Mireia Gabilondo: "Desobedientzia zibila zenbat eta presenteago egon, orduan eta osasuntsuagoa da demokrazia"
Tanttaka Teatroak Desobedienteak 18/98 antzezlana Eibarrera ekarriko du ostiral honetan, urtarrilaren 16an, 19:00etan, Coliseo antzokira. Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendutako lanak desobedientzia zibila du ardatz, demokraziarekin bateragarria den tresna gisa ez ezik, hura babesteko ezinbesteko erreminta gisa ere ulertuta. 18/98 sumarioa abiapuntu hartuta, antzezlanak memoria historikoa eta gaur egungo gizartearen erronkak jartzen ditu oholtzaren gainean. Eibarko emanaldia dela eta, Mireia Gabilondorekin hitz egin dugu, proiektuaren sorreraz, desobedientzia zibilaren esanahiaz eta antzezlanak ikusleengan piztu nahi duen hausnarketaz.
Zerk eraman zaitu Desobedienteak 18/98 antzezlana zuzentzera, eta zergatik iruditu zaizu garrantzitsua proiektu honetan parte hartzea?
Aspalditik landu nahi genuen gaia zen. Fernando Bernues hasi zen lehenik gaiari bueltak ematen, nola heldu eta zer egin pentsatzen. Joxemi Zumalabe Fundazioarekin elkartu zen —lagun batzuk ditugu han—, eta haiekin hitz egin ondoren ikuskizun bat sortzeko beharra sentitu genuen. Hurrengo pausoa Maria Goirizelaiari testua eskatzeko erabakia izan zen, eta testua esku artean izan genuenean, Fernandok eta biok elkarrekin zuzentzea erabaki genuen. Bien artean egin dugu, gainera, Goirizelaiaren testuaren moldaketa.
"Desobedientzia zibilaren gaia oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun, ezezaguna delako askorentzat. Eta gauza bera gertatzen da 18/98 sumarioarekin: jende askok ez dauka argi zer izan zen eta nola garatu zen"
Ikuskizunean neska gazte bat da protagonista, unibertsitatean doktore-tesia defendatzen ari dena. Bere tesiaren bidez, historian zehar desobedientzia zibilari esker lortu diren hainbat lorpen azalduko dira: Gandhiren eta Rosa Parksen kasuak, Martin Luther King, intsumisioa… hainbat adibide agertzen dira. Horrez gain, 18/98 auzia eta Joxemi Zumalaberen kasua ere lantzen dira.
Antzezlanak desobedientzia zibila du ardatz. Zer da kontzeptu hori zuretzat, eta zergatik da gaurkotasun handikoa?
Desobedientzia zibilak beti izan du garrantzia, bai historian zehar eta baita gaur egun ere. Gaur egun oraindik badira gizarte gisa aldatu nahi ditugun egoerak, eta askotan legeek aldaketa horiek egitea eragozten dute. Uste dut beharrezkoa dela lege horiek aldatzeko nahia aldarrikatzea, edo behintzat agerian uztea zenbat jende dagoen aldaketa horien alde.
Ikuskizunean zehar hainbat aldiz azpimarratzen da desobedientziaren inguruan aritu diren pentsalari eta filosofo askok azaldu dutela zein garrantzitsua den desobedientzia zibila demokrazia batean. Nire ustez, desobedientzia zibila zenbat eta presenteago egon gizarte batean, orduan eta demokratikoagoa izango da gizarte hori. Horren inguruko hausnarketa egiten du lanak.
18/98 sumarioa askok ez dute ezagutzen. Zer ekarpen egin nahi dio antzezlan honek memoria historikoari?
Ikuskizunean sumarioa nolakoa izan zen erakusten da: galdeketak, hamabost egunean behin Madrilera joan beharra, estatutik irteteko debekua… pertsona asko kartzelan egon ziren epaiketa amaitu arte. Gero, akusatuak askatu zituzten, eta Auzitegi Gorenak libre utzi zituen; gainera, lehen aldiz onartu zuen desobedientzia zibila eskubide zibilak defendatzeko tresna legitimoa zela. Horrek guztiak garrantzi handia du memoria historikoari dagokionez.
Erritmo bizia eta eszena-aldaketa ugari dituen lana da. Zer bilatu duzue horrekin ikuslearengan?
Antzezlan honetan oso espazio hutsa daukagu oholtza gainean. Eszenatokian pantaila handi bat dago, irudi eta testu-proiekzioekin, eta aulkiak eta atril bat besterik ez. Protagonista unibertsitateko gela batean tesi-defentsa egiten ari balitz bezala ikusten dugu.
Une batzuetan, pantailan agertzen diren testu eta irudien bidez pasatzen gara eszena batetik bestera, non gauden adieraziz. Bost aktorek parte hartzen dute: Aiora Enparantzak (euskaraz) eta Miren Arrietak (gaztelaniaz) protagonistaren papera egiten dute; Iñigo Azpitartek eta Omar Somalik beren rolak dituzte; eta Klara Badiolak eta Kepa Errastik hainbat pertsonaia interpretatzen dituzte, oso erritmo bizian. Ordubete eta hamar minutuko iraupena du lanak, eta oso arin igarotzen da. Horrek lan handia eskatu die aktoreei, batez ere testuaren aldetik.
Ikusleak antzokitik irtetean, zer sentimendu edo galdera eramatea gustatuko litzaizuke?
Gizartearen egoeraren inguruko hausnarketa bat egitea gustatuko litzaiguke: zer gertatzen ari den, nola gauden… baina, aldi berean, ilusioz irtetea ere bai, gauzak aldatzeko aukeran sinetsita. Nahiko genuke ikusleak desobedientzia zibilaren inguruko ideia argi batzuekin irtetea, eta pentsamendua piztuta eramatea.