Minbiziaren Aurkako Martxa egingo da Eibarko kaleetatik ekainaren 7an
Minbiziaren Aurkako Martxaren 4. edizioa egingo da ekainaren 7an, zapatua, Eibarren. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatzen duen ekimenak milaka lagun bildu ohi ditu eta aurten antzeko parte-hartzea egotea espero dute antolatzaileek.
Hiru kilometroko martxa 11:00etan hasiko da, Untzaga plazan, eta amaiera leku berean izango da. Parte hartu nahi dutenek, honako toki hauetan eros ditzakete dortsalak (kamiseta barne): RockTheSport.com webgunean, Eibarko jubilatu etxeetan, Ipurua kiroldegian, Amaña es la Caña kioskoan, eta Minbiziaren Aurka elkarteak Eibarren duen egoitzan (Ardantza, 11), azken honetan goizeko 10:00etatik 13:00etara.
Martxaren helburua da "gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzea eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea".
Informazio gehiago enmarcha.contraelcancer.es webgunean edo 943 45 77 22 telefonoan.