‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala emango dute otsailaren 18an
Aratosteak otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran ospatuko ditugu aurten eta, ohiko lez, koko-dantzekin emango zaie hasiera. Berotzen joateko asmoz, Kezka dantza taldeak Altsasuko inauterien inguruko dokumentala eskainiko du otsailaren 18an, martitzena, 18:30ean, Portalean.
Dokumentala Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak ekoiztu du eta Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi arduratu dira zuzendaritzaz, eta dokumentalak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du.
Nortzuk dira Momorrotxoak?
Momotxorroak Altsasuko aratosteetako pertsonaia tradizionalak dira. Altsasukoa Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetarikoa da eta 70. hamarkadan herriko zaharrenek bakarrik zuten bere oroitzapena, 1916. urtean egin zelako azkenekoz.
Oroitzapena zuen horietako bat Ricardo Aldasoro zen eta Patxi Goikoetxea gazteari aratosteei buruzko aipamena egin zion. Honek Ainhoa Ohiarbideri aipatu eta, emazteak Jose Maria Satrustegi idazlearekin harremana zuenez, hari esan eta idazleak ‘Solsticio de Invierno’ liburuan jaso zuen. Idatzia Jose Antonio Urbeltzantropologo eta folkloristarengana iritsi zen eta honek argi zeukan bertan altxor bat izkutatuta zegoela. Beraz, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeari horren inguruko ikerketa egiteko gonbitea egin zion.
Bizkaitarrek proposamena onartu eta gaia ikertu eta birsortu zuten. Horrela, 1978an Altsasun antzeztu zuen eta horrek herritarren kontsientziak astindu zituen. Zaharrenek beldurrez gogoratzen zuten inauteri horiek, gazteenek berriz, hura berpizteko bat gogotan zeuden.
Enrike Zelaia, Satur Leoz eta beste hainbat Altsasuarrek Andra Marikoek egindako lanaz baliatuz 1982an plazaratu zuten lehen aldiz. Ordutik aurrera urtero ospatu dira inauteriak eta Euskal Herriko inauteri ospetsuenetariko bat bilakatu izan da.
Adarrak, odola, ardi-larrua eta sardea
Momotxorroek adarrak daramatzate eta aurpegiak oihal-zapiaren azpian ala zaldi ileen azpian ezkutatzen dituzte; odolaz zikindutako izara zuria ardi-larruzko bizkarrekoak, praka urdinak, galtzerdi zuriak eta abarka beltzak jantzita dituztela agertzen dira. Ardi larruan josita edo gerri inguruan ezkilak daramatzate, zarata ateratzeko. Eskuetan sardea daramate.
Martitzen arratsaldea iristen denean, Momorrotxoak herrira iristen dira eta marrua eginez, bidean topatzen duten guztia probokatu eta zirikatu egiten dute egurrezko sardearekin.