Mikel Oribe eta Amaia Urrejola: “Sexualitatea balore gisa lantzeko ideia berriak sustatuko ditugu ikastaroan"

Mikel Oribe eta Amaia Urrejola: “Sexualitatea balore gisa lantzeko ideia berriak sustatuko ditugu ikastaroan"
2019/09/27 09:22
eta kitto!
Euskal Herriko Sexu Heziketa eskolak “SEXU HEZIKETAN BEGIRALEA, HEZKIDETZA ETA ANIZTASUNA” ikastaroa sortu du, Izanez elkartearekin batera.  Urrian hasi eta ekainean amaituko da. Ikastaroa 150 ordukoa izango da, Arrasaten. Helburua sexologia zientzia jendearengana hurbiltzea eta sexualitatea balore gisa lantzeko ideia berrien gainean lan egitea da. Ikastaroaz gehiago jakiteko  Amaia Urrejola psikologo eta badago sexologo eibartarrarekin eta Mikel Oribe sexologo eta genero-indarkerian aditu bilbotarrarekin egon gara. Oraindik izena emateko aukera. Eibartik joan nahi dutenentzako %10eko deskontua egongo da. Informazio gehiago (www.ehshe.com /  946 026 190)

- Zein da Euskal Herriko Sexu Heziketa eskolan egiten duzuen lana?
2007an Bilbon sortu genuen irabazi asmorik gabeko Kooperatiba da. Sexologian adituak gara eta Euskadi mailan egiten dugu lan. Ikastetxeetan ikasle, irakasle eta gurasoentzako sexu heziketa eskaintzen dugu eta, horrez gain,  terapiak eta genero-indarkeriren prebentzio ikastaroak ere ematen ditugu. Laster hasiko dugun ikastaro berri hau Izanez sexualitate anitzak zaintzeko eta lantzeko euskal elkartearekin batera antolatu dugu.

- Eibartik nahiko gertu, Arrasaten emango duzue “Sexu heziketan begiralea, hezkidetza eta aniztasuna” ikastaroa. Zer eskainiko duzue?
150 orduko ikastaroa izango da, eta euskeraz. Guztira 10 asteburutan emango da, hilean asteburu batean: larunbat osoa, 10:00etatik 20:00etara, eta igande goiza. Helburua  sexologia zientzia jendearengana gerturatzea izango da. Ez da sexologiako master bat, askoz ere praktikoagoa izango da, eta eduki gutxiago izango ditu. Horrekin esan nahi dugu jendeak bere lanbideetan erabili ahal izango duela. Kuriositatea daukatenek edo sexu heziketan jardun nahi dutenek ere egin dezakete, nahiz eta oraindik ogibiderik ez izan. Sexologiarekin lehen harremana izateko oso egokia da. Aurrez aurreko 120 ordu izango dira, eta 30 ordu online. Lanak egin beharko dira eta nahi dutenentzat praktikak egiteko aukera egongo da.

- Beraz, ikasitakoa lanbide  edo egoera desberdinetarako baliogarria izango da.
Era askotako jendearentzat izan daitete, sexualitatearekiko interesa daukaten guztientzat eta pertsonekin lan egiten duten guztientzat. Ume, nerabe, heldu edo zaharrekin lan egite dutenek sexualitatearen eremura hurbiltzen direnean askotan ez dakite zer egin eta gaia ekiditu, ezeztatu egiten dute. Esate baterako, erresidentzietako zaintzaile eta hezitzaileek sexualitatea zahar etxeetan nola landu ikasiko dute; edo nerabeen udalekuetako begiraleek zer egin behar duten sexuarekin lotutako egoerak sortzen direnean. Irakasleentzat ere oso aproposa da, egunerokotasunean ikasleekin gaia tratatzeko erramintak emango zaizkielako. Beraz, pertsonekin tratatzen duten guztiek euren egunerokotasunean gai hau modu profesional batean txertatzeko erremintak barneratuko dituzte.

- Zer aurkituko dute ikastaroan?
Ezagupen, baliabide eta gaitasun teoriko zein praktikoak lortuko dituzte. Horretarako ikusentzunezko dinamikak egongo dira, jokoez baliatuko gara eta eztabaidak oso inportanteak izango dira. Ikasi ditugun gauza mordoa “desikastea” ezinbestekoa da, hau da, sexuaren inguruan barneratu ditugun ideia, sinesmen eta eskema mentalak deseraiki behar ditugu, guzti horren oinarrian sexuaren inguruko ideia desegokiak daude-eta. Ideia horiek guztiz kaltegarriak dira, sexua arriskutsua eta zikina dela sinestarazten digutelako, eta guztiz kontrakoa da. Kultibatu beharreko balorea da. Sexua “purgatu” egin behar dugu.

- Gaiak nola banatu dituzue?
Gaiak nahastuta emango ditugu, baina 5 bloke edo arlo nagusi izango dira: sexologia (episteme sexologikoa eta sexu pedagogia), hezkidetza, sexualitate anitzak (aniztasun funtzionalaz eta kultur artekotasunaz hitz egingo dugu), gorputzak eta emozioak,  eta sexualitatea aro digitalean.

- Zeintzuk gidatuko duzue ikastaroa?
Sexologoak gara ikastaroa emango dugunak, baina gutaz aparte sexologian adituak diren laguntzaile asko egongo dira, esate baterako Munduko Medikuak,  Bizigay, HIESAren kontrako T4 eta Sidalava elkarteak, urritasun fisikoa dutenen elkartea, Errespetuz transexualen elkartea edo Naizen ume transexualen familien elkartea.