ibili nintzen jo eta su informazio bila, eta nik asmatutako istorioekin lotura nola egin zitekeen pentsatzen. Bide bat hartu nuen eta 2023ko urtarrilean liburua idazten hasi nintzen. Udan amaitu nuen eta ezagun batzuei eman nien irakurtzeko.
Nolako harrera izan zuen?
Oso ekarpen interesgarriak egin zizkidaten eta gauza batzuk kontuan hartzeaz gain, beste batzuk zuzentzeko balio izan zidan, gaizki zeudelako. Horrela, liburuaren azken bertsioa osatu nuen eta hurrengo pausua liburua argitaratzea izan zen.
Nola egin zenuen?
Argi nuen ez nuela argitaletxe askotara jo nahi. Beraz, autoedizioaren aldeko hautua egin nuen. ‘Circulo rojo’ argitaletxearekin egin dut elkarlana eta oso gustora gelditu naiz. Oso pozik nago emaitzarekin.
Istorioa hiru sasoi historiko ezberdinetan banatzen da. Zergatik?
Alde batetik, hasiera bat dago XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran kokatzen dena; eta gero, mamia duen sasoia gerraostea da, hau da, 1940. hamarkada. Bestetik, pentsatu nuen ondo egongo litzatekeela gaur egungo ikuspegia ematea eta pandemiaren sasoia islatu nuen, bakoitza bere etxean egon zen momentu hura. Horrela, istorioa lotzeko, pertsonaia nagusiaren ilobaren figura sortu nuen. Bere amona hiltzen denean errudun sentitzen da, berarekin egongo zela esan ziolako, eta lan bat betetzeko beharra sentitzen du. Orduan, Interneten sartzen da amamak eta amak esandakoen inguruan ikertzera.
Beraz, hiru sasoiak lotuta daude?
Sasoi zaharrenetako istorioak paraleloak dira, eta pandemiaren sasoiak balio du azaltzeko beste istorioetan zer gertatzen den.
Hiruretan galtzaileen eta garaituen istorioa dago?
Hasieran pentsatuta nituen sei istorioek gai hori zuten amankomunean, batez ere umeen edo gazteen ikuspegitik. Liburuko pertsonaia nagusia militar frankista bat da. Militarra da tokatu zaiolako, baina kargua lagatzea da bere asmoa. Ostera, lagun batek, Carranzaren seme batek, dirua irabazteko aukera eskaintzen dio modu ezkutuan wolframioa lortzen zutenekin negozioak eginez. Gerrako bando irabazleko militarra izanik, bere alaba oso ondo bizi da, baina bat-batean desagertu egiten da. Zergatik? Alemaniarrek wolframioarekiko interesa galtzen dute; AEB-k eta Erresuma Batuak Franco presionatzen dute naziak entregatzeko, bestela Espainiaren aurka jarriko direla esanez... Testuinguru horretan errudunak bilatzen dituzte eta Carranzaren alaba desagertu egiten da. Liburuan behin besterik ez dira agertzen galtzaile eta garaitu berbak, apaiz baten berbetan: “Nire eliztarren artean ia ez dago garaiturik, baina ia denak dira galtzaileak”.
Nola moldatu zara kontakizun historikoa eta fikzioa modu egokian uztartzeko?
Zentzu horretan, lagun batek esan zidan bezala, sen didaktikoa irten zait. Izan ere, gauzak azaltzea gustatzen zait eta liburuan hainbat azalpen-ohar jarri ditut gertakizun historikoei lotuta.
Nolako liburua dela esango zenuke?
Hasieran esaten nuen nobela historikoa dela eta bai, bada, baina fikzioa garrantzitsuagoa dela uste dut. Orduan, datu historikoak dituela kontuan hartuta, fikzio modernoa dela esango nuke. Pertsonaia garrantzitsuenak nik asmatutakoak dira. Idazleen artean asko baloratu izan dut gauza oso zail bat: hizkeraren bitartez pertsonaia bakoitza zein garaitakoa den, zein maila sozial eta ekonomikoa duen, eta abar. Hori egiten saiatu naiz. Adibidez, XIX. mendeko apaiz batek moja den ahizpari idatzitako karta batzuk agertzen dira liburuan eta lan handia egin behar izan dut bere hizkera behar bezala adierazteko. Horretarako, ‘La regenta’, ‘Pazos de Ulloa’ eta horrelako liburuak berriz irakurri behar izan ditut hizkera horretan murgiltzeko eta espresioak hartzeko. Bestetik, Bierzoko toki batzuetan gaztelania eta galegoa nahasten dituzte, eta liburuan hango pertsonaiek berba egiten dutenean berezitasun horri eusten saiatu naiz, aditzekin batez ere, galegoz ez dagoelako aditz konposaturik. Gustora gelditu naiz lan horrekin, hainbat urtetan azaldu ditudan gauzak islatzen saiatu naizelako.
Zuretzat zer izan da liburu bat kaleratzea?
Hasieran ilusioa nuen, baina lagunen artean banatzea pentsatzen nuen. Gero, animatzen joan naiz. “Zorionak liburuagatik”, esan zidaten lehengo egunean Eibarren partiduan. Agian esan zidanak ez du liburua irakurriko, baina agur horrek merezi duen zerbait egin duzula erakusten du eta pozgarria da. Bestalde, liburuak etxera heldu zirenean demaseko poza eman zidan, oso sentsazio polita da.