Miren Mandiola (Laguntza bidezko Ugalketa): “Zenbat eta gizarte `garatuagoa´ izan, orduan eta zahartuago batean bizi gara”

Miren Mandiola (Laguntza bidezko Ugalketa): “Zenbat eta gizarte `garatuagoa´ izan, orduan eta zahartuago batean bizi gara”
2018/11/15 13:52
eta kitto!
Zientzia Astearen barruan, Miren Mandiola Donostiako Quirón ospitaleko Ugalketa Lagunduko eta Genetikoko Laborategiko zuzendari eta ospitale bereko Ugalketa Lagunduko Unitateen koordinatzaileak “gizarte aurreratuetan ugalkortasunean dagoen erronka garrantzitsua” aztertu zuen. Eibartarrak Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean 1986an eta Analisi Klinikoetako Mediku Espezialistaren titulua Gurutzetako Ospitalean 1991n. Jarraian ugalketa lagunduaren arloan sartu zen buru-belarri, mundu osoko hainbat zentrotan jardunez Donostiako Quirón ospitalean hasi aurretik. Ugalketa lagunduko Gipuzkoako lehenengo unitatea inauguratu zuen eta ordutik aitzindari izan da arlo horretan. Estatu guztian antzutasun-arazoak edo gaixotasun genetiko larriak dituzten bikote askori lagundu dizkie.

-  “Ugalkortasuna gizarte aurreratuetan. Kaosa XXI. mendeko ugalkortasunean” izenburuarekin zer eman nahi duzu ezagutzera?
Batez ere, guk gizarte aurreratutzat ditugun horietan jaiotze-tasan izan den jaitsieraz ohartu nahi dut jendea, horren zergatiak azalduz eta soluzioak izan daitezkeenak mahaigaineratuta.

- Eta zeintzuk dira zergati horiek?
Sasoi batetik hona gertatu den mentalitate aldaketa da. Gure gizartean ama izateari ez zaio lehen bezalako lehentasunik ematen. Bestalde, seme-alabek dena eukitzea dugu. Bata bestearekin lotuta, azkenean guraso izatea gerorako lagatzea da arazoa; eta, hamarkadatik hamarkadara, gero eta beranduagorako. Zenbat eta beranduago, orduan eta arazo gehiago guraso izateko. Onartu dugun bizitza-filosofiak ekarri gaitu hona.

- Aipatu duzunak zer ondorioetara eraman gaitzake?
Gaurko errealitatera, jakina. Eta egoera arduratzen hasteko modukoa da, krisi antropologikora iritsi garelako. Ez da gure arazoa bakarrik; gizarte “aurreratu” guztietan gertatzen da, baina horrek ez dio larritasunik kentzen. Zenbat eta “garatuago”, orduan eta zaharragoa da gizarte hori. Belaunaldien arteko jarraipena gelditzera eraman gaitzake jarrera horrek. Seme-alabak izateak garrantzia galtzen badu, hori baino lehenago gure helburua beste mila gauza egitea baldin bada, ez dakit zuzen goazen. Eibarrera bertara etorritako etorkinek beste filosofia bati jarraitzen diotela ikusi dezakegu: seme-alaba gehiago dituzte eta eibartarrok baino gazteago animatzen dira seme-alabak izatera,

- Soluzioak nondik bideratu daitezke?
Hasteko, argi dago egoeraz jabetu behar dugula. Horrez gain, ahaztu dezagun epe motzean honi buelta ematea, gutxienez bi-hiru belaunaldi beharko ditugulako beste egoera batera iristeko. Baina, gizarte moduan bizirik irauteko, lehen aipatutako bizitza-filosofia aldatu beharrean gaude. Orain dela 20 urteko “edaten baduzu, ez gidatu” arrotza egiten zitzaiguna gaur egun guztiz barneratuta dugu. Arazo honekin gauza bera! Epe luzerako prozesu horretan, jakina, administrazioak ere badu bere zeregina, laguntza gehiago eskainiz eta lana eta familia bateragarri egitea ahalbidetuta. Bestalde, badira maila indibidualean hartu daitezkeen neurri batzuk; esaterako, ama izatea atzeratuta ere, emakume horrek obulua gorde dezake gazteagoa denean gerorako. Mentalizazio-kontua ere bada, azken batean.

- Zure lan arloan izandako esperientziatik, zelako garapena izan da? Atzerapausuak nabaritu dituzue?
Laguntza bidezko ugalketaren nire lan-esparruan, azken hamarkadotan antzutasun-arazoak bikoiztu egin direla esan liteke. Puntu horretara eraman gaituzten faktoreak askotarikoak izan dira; hala ere, pisu handiena duena da ama izateko adina asko handitu dela, urtetik urtera nabaritzen da gainera, eta horrek haurdun geratzeko aukerak zaildu egiten du. Garrantzi handia du baita semenaren kalitatean igarri dugun jaitsierak ere, horrek haurdunaldia lortzeko orduan eragin handia duelako bikoteek izan ditzaketen arazoen artean. Edateak, erretzeak eta ingurugiroko bestelako faktore toxikoek badute hor zeresana.

- Laguntza bidezko ugalketaren esparruan, non kokatuko zenituzke azken urteotako mugarriak, aurrerapen handienetara eraman gaituzten lorpenak?
Zalantzarik gabe, 1978an dago guztiaren oinarria, Louise Brown munduko lehen probeta-umea jaio zenean, in vitro ernalketari esker. Harrezkero etorri diren laguntza bidezko ugalketa teknika guztiek iturri horretatik edaten dute. Ordura arte ezinezkoa zirudiena lortu zen, hau da, amaren umetoki edo uterotik kanpo bizitza bat sortzea. Geroago, 90.eko hamarkadan, ICSI inizialekin ezagutzen duguna dago, mikroinjekzio espermatiko intrazitoplasmatikoa; horri esker, kalitate gutxiko semena zuten gizonezkoek edo hazia isurtzerakoan espermatoziderik ez zutenek aita genetikoak izateko aukera zabaldu zen. Eta azken sasoi honetako iraultza handienetakotzak jo dezakegu DGP-a (Diagnostiko Genetico Preimplantacional); horri esker azterketa genetikoak egin dakizkieke enbrioiei eta, horrela, sendatu ezin daitezkeen gaixotasun genetiko familiar larriak desagertzeko aukera dago.

- Zeintzuk dira epe motzera dituzuen hurrengo erronkak? Edo gaur egunean lantzen diharduzuenak? Badago esparru zehatzik zailtasun bereziak ipintzen dizkizuenak aurrera egiteko?
Epe erdirako erronkak aurrerapen genetikoei lotuta joango dira, nahitanahiez. Gaur egun genetikoki diagnostikatzen ditugun moduan, hemendik urte batzuetara seguraski aukera izango dugu enbrioiak genetikoki manipulatzeko akats genetiko barik garatu daitezen. Badira beste garapen mota batzuk aurrerapen polita izan dutenak, oraindik ere maila esperimentalean  izan bada ere: gameto artifizialen formazioari buruz ari naiz, hau da, laborategiko obulu eta espermatozoideei buruz.

- Etikoki, zein arazokin egin dezakegu topo? Zelan ikusten dituzu “kartara sortutako umeak”?
Orain arte “nahierara sortutako umeak” oso kasu apartak izan dira, guztiz ezohikoak, eta gaixotasun larria zuten anai-arrebekin konpatibleak ziren umeak sortzeko helburuarekin, gaixotasun horretatik sendatzeko anai-arreba histokonpatiblea beharrezkoa zutelako. Hortik kanpokoa hausnartzerakoan, zaila da posizio bati eutsi eta handik ez mugitzea, baina ez dirudi oso etikoa “umeak nahierara sortzea”. Baina familia horietako desesperazio-egoerari erreparatuta, ez dakit ba... Edozein kasutan, oso kasu jakinak izaten dira eta, gainera, halakoetan Batzorde berezi batek aztertzen du kasu bakoitza.

- Aurrekoari lotuta, uste duzu Administrazioak egoki erantzuten diela aurrerapen teknologikoei eta hortik ondorioztatu daitezkeen “arazoei”?
Ez dut uste kexatzeko moduan gaudenik, praktikoki sor daitezkeen arazo guztiei modu batean edo bestean erantzuten dietelako.

- Eta haurdunaldi subrogatuari heltzen badiogu, uste duzu komenigarria dela lehenbailehen legislatzea?
Egia esateko, esango nuke gaur egun ez dela medikuntza munduaren errebindikazioetako bat, aplikatzeko kasu askorik ere ez baitago. Ez dago benetako eskaerarik medikuntzaren aldetik.

- Zer du erakargarrien zure profesioak?
Guztia! Hori bai galdera... Ditugun helburuak lortzen ez ditugunean, etsipen sentsazioa handia izaten da... Baina emaitza positiboa denean, poza ere neurri berekoa. Helburua, gainera, ez didazu esango zoragarria ez denik: zuregana laguntza eske datozenei guraso izaten laguntzea, bizi berri bat mundura ekartzea. Urte guzti hauetan poz handia sentitu dut askotan.