Motibazio-tailerrak, euskara sustatzeko tresna ()
2021/11/08
18:15
eta kitto!
Euskararen erabilerarekin arduratuta, Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuak motibazioa piztu eta euskararen erabilera sustatzeko helburua duten motibazio-saioak eskaintzen ditu urtero herriko ikastetxeetan. Hasiera batean DBH 3 eta 4ko edo Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei zuzendutakoak izaten ziren, baina badira urte batzuk DBH 1eko ikasleei eskaintzea erabaki zela. Bestalde, Lanbide Heziketako ikasleen artean D eredua eta euskara sustatzeko asmoz, Lanbide-Heziketako mahaia sortu zen 2018an, eta harrezkero ikasle hauentzako motibazio-saioak ere antolatzen dira. Guztira 1.400 ikasle inguruk hartuko dute parte aurtengo tailerretan.
Orain dela 15 urte inguru ekin zion Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastetxeetan motibazio-saioak eskaintzeari. Junkal Txurruka Euskara Saileko teknikariak azaldu digunez, "hasieran DBH 3 eta 4an eta Batxilergoan hasi ginen ematen, iruditzen zitzaigulako heldutasun maila bat behar zutela saioetan ematen ziren arrazoi soziolinguistiko horiek ulertzeko. Baina 2017an beste pausu bat eman genuen, DBH 1ean sartzen ziren gaztetxo horiek euren ikaste prozesuan momentu berezi batean zeudela ikusita: zentroz aldatzen ziren, ume izatetik gaztetxo izatera pasatzen ziren, eta agian rezeptibo xamar egon zitezkeen". Erabakiarekin asmatu egin dela esan daiteke, konturatu baitira DBH 1ean saio hauek oso ondo funtzionatzen dutela eta, amaieran, ikasleek oso balorazio onak egiten dituztela.
Gauza jakina da eibartar askorentzat eskola dela euskara ikasteko lekua Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dauden bitartean, "eta leku bakarra ia-ia", dio Junkalek, "euren familian ez delako egiten edo euren lagun giroan ere ez delako euskara entzuten. 12 urterekin DBHra doazenean, nerabezaroan dauden neurrian, gazte hauek gauza askoren aurrean errebelatzen hasten dira. Askorentzat euskara eskolan ezarri zaien hizkuntza izan da, eta kuestionatzen hasten dira".
Junkal Txurruka Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria
Gauzak horrela, gaztetxo horiek egiten zuten esfortzuari zentzua ematea oso garrantzitsua zela ikusi zuten: "Motibazio-saioen bitartez ahalegin horri zentzua ematen zaio: horiei esker eskolan euskara ikastearen zergatia ulertzen dute, zergatik den inportatea euren rola, zergatik den hain garrantzitsua euskara gehiago ikastea eta gehiago erabiltzea", azaldu digu Euskara Zerbitzuko teknikariak.
Erabiltzeko zailtasunak dituztenak badaude, baina naturaltasunez erabiltzeko gaitasuna dutenek ere erdarara jotzen dutela dirudi. Zentzu horretan, Junkalek dionez, "egia da askok erdara erabiltzeko joera dutela eta tailer horietan, euskara ondo jakinda, euskara erabiltzea zein garrantzitsua den jabetzen dira. Beraz, batzuk zein besteek zentzu bat ematen diote: batzuk ikastearen esfortzuari, eta besteak erabiltzeko egin behar duten ahalegin horri. Hor zerbait mugitu egiten zaie. Badakigu barita magikorik ez dagoela, baina eragiten die, eta tailerra amaitzean egiten duten balorazioa oso ona da".
Ikasturtez ikasturte saio horiek zabaltzen joan dira eta, orain, Lanbide Heziketan ere eskaintzen direla esan du Txurrukak: "Egia da Lanbide Heziketan D eredua eta euskarazko taldeak oso gutxi izan direla. Euren aldetik kezka bat zegoen, eta elkarlanean ari gara Lanbide Heziketako zentroak, ...eta kitto! eta Euskara Zerbitzua hor ere D eredua bultzatzeko. Lanbide Heziketan motibazio-saio hauek A ereduan ere ematen dira: nahiz eta euskara jakin ez edo euskaraz ikasi ez, inportantea da jakitea euskararen herrian gaudela eta euskara ikasteak daukan garrantzia, maila pertsonalean eta lan-munduan ate gehiago izango dituztelako zabalik. Hor ere emaitzak oso onak dira; batzuk gero euskaltegian apuntatzen dira. Gainera, errefortzu moduan Armerian edo UNIn bertan aparteko euskarazko klaseak ematen zaizkie".
✍ AInara Lavado
"Tailer edo hitzaldi soziolinguistikoen helburua ume, gazte edo helduengan euskararen erabilerarako grina edo motibazioa piztea da, argumentuak eskaintzea. Ikuspegi desberdinetatik lantzen dugu, beti ere hainbestetan entzun duten `Egin euskaraz, hitz egin euskaraz´ adierazpen edo esaldiari erantzuteko asmoz. Arrazoiak jasotzen dituztenean (zein den euskararen egoera, zergatik dagoen egoera horretan, beste hizkuntzekiko duen erlazioa nolakoa den, etorkizunean euskarak nolako rola izan dezakeen euren bizitzan, gizarte mailan edo lan-eremuan…), orduan hobeto ulertzen dute zelako garrantzia izan dezakeen; edo behintzat kontziente dira hartzen dituzten erabakiek hizkuntzengan ere eragina izango dutela, kasu honetan euskararengan.
Modu desberdinean lantzen ditugu tailerrak, adina kontuan hartuta. Esate baterako, DBH 1ekoa ludikoagoa izaten da. Hala ere, heldutasun-maila nahikoa daukate adierazten ari zaiena ulertzeko eta harrera normalean oso ona da. Hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik lantzen dugu, eta baita feminismoaren ikuspegitik ere; beste batzuetan ikuspegi edo motibazio instrumentala ere erabili dezakegu. Azken finean, ahalik eta argumentu-mota desberdinenak eskaintzen saiatzen gara, bakoitzak berarendako egokiena topatu dezan. Daukagun arazo edo beharraren aurrean zer egin dezaketen jakiteko beharra sentitzen dute. Eta orain zer? Orain nola jokatu behar dut? Horretarako estrategia batzuk eskaintzen zaizkie, egoera azalarazteaz gain garrantzitsua delako norberak zer egin dezakeen argi edukitzea. Bestela, batzuengan nolabaiteko larritasun puntua sortu dezake.
Gustura egoten dira, normalean lantzen ez den gaia izaten delako. Batzuetan uste faltsuak izaten ditugu euskararen inguruan, batez ere euskararen prestigioari dagokionean: urteetan jaso ditugun hainbat mezu desmitifikatu egiten ditugu eta beste ikuspegi batetik begiratzen diogu".