Mikel Markezek disko berria aurkeztuko du barixakuan Coliseoan
Barixakuan (hilaren 17an) Mikel Markez kantariak Indar bat dabil hor disko berria aurkeztuko du Coliseoan. Hamargarren diskoaren aurkezpen kontzertuan ez du bakarrik jardungo, gaur (martitzena) prentsaurrekoan azaldu duenez: "Taula gainean hirukoteak lagunduko dit. Diskoa grabatzeko orduan aparteko garrantzia izan duen Arkaitz Miner (biolina, mandolina eta gitarra akustikoa), Satxa Soriazu (pianoa eta teklatua) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) nirekin batera izango dira". Orain arte beste hiru kontzertu eman ditu Markezek eta oso emanaldi polita izango dela aurreratu du: "Bizi dugun egoeraren jakitun izan arren, apropos ahalegindu naiz mezu baikorrak zabaltzen eta uste dut jendeak hori eskertzen duela". Emanaldia 20.30etan hasiko da eta sarrerak 8 euro balio du. Sarrerak internet bidez, kutxabank.es helbidean eros daitezke eta, bestela, barixakuan bertan Coliseoko leihatilan 19.30etatik aurrera. Bestalde, Gazte Txartela, langabetu txartela eta ikaste txartela aurkezten dutenek euro biko beherapena izango dute (txartela sarrera erostean zein ikuskizunera sartzean erakutsi beharko dute).