Mobilizazioak abiatu dituzte Merkal dendako langileek
Gipuzkoako Merkal zapata-dendetako 50 langileak greba egiten hasi dira apirilean, barixaku eta zapatuetan, eta horrela jarraituko dute maiatzean, egoera konpontzen ez bada. Lan-baldintza prekarioak eta negoziazioen blokeoa salatzen dute.
Izan ere, negoziatzen hilbate batzuk para ondoren, enpresaren jarrera argi geratu dela diote: “Enpresak ez du hitzarmenik nahi eta edukietan ere ez du aurrerapausorik ematen. Hori dela eta, mobilizazio egutegi bat adostu dugu egoera horri irtenbide bat eman ahal izateko. Barixakuero Oiartzunen biltzen gara (Merkal Calzadoseko bulegoen azpian), eta zapatuetan denda desberdin batean egiten dugu protesta. Apirilean Irunen era Donostian egon gara, maiatzaren 4an Olaberrian egongo gara, maiatzaren 11an Arrasaten, maiatzaren 18an Azkoitian eta maiatzaren 25ean Eibarren”.
Aldarrikapen batzuk kontziliazioarekin zerikusia daukate: “Ez zaigu asteko atsedena errespetatzen, ia asteburu guztietan egiten dugu lan, eta libratzen ditugun zapatu gutxi horiek ezin ditugu aukeratu. Horrez gain, gure oporren hasiera aukeratzea eskatzen dugu”. Soldatei dagokienez, antzinatasuna aintzat hartzea eskatzen dute, eta, azkenik, euren baldintzak beteko dituen hitzarmen propioa izatea.