Mota eta estilo anitzeko zuzeneko musika emanaldiak izango dira asteburu honetan Arraten
Jaixak Herrixak Herrixandakok eta Eibarko Udalak prestatu dituzten jai-egitarauekin hainbat talde etorriko dira Arrateko Jaietara eta estilo ezberdinetako doinuak entzuteko aukerak eskainiko dituzte. Emepe5 taldearekin dantzaldia domekan izango da (irailak 8), 18:30etik 21:00etara. Eta hauxek dira zapaturako iragarritako aktuazioak:
Zelaian jai elektronikoa (irailak 7)
Soba elkarteak bere lehen urtebetetzea ospatuko du bihar Arraten eta, horretarako, jaialdia prestatu du: Zelaian Jaialdia (16:00etatik aurrera). Natura eta musika elektronikoa batzen dituen jaialdia izango da eta gurutzearen inguruan egingo dela iragarri dute.Hauek izango dira bertan musika jartzen arituko direnak: Alexander Loop B2B House One, Almuedo B2B Costas, Berruetta B2B Dans, BRGS B2B Garai, Goiko B2B Jon Larrañaga, Julen Lujan, Julen Oru B2B Unai Santos eta Txima.
Lokal Bubbles (Irailak 7)
Barakaldoko DJ proiektua da Lokal Bubbles eta biharko bazkalostea girotuko du Arrateko zelaian. Biniloaren maitaleak, punk, soul, rock, mod, Oi!, powerpop eta 70eko eta 80ko doinuak jartzen espezialistak dira. “Love analog, hate digital”, da euren leloa; hau da, “analogikoa maitatu, digitala gorrotatu”. Langile klasearen ereserkiak jartzen dituztela iragartzen dute eta bazkalosteko logura albo batera lagatzeko proposamen ezin hobea izango dela antzeman daiteke.
Tapia eta Leturia Band (Irailak 7)
Tapia eta Leturia bueltan dira, baina orain soinujole baten eta panderojole baten konbinazioa baino askoz gehiago dira, banda bat dutelako atzetik.1984tik, lehen aldiz elkartu zirenetik, trikitixaren doinua agertoki posible guztietara eraman dute: txapelketetatik jai eta erromerietara, aretoetatik eta folk eta rock jaialdietatik ere igaroz. Baina, batez ere, Tapia eta Leturia triki garaikidearen munduan kokatzen dira, are gehiago bandarekin proposatzen duten eskaintzarekin.
Inguma (Irailak 7)
Oñatitik musika dantzagarria iritsiko zaigu Inguma taldearekin. Ibon Perez, Alex Markuleta, Xabier Albistegi eta Beñat Leturiagak sortu zuten taldea 2019an eta, hasi eta berehala, pandemiari egin behar izan zioten aurre.Sasoi horretan zuzenekorik eskaintzeko aukerarik izan ez zuten arren, taldeak hasierako txinpartari eutsi zion. Harrezkero jo eta su ibili dira eta, uda honetan geldialdia egin ondoren, Arraten eszenatoki gainera itzuliko dira. Aukera hau aprobetxatu!
Roba Estesa (Irailak 7)
2014an lehen maketa grabatu zutenetik, Roba Estesak euren inguruan pasatzen den guztiari buruz abestu du: maitasuna, desioa, ahultasuna, haserrea, kolektibitatea edo identitateak.
‘De lo bo, lo millor’ azken diskoan ohiko izaera borrokalariari eusten diote, baina eguneroko bizipenetatik abiatuta. Antònia Font-en ‘Amb calma’ filmeko kolaborazioak biltzen dituen diskoa Bartzelonako Apolo aretoan aurkeztu zuten, eta kontzertu horretatik atera zen La Furia rap abeslariarekin kantatutako bideoklipa, ‘1312’, poliziaren indarkeria salatzeko.
Uda honetan hainbat herritan izan dira, eta kontzertuen artean irakurtzeko, serieak ikusteko eta espazio publikoa aldarrikatzeko denbora aurkitzen dute. Roba Estesarentzat trago bat hartzera irtetea ere ekintza politikoa da.
Katalanez abesten dute, eta kaleko eta jai-giroko musika folk doinuekin fusionatzen dute. Horrela, zortzi lagunek osatzen dute taldea: Alba Magriñà, Anna Sardà, Clara Colom, Clàudia García-Albea, Gemma Polo, Laia Casanellas, Helena Bantulà eta Sandra Bracke.
DJ M&M (Irailak 7)