Miren Cid, Matraka Gazte Feministak: "Feminismoa da gure lubakia: olatu faxistari aurre egiteko arnasgunea"
Urriaren 31tik azaroaren 2ra, Zaldibar Euskal Herriko gazte feministen topaleku bihurtuko da, Baterajotzea 2025 ospatuko delako bertan. Hiru eguneko egitarau oparoak hausnarketa, saretze eta borroka feministaren inguruko jarduerak eskainiko ditu, eta aurten, bereziki, gune ez-mistoen garrantzia azpimarratuko da. Hori dela eta, elkarrizketa hau egiteko aukera izan dugu Miren Cid-ekin, Matraka taldeko kide eta Eibarko gazte feministen belaunaldi berriaren parte denarekin. Harekin hitz egin dugu Baterajotzeak zer esan nahi duen gaur egun, gazte feministen erronkez eta nola bizi duten saretze eta borroka prozesu hau euren ikuspegitik.
2021. urtean egin zenuten lehendabiziko Baterajotzea. Lau urte hauetan nolako bilakaera izan du elkarguneak?
Aipatu beharra dago Baterajotzeak badituela aurrekari batzuk. Adibidez, 2017 eta 2018an lehenengo Udaleku Feministak antolatu zituzten Euskal Herriko Gazte Feministek. Udaleku haietan ikusi zuten Euskal Herri osoko gazte feministak elkartzeak zer nolako potentzialtasuna zuen. Ordutik aurrera, jardunaldi eta ekintza desberdinak egin zituzten eta horrela, 2021ean egin zen lehen Baterajotzea.
Saretzeko helburua zuen, beraz, lehendabiziko Baterajotzeak.
Bai. Kontuan izan behar da testuinguru zail batean kokatu zela. Pandemia garaia zen eta, beraz, momentu hartako egoera hartu genuen kontuan. Krisi anizkoitz batean geunden (baita gaur egun ere) eta pandemiak egoera hori azaleratu zuen. Baterajotze horretan feministok krisiaren aurrean zer egin genezakeen hausnartzeko eta eztabaidatzeko elkartu ginen. Atera zen ideia argia zen: “Feminismoa da gure lubakia: olatu faxistari aurre egiteko arnasgunea”.
Aurtengoan ere hausnartu, ideiak elkarbanatu eta saretzeko elkartuko zarete.
Bai, baina beste bide batetik helduko diogu topaguneari. Gaur egungo testuinguruari erreparatuz, politika eta jarrera erreakzionarioak, faxistak, zabaltzen ari dira. Modu berean, nahiko testuinguru krudela bizi dugu: pobreziak, prekarizazioak, genozidioak eta despolitizazioak zeharkatzen gaituzte. Testuinguru horri feminismotik, “gure lubakitik”, nola aurre egin hausnartuko dugu.
“Feminismoa lubaki” da Baterajotzearen leloa. Azalduiguzu.
“Feminismoa lubaki” izango dela diogunean, gaur egun dugun testuinguruari aurre egiteko dugun modua feminismotik izango dela diogu. Feminismoa da gure arnasgunea, tresnak eta aliantzak sortu eta datorren olatu faxistari aurre egiteko dugun modua.
Euskal Herrian ere olatu faxista hori nabarmena da?
Nik uste baietz. Ez da Espainia mailako kontua soilik, Euskal Herrira ere heldu da. Horren erakusle da pobretze maila altua, etxegabetzeak, geroz eta pribatizazio gehiago daukagula, etab.
Kalean ideia faxistak zabaltzen ari direla igarri duzu?
Esango nuke beti izan direla horrelako ideiak. Bestalde, feminismoaren edota ezkerraren gorakadarekin gizartean kontrako ideiak azaleratu ohi dira. Egia da, duela urte batzuk ideia faxistak zituztenek ezkutuan edo lotsarekin defenditzen zituztela ideia horiek. Gaur egun, aldiz, ohikoago bilakatu dira diskurtso matxista, faxista eta arrazistak. Normalizazio horrek erraztu egin du ideiak lotsarik gabe azaleratzea.
Elkargune ez-mistoaren potentzial politikoari garrantzia eman nahi diozue aurtengo Baterajotzean. Zergatik gune ez-mistoak?
Heterosexualitatearen egiturazko izaera ulertu eta patriarkatua ulertzeko modua berrezarri genuen duela urtebete. Horrela, gure subjektu politikoa zabaldu zen: ‘Neska*’ lehen, ‘Gazte’ orain. Baterajotzean parte hartzeko subjektua ere zabaldu da, beraz.
Egitarau zabala prestatu dugu. Alde batetik, ideiak eztabaidatzeko eta hausnartzeko mahai inguru zentralak eta tailerrak izango dira (autodefentsa, zaintza, mugimendu transmaribibolloa moduko gaiak jorratuko dira bertan).
Eta bestetik, aisialdirako momentua ere izango da. Izan ere, mugimendu feministatik uste dugu Baterajotzea ez dela soilik hausnarketarako eta haserrea erakusteko espazio bat, gozamenerako momentuak ere izan behar ditugula uste dugu. Hain zuzen ere, gaueko eskaintzan kontzertuak eskainiko ditugu eta Drag Showa ere egongo da.
Nola joango zarete Zaldibarrera?
Trenez joango gara. Gainera, bertan lo egiteko aukera egongo da, nahiz eta egunero trenez itzultzeko aukera ere badagoen.
Sarrerak salgai daude oraindik?
Bai, noski! Internet bidez eskuratu daitezke.
Zer esango zenieke herritarrei?
Martxoak 8 edo Azaroak 25 guztietan kalera irteten zareten feminista guztiak, herriko jaietan Brigada Morean izaten zaretenak, eraso matxistei aurre egiten diezuenak… gazte feminista oro Baterajotzera etortzera gonbidatuko nuke, saretzeko, elkar ezagutzeko eta ikasteko aukera ezin hobea baita.