MIKEL KAYE: “Miñan demaseko aukera izan da niretzat, antzeko egoerak oso gertutik bizi izan ditudalako”
Ibrahima Baldek Gineatik Europara egindako bidea Amets Arzallusi ahoz kontatu eta hark Miñan liburuan jaso zuen. Nobelak bere bidea egin zuen milaka migratzailek bizi duten odisea irakurleen artean zabalduz, eta gero istorioak ibilbide berri bat hasi zuen antzezlan bihurtu arte. Obrak urrian ikusi zuen argia Bilboko Arriaga antzokian eta astelehenean iritsiko da gurera.
Artedrama arte eszenikoen plataformak taularatu du Miñan, New Yorken (AEB) jaio eta Ziburun hazi den Timberlake Wertenbakerrek liburua antzerkirako egokituta, Ander Lipusek zuzenduta, eta Sambou Diaby aktorea protagonista delarik, Lipus bera, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktore dituela. Azken horrek, ermuarra izanik, oso lotura estua du Eibarrekin eta atsegin handiz jaso gaitu bere jaioterrian.
Sambou Diaby sartzen da Ibrahima Balderen azalean eta beste aktoreek hainbat paper egiten dituzue. Nola moldatzen zarete hainbeste pertsonaia antzezteko?
Antzezlana ia-ia monologo bat da. Sambouk hartzen du Ibrahimaren papera eta publikoarekin hitz egiten du. Hori narrazioaren planoa izango litzateke, baina beste plano batean ekintza dago eta Lipusek, Eiharak eta hirurok jokatzen dugu hor. Hau da, Sambouk kontatzen duena berarekin batera gorpuzten dugu eta eszena ezberdinak sortzen ditugu. Gutako bakoitzak 14-15 pertsonaia egin behar ditugu eta teloi atzean ahal den moduan ibiltzen gara aldatzen (barreak).
Erronka izango da pertsonaia batetik bestera ibiltzea. Alde handia dago pertsonaia batetik bestera?
Antzezlan osoa da erronka, baina baita pertsonaia ezberdinak antzeztea ere. Asko gustatzen zait pertsonaia ezberdinekin jokatzea eta bai, oso ezberdinak dira euren artean. Adibidez, momentu batean Miñanen papera egiten dut, Ibrahimaren anaiarena (Miñanek anai edo arreba txikia esan nahi du Ibrahimaren hizkuntzan), baina aurreko eszenan osaba zaharrarena egiten dut.
Antzezlanak Ibrahimak Afrikatik Europara egindako bidea kontatzen du, baina nolako kontakizuna egiten da zehazki?
Ibrahimari benetan gertatu zitzaion historia azaltzen da, baina orokorrean jende askori pasatu izan zaiona da. Beti oso antzeko istorioak izaten dira. Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetatik Europarako ibilbidean, ikusten da migratzaile asko Afrikan bertan gelditzen direla bidean, nahiz eta guk buruan Mediterraneoa gurutzatzerakoan pasatzen dutena eduki (hori ere oso arriskutsua delarik). Bidaiaren fase ezberdinetan Ibrahimari gertatu zaizkion gauzak kontatzen dira, gauza txarrak gehienak, baina horietan laguntasun istorioak eta gauza politak ere ikusten dira.
Benetan gertatu den istorioa izanik eta beste askok antzeko egoerak bizi dituztela jakinda, nola sentitzen zara hori antzezterakoan?
Niretzat demaseko aukera izan da oso gertutik bizi izan dudan egoera izan delako. Nik neuk ez dut bizi izan, baina aitarengandik edo familiako beste askorengandik entzundako istorioak izan dira, berdin-berdinak. Antzeko egoerak bizi izan dituzten lagun asko ditut eta etxetik pasa direnek istorio berdinak kontatu dizkigute. Beraz, aukera izan da ezagutzen nuen istorio bati aitormena egiteko. Beti gustatu izan zait gai hau pelikuletan ikustea eta nik neuk antzezteko aukera edukitzea demaseko aukera izan da. Bestalde, uste dut Sambouk egiten duen paperak pertsonaian gehiago barneratzen lagatzen diola, istorio osoan zehar ibilbidea egiten duelako eta emozionalki beste inplikazio bat eskatzen diolako. Beston kasuan ez dugu horretarako tarterik. Eszenatokian sartzen gara, esaldi bat esaten dugu, irten egiten gara, aldatzen gara eta horrela gabiltza. Beraz, orokortasunean badaukat inplikazioa istorioarekiko, baina antzezten nagoenean askoz ere mekanikoagoa da eta egoera bakoitzean antzeztera sartzen naiz, jokoan sartzen naiz, baina segituan irten behar izaten naiz. Polita izaten da pertsonaian guztiz murgiltzea lortzen duzunean.
Ibrahimak bizitakoa milaka lagunek bizi izan dute eta, askotan, zifrak besterik ez dira bihurtzen guretzat. Garrantzitsua da horrelako kontakizunen bitartez zifra horien atzean pertsonak daudela erakustea?
Zoritxarrez oso momentu egokian etorri den istorioa da hau. Europarako migrazioa orain dela hamarkada batzuk hasi zen, baina azkenengo urteetan gora egin du. Miñanen ez dugu kontatzen horren arrazoiak zeintzuk diren, ez dugu esaten Afrikako herrialde hauen pobretzea neurri handi batean Europako ongizate estatuari eusteko egin den espoliazioaren ondorioz gertatu dela. Gai horrekiko bi gauza dira garrantzitsuak: batetik, gaiaren inguruan jasotzen ditugun albisteak, datuak eta abarrak; eta bestetik, subjektuak eta izenak jartzea. Adibidez, Gazan gertatzen denaren inguruan datuak ikusten ditugu bakarrik eta ia-ia horietara ohitu gara. Hasieran, haur bat anaiaren eskuetan ikusten genuen eta hunkitu egiten ginen, baina orain hainbeste dira, ahaztu egin ditugula. Kasu honetan berdin gertatzen da eta garrantzitsua da horrelako historiak kontatzea, jendeari iristen zaizkiolako. Gutxienez kontzientzia edukitzea eta ez ahaztea zifra horiek benetako zerbait direla.
Ibrahimarekin eta Ametsekin elkarlanean aritu zarete liburua antzerkira eramateko?
Antzezlanean demaseko taldea izan dugu zorionez. Amets bai izan dugu prozesu osoan zehar, baina Ibrahima ez. Madrilen bizi da gaur egun eta ez berak ez Ametsek ez zuten nahi gehiegi inplikatzea horretan, bere istorioa delako bertan kontatzen dena. Arriaga antzokian egin genuen estreinaldira etorri zen, baina ez zuen antzezlana osorik ikusi, azkenengo 15 minutuak baizik. Gero eszenatokira igo zen eta oso momentu hunkigarria izan zen. Antzerkirako egokitzapena Timberlake Wertenbakerrek idatzi du. Ziburukoa bada ere, Londresen bizi izan da ia bizitza guztian eta gero Ipar Euskal Herrira itzuli zen euskara berriz ikastera, eta Ametsekin harremana egin zuen. ‘Miñan-‘en ingelesezko itzulpena berak idatzi zuen eta bere asmoa antzezlana Londresen egitea zen. Pandemia tarteko, asmoa ez zen gauzatu eta Lipusek hemen egitea erabaki zuen (uste dut Londresen datorren hilabetean estreinatuko dela beste antzerki-talde batekin). Ametsek proiektuari baiezkoa eman zion, Timberlake eta Artedrama ondo ezagutzen zituelako. Izan ere, Ametsek asko zaindu nahi zuen Ibrahimaren historia, ez zuen merkatuaren dinamikan sartu nahi, istorioa zaintzatik edo ezinegon batetik kontatzea nahi zuen. Beraz, Amets gurekin aritu da, entseguetara eta egonaldietara etorri izan da, hizkuntzaren egoera mila ohar ematen zizkigun (Ibrahimaren kontatzeko era islatu zuen liburua, Ibrahimak frantsesez kontatuta eta berak euskaraz jarrita)…
Artedramak asko zaintzen ditu antzezlanak eta prozesuak. Nolako-lanketa prozesua izan da?
Zuzendaritzan Lipus ibili da, Manex Fuchs aktoreen zuzendaritzan, Philippe Ducou izan da bigarren zuzendaria eta koreografoa… Hasieran ez nuen sinesten ere bertan ari nintzenik. Karreran sartu aurretik ez nuen Artedrama ezagutzen, baina bertan sartu eta gutxira ‘Zaldi urdina’ ikusi nuen Ermuan. Geroztik Artedrama gehiago jarraitu dut eta euskal antzerkiaz berba egiten denean ezinbesteko konpainia da. Lipus tailer batean ezagutu nuen eta idatzi zidanean ez nuen sinesten. Gero, demaseko taldearekin egin dugu lan, asko maite dugu elkar.
Urrian estreinatu zenuten eta harrezkero hainbat emanaldi eskaini dituzue. Antzezlanak nolako harrera izan du?
Ezin hobea. Estreinatu aurretik emanaldi dezente genituen lotuta eta horrek segurtasuna eman dezake edo kontrara, demaseko urduritasuna genuelako antzezlanaren inguruan sortu zen espektatibarengatik. Zorionez oso harrera ona eduki du. 71 saio eskaini ditugu, antzokiak bete egin dira (tamalez antzerkian oso ohikoa ez dena) eta guretzat plazerra ari da izaten. Agian gazteok gaizki ohitzen ari gara, baina zoragarria dihardu izaten. Gainera, jende gazte asko etorri izan da ikustera, ez dakit eskolan Miñan irakurri izan dutelako edo zergatik den, baina guretzat plazerra da gure adineko jendea datorrela ikustea, Lipus kenduta besteok 22-25 urte ditugulako. Emankizunen amaieran ikusle asko gerturatzen zaizkigu eurentzat Miñanek zer suposatu dien kontatzera edo zergatik duten begirunea gai horrekiko… Oso une polita izaten da.
Zure aktore ibilbidea hasi besterik ez duzu egin. Hasi eta berehala horrelako antzezlan bat egitea zer da zuretzat?
Pandemia ostean hasi nintzen antzerkia ikasten eta iazko ekainean amaitu nuen karrera. Karrerak helduleku handia ematen dizu, batez ere ikasitakoa praktikan jarri izan dugunean. Adibidez, karrera amaierako lanerako antzezlan profesional batetik ahalik eta gertuen dagoen zerbait sortzen saiatu behar ginen. Xabier Montoiaren lan batean oinarritutako ‘Gasteizko hondartza’ izeneko antzezlana egin genuen, Antton Lukuren egokitzapenarekin, eta zuzendaria Ximon Fuchs izan zen, klasekoek horrela eskatuta. Ordurako Miñan-ekin hasia nintzen, beraz, ezagutzen nuen. Hori izan zen nire lehen esperientzia. Bestalde, Ekida arte ekimen sozialistarekin ‘Plaza hau gurea da’ antzezlana estreinatu genuen iaz eta udan horrekin ibili izan gara hara eta hona, uda honetan azken emanaldiak eskainiko ditugularik. Orduan, esperientzia gutxi daukat, baina niretzat oso aberasgarria.
Antzezteaz gain, musika egiten eta abar ere ikusi izan zaitugu. Beti eduki duzu artearekiko joera hori?
Amarengandik jaso dudan zerbait dela uste dut. Txikitan ordu asko pasa ditut amarekin Ermuko antzokian gauzak ikusten edo lehenengo lerroan lo amak gauzak ikusten zituen bitartean (barreak). Amak bai izan du musikarekiko demaseko begirunea, gitarra jotzen zuen. Txikitan musika eskolan hasi nintzen. Egia esan, denean nahi nuen izena eman. Pentsa, eguaztenetan balletera joaten nintzen eta eguenetan errugbira Eibarrera, zoramena zen. Musikoa izateko oso diziplinatua izan behar zara eta ni ez naiz. Ermuan antzerkian ibili nintzen bi urtez, baina Juan Carlos irakaslea zendu egin zen eta laga egin nuen. Dantzan urte askoan ibili nintzen. Alde batetik, euskal dantza taldean, Txindurrin, txikitatik orain dela urte batzuetara arte. Eta gaur egun bertan ez banabil ere, beste egunean, Hartza Egunean, han egon nintzen dantzan. Eta bestetik, Eibarko Biraka dantza eskolan ibili nintzen urte nahikotxo, baina ez zen nire fuertea. Gustatuko litzaidake dantza ondo egitea, baina ez da kasua (barreak). Txikitan aktorea izan nahi nuela esaten nuen, baina ez dakit zergatik. Kontzertuak ematea gustatzen zitzaidan, baita dantza emanaldiak egitea ere, urduritasun hori sentitzea, baina ez dakit zergatik aktorea izan nahi nuela esaten nuen. Momentu batean dena laga nuen, errugbian bakarrik ibili nintzen, eta Batxilergoa amaitzen nengoela ez nekien gero zer egin. Batxilergo zientifikoa egin nuen, baina alferkeria ematen zidan karrera bat egitea, ingeniaritza edo horrelako zerbait. Historia, ingeniaritza… Nahiko aukera ezberdinak nituen buruan, eta orduan antzerkia egiteko gogoa piztu zitzaidan. Ez nuen Dantzerti ezagutzen, ez nekien arte dramatikoaren karrera egin zitekeenik ere, baina irakasle batek eman zidan horren berri eta kuarentena iritsi zen. Horrek nire gogoa areagotu zuen, etxean hainbeste ordu bakarrik eta aspertuta egon nintzenez, bideo tontoak grabatzen, musika egiten eta abar ibili nintzelako. Orduan, Dantzertin sartu nintzen bigarren saiakeran, lehenengoan COVID-a harrapatu nuelako hautaketa-prozesu betean. Bestetik, musikari dagokionez, kuadrillakoekin Indabak taldean ibili izan naiz eta baita Baskbiltix taldean ere, baina ezinezkoa izan da horiekin jarraitzea.
Ermuko antzokian Miñan eman duzue dagoeneko eta orain Coliseon tokatzen zaizue. Eibarrekin nahiko lotura estua duzunez, nola hartzen duzu bertan aritzea?
Ermuan demaseko harrera egin ziguten. Oso polita izan zen. Antzokia lepo bete zen. Txikitatik inguruan eduki duzun jendea bertan ikustea oso berezia izan zen. Amama lehenengo lerroan egon zen. Ermura etorri arte toki guztietan antzokiak betetzen genituen, eta arduratuta negoen Ermura etorri eta beteko ez ote zen. Gainera, Ermuko antzokia oso handia da. Urduri bizi izan nituen egun horiek, baina oso berezia eta polita izan zen. Orain, Eibarren aritzea, alboko herrian, ba bikain! Harreman estua dut Eibarko jende askorekin eta urduri nago baita ere. Ikusi dut sarrera dezente saldu direla eta zabalduko dut ezagunen artean astelehenean bertan egongo garela eta animatzeko. Antzerki Jardunaldietan emango denez, astelehena tokatzen zaigu eta agian ez da egunik onena, baina ez da ordu txarra ere eta espero dut Eibarrek erantzutea.