Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa egingo dute zapatuan EHKSk eta IASek, Euskadi-Cuba elkartearekin
Kubara eramateko oinarrizko produktuak bilduko dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Kubako herriak “muturreko egoera” bizi duela salatu dute, besteak beste, AEBen blokeoagatik, eta horri aurre egiten laguntzeko, oinarrizko produktuak bilduko dituzte apirilaren 25ean (zapatua) Euskal Herriko 93 herritan, eta 100 hezigunetan baino gehiagotan apirilaren 24ra (barixakua) bitartean. Horrela, Eibarren Toribio Etxebarria kalean bilduko dute materiala zapatuan, 10:00etatik 14:00etara; Ermuan, Kardenal Orbe plazan, 10:00etatik 14:00etara; eta, Deban, udaletxe plazan, 10:00etatik 14:00etara.
Egoera larriari aurre egiteko produktu zehatz batzuk bilduko dituzte apirilean zehar, hain zuzen, material sanitarioa, higiene-materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez-galkorrak, kirol-materiala eta ikas-materiala. Elikagai ez-galkorrei dagokienez, latetan jasotako jakiak eta bestelakoak behar dituzte: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; beti ere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko direnak. Osagarriei dagokienez, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega3) eta probiotikoak beharko lirateke.
Material sanitarioari dagokionez, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko liratekeen medikamentuak bilduko dituzte, baita mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak ere; tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak eta preserbatiboak, adibidez. Horrekin batera, higienerako konpresak, tampaxak, toallatxoak eta pixoihalak (haurrentzat zein helduentzat) eskatu dituzte, baita garbiketa orokorrerako materiala ere: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzaileak eta abar.
Kirola egiteko materiala ere bideratuko dute Kubara, hain justu baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta bestelako ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, futbol-botak…). Eskolarako materiala jasoko dute horrez gain: arkatzak, boligrafoak, margoak eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak… Ez dute bilduko, ordea, testu-libururik edo entziklopediarik.
Eta, aipatutakoez gain, plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpenak ere ongietorriak izango dira: esku-dirutan egin daitezke, bilketa postuetan, edo kontu korronte bidez, Laboral Kutxan Euskadi-Cubak duen kontu honetan: ES35 3035 0134 43 1340059271.
