Mireya Etxaluze Azkonaga, astrofisikan doktorea: "Infragorri-teleskopioen datuak garbitu eta aztertzen ditut"
- Zergatik erabaki zenuen astrofisika ikastea? Zerk erakarri zintuen horrenbeste?
Umetatik, oso txikitatik gustatzen zitzaidan zerura begiratzea, bertako izarrak ikustea… Horregatik, astrofisika ikasi nahi nuela oso argi izan dut betidanik, horretan ez nuen inolako zalantzarik izan inoiz.
- Doktore-tesia egiteko aukeratu zenuen gaia "plano galaktikoa urrutiko infragorrian" izan zen, baina tesia osatzen eman zenuen denboran zer ikertzen jardun zenuen, zehazki?
Tesian izarrak jaiotzen diren tokiak eta inguruak ikertzeko beharrean jardun nuen. Izarrak molekulek osatutako lainoetan jaiotzen dira eta, laino horiek oso-oso hotzak direnez, horiek ikertu ahal izateko derrigorrez izpi infragorriak erabili behar ditugu, horiek behatzeko teleskopioek ere horrelakoak erabiltzen dituzte.
- Nolako teleskopioak izaten dira? Zein berezitasun daukate?
Infragorriak erabiltzen dituzten teleskopioak ez dira hemen, lurrean erabiltzen: euren funtzioa betetzeko teleskopio horietako asko espazioan daude, atmosferan sakabanatuta, toki ezberdinetan kokatuta. Nik teleskopio horiek igortzen dituzten datuak jaso eta, behin horiek kalibratuta, behatu eta ondorioak ateratzen hasteko moduan gaude. Teleskopioak zuzenean bidaltzen dituen datuetan "zarata" ugari, hau da, alperrikako informazio asko egoten da eta ni balio ez duten horiek garbitzen ibiltzen naiz. Une honetan gure galaxiaren erdialdean dagoen gasa aztertzeko beharrean dihardut, hain zuzen ere gas hori nola dagoen osatuta ikertzen dihardut: gasa osatzen duten konposatuak zeintzuk diren, zelako ezaugarriak dituzten… Konposatuetako batzuk oso sinpleak dira, adibidez ozpinetan dagoen azido azetikoa, baina beste batzuk askoz ere konplexuagoak dira
- Eta datuen irakurketatik ateratzen dituzuen ondorio eta bestelakoak zertarako balio dute?
Jakintzarako baliagarriak dira, hau da, hainbat esparruren inguruko gure ezagutza gero eta zabalagoa izateko: nondik gatoz? Nola izan da posible gu honaino ailegatzea?, nola hiltzen dira izarrak? Horrelako galderei erantzuten laguntzen digute teleskopioek bidaltzen dizkiguten datuek.
- Krisiaren aurretik zientzian gutxi inbertitzen bazen, orain egoerak ez zuen hobera egingo ba…
Zientziak arlo horretan bizitzen diharduen egoera benetan larria da, katastrofikoa, gero eta gutxiago gastatzen dute eta ez dago horrelakoetan beharrean jarduteko lanposturik. Gauzak horrela, jendeak etenbarik atzerrira joaten dihardu, beste aukerarik ez dago-eta. Baina hori txarra bada, are okerragoa da beste herrialde batzuetatik ez dutela nahi hona etortzerik, ez zaie egiten bat ere erakargarria eta nahiago dute beste tokiren batera joan, horrek dakarren guztiarekin.