Mogel ikastola eta Aldatze ikastetxea izan dira Euskararen Baloia lehiaketaren irabazleak

Debabarreneko 500 ikasle inguruk hartu du parte SD Eibar Fundazioak antolatzen duen ekimenean
Mogel ikastola eta Aldatze ikastetxea izan dira Euskararen Baloia lehiaketaren irabazleak
2025/05/20 18:30
eta kitto!

Euskararen Baloia lehiaketaren bosgarren edizioak baditu irabazleak: J.A. Mogel ikastola eta Aldatze ikastetxea. Eibar Kirol Elkarteko eta SD Eibar Fundazioko arduradunek, Beñat San Jose eta Yerai Martin entrenatzaile armaginek eta Udaleko, Eusko Jaurlaritzako, Emuneko, Akebai elkarteko eta ...eta kitto! Euskara Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak hartu du bi proiektu hauei garaikurra emateko erabakia.

Elgoibar, Ermua eta Eibarreko 11 ikastetxek hartu dute parte aurtengo edizioan, Lehen Hezkuntzako 3. mailako 500 ikasle inguruk. Guzti-guztiek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte SD Eibarren instalazioak eta baloi ikonikoaren historia lehen eskutik ezagutu dute.

 

Baloi magikoa

SD Eibar Fundazioak 2016-17 denboraldian sortu zuen Euskara Batzordea. “Euskararen erabilera indartu nahi genuen”, Mikel Larrañagaren SD Eibar Fundazioaren presidenteordearen berbetan. Horretarako, argi ikusi zuten euskararen etorkizuna umeen eskuan zegoela eta eurei begirako ekimen bat jarri zuten martxan: ‘Euskararen baloia’.

Eurek asmatutako kondairak dioenez, Ipuruako obretan baloi magikoa aurkitu zuten, ‘Euskararen baloia’, euskara eginez gero osasuntsu dagoena eta erderaz jardunez gero ahultzen dena. Kondaira SD Eibarreko jokalariek kontatzen dizkiete Eibar eta Debabarreneko beste herrietako ikasleei, eta umeentzat futbolariak erreferente garrantzitsuak direnez, esandakoa jarraitzea da asmoa. “Gainera, ‘Euskararen baloiaren’ erreplika bat ematen diegu, baloitxo bat duen giltzatako bat ere, klasean banatzeko kamiseta bat eta Eibarren partidu batera etortzeko gonbidatzen diegu”, Larrañagaren hitzetan.