Miren Agur Meabe, idazlea: "Bizitza pribatu arrunt bat literatura eginez nabarmendu nahi izan dut"
- "Autoimitazio" gisa definitu duzu zure nobela. Zergatik ez autobiografia? Non dago aldea?
Autoimitazioan edozein egoeratan jar dezakezu zeure burua; autobiografian, berriz, zeure buruarentzat naturalak eta sinesgarriak direnetan besterik ez. Horregatik, autobiografia ez da egokia liburu honen kasuan, idazkuntzaren gakoa ez delako errealitatearekiko leialtasuna, errealitatearen mimesia baizik. Azken batean, konposizio literario bat eraiki dut, zeinaren osagaiak askotarikoak diren: bizi izandakoa, ustez bizi izandakoa, bizi nahi izandakoa, bizi gabekoa, egoera hipotetiko batean biziko nukeena…
- Oso alde pertsonalak erakutsi dituzu liburuan "biluztu" egin zara. Erraza izan al da?
Biluzketak izaten du arrisku-puntua, iruzur-puntuarekin batera. Idazleak top less egin du batzuetan; fotoglamour besteetan, eta larru gorri huts ere geratzen da batzuetan, biluzi frontal eta integrala. Zein da biluztearen xedea? Kasu honetan, bizitza pribatu arrunt bat nabarmentzea, literatura eginez. Zalantzak zalantza, garbi neukan nire literatur proposamenaren muina zintzotasuna eta errealismoa zirela.
- Zure lehenengo eleberria da hau. Hurrengo asmoak?
Nobela gaztelaniaz kaleratu berri da, eta datorren udaberrian katalanez argitaratuko da. Sormen-lan berriei dagokienez, umeentzako bi liburu amaitu berri ditut. Oso lanpetuta ibili naiz nobelaren gaztelaniazko itzulpenarekin ere. Une honetan ez daukat asmo sendorik esku artean, testu solteak idatzi arren.
- Zer begitantzen zaizkizu literatur tertuliak?
Aberasgarriak izaten dira halako topaldiak: alde batetik, liburuaren inguruko hainbat azalpen osagarri baina garrantzitsu emateko aukera ematen digute; bestetik, praktikan ikusten dugu irakurleak zertan datoz bat eta zertan ez, zer estimatu duten eta zer ez zaien iritsi… Saio guztietatik ateratzen dut zeri egin kasu, eta batez ere, langintza honen zentzua berresteko balio izaten didate.