Miren Hazas, dantzaria: “Kezkan oso pozik nago, dantza nire pasioa bihurtu delako”

Miren Hazas, dantzaria: “Kezkan oso pozik nago, dantza nire pasioa bihurtu delako”
2020/05/24 11:01
eta kitto!
Miren Hazas Kezka Dantza Taldeko kidea da eta dantza-klaseak online eman ditu itxialdian. Etxean egon arren, dantza egiteko beharra izan du eta ez da geldirik egon. Bide batez, dantzaren mundura erakarri du bat edo beste. Horrez gain, dohain musikalak dituela erakutsi zuen anaia Jokinekin, Jaixak Herrixak Herrixandakok eskainitako jaialdian bikote ederra osatu zuten-eta.

 

Nola moldatu zara dantza-klaseak online emateko?

Oso arraroa izan da. Azken finean, ez nuen ikusten klasea nork jasotzen zuen edo nor nuen aurrean. Kezkan umeei dantza-klaseak ematera ohituta nago eta bat-bateko kontua da. Zuzenean zerbait esplikatzen duzunean ez duzu mozketarik egin behar, baina bideo hauek grabatutakoak izan dira, eta gauzak zuzen azaldu behar nituenez, mozten eta editatzen joan behar izan naiz. Mozoloa ematen nuen kamerari berbetan (barreak).

Momentuan ez zenuen ikusleen erantzuna ikusten, baina nolako harrera izan dute bideoek?

Badakit inguruko jendeak ez duela guzti-guztia ikusi, hau da, ez direla bideoekin dantza ikasten jarri, baina koadrilako batek esan dit amak bideoak ikusi nahi zituela dantza egiten ikasteko. Polita da jendea dantzan egitera animatzea.

Nolako dantza-saioak izan dira?

Hasteko, dantzaren pausoak esplikatzen ditut, poliki-poliki. Eta gero, musikarekin dantza egiten dut.

Itxialdiak gauza berriak probatzeko aukera eman digu?

Bai. Gainera, orain arte egin gabe genituen bideoak egiteko aprobetxatu dugu.

Nola bizi izan duzue itxialdia dantzariek?

Ez dugu etxean dantzatzeko ohiturarik, baina etxean dantzatu behar izan dugu, bestela dantza egin barik geratuko ginateke. Gehiago kostatzen da etxean dantza egitea, kirola egitea baino.

Zergatik?

Etxea ez da plaza bat, eta, gainera, normalean etxean ez dago zurekin dantza egingo duen inor. Beraz, bakarrik egingo duzu? Arraroa da. Euskal dantza egiteko konpainia behar da. Hala ere, gorputzak dantza egitea eskatzen zidan eta, hala-nola egin arren, dantza egin behar izan dut.

Itxialdian Kezkakoek martxan jarraitu duzue?

Online batzen gara entseguak egiteko (lehenengo astean birritan; eta gero, behin), errutina bati eusteko eta aurrera egiteko. Jai eta emanaldi askoren sasoia da eta gauza asko bertan behera geratu dira. Ea zer egin dezakegun hemendik aurrera, baina uste dut 2021era arte ez garela dantza-gelan sartuko.

Dantza egiteko zaila izango da urruntze sozialari eustea.

Denbora guztian ezpata-dantza egiten ez badugu, bai (barreak).

Noiz hasi zinen dantzan?

Txikitatik nabil Kezkan. Oso pozik nago, dantza nire pasioa bihurtu delako. Gustora egiten dut dantza, hor askatzen dut barruan dudan guztia.