“Mugak abantaila bihurtzen ikasi dut”
-Ingalaterran igo zinen lehen aldiz taula gainera. Nola gogoratzen duzu?
Ingalaterra nengoela pub batera joan eta eszenatokia ikusi nuen. Ez dakit zergatik pentsatu nuen egunen batean bertan arituko nintzela eta horrela izan zen. Behin kontzertu bat ikusten nengoen eta taldea asko gustatu zitzaidan. Eurekin berbetan hasi nintzen eta neure harridurarako taldeko kide biak espainiarrak ziren jatorriz. Orduan, erlazioa hasi nuen eurekin, lagunak egin eta eurekin eszenatokian Van Morrisonen bertsio bat egiteko aukera eskaini zidaten. Hurrengo urratsa izan zen euren kontzertuen aurretik ni gitarrarekin eszenatokira igotzea bertsioak egitera.
-Azken diskoan gospela, bluesa, soula, countrya… jorratzen dituzu. Toki okerrean jaio zinen?
Denbora luze batean hori pentsatu izan dut, baina denborarekin konturatu izan naiz kontua ez dela non jaio zaren, beste gauza batzuk daudelako inguruan. Musika entzun, pelikulak ikusi edo liburuak irakurtzen dituzunean, kontua artistikoa denean, geografiak ez dauka ardurarik. Zure baliabide edo bitartekoak (hau da, musika, literatura…) trebatzen dituzunean, zu zauden tokian gustuko dituzun doinuak, espazioak edota estetik errekreatzen dituzu. Orduan, ez da geografia kontu bat, kantuekin New Orleansko taberna batera joan baizaitezke.
-Lehenengo diskoan basamortuan bidea egin, bigarrenean euripean aritu eta hirugarrenean Mississippi bezalako ibai batera egiten duzu jauzia. Musika aldetik ere jauzia egiten duzu disko batetik bestera?
Bai. Tituluen hitz-jokoa guztiz inkonszientea izan da, egia esan. Ni ere gerora konturatu naiz nola basamortua bezalako toki lehor batetik eurira pasa naizela eta orain ibaira. Ez da aurrez pentsatutako ezer. Musika aldetik egon da bilakaera bat. Azken diskoak askoz helduago harrapatu gaitu (ni neu kantu idazle moduan, taldea musikari moduan eta estudioko teknikariak). Aurrera egin dugu eta diskoan nabari dela pentsatzen dut.
-Amerikako Estatu Batuetako 7 estatu zeharkatzen ditu Mississippiak. Zenbat musika-estilo zeharkatzen ditu diskoak?
Izenburua eta, azken finean, diskoa ibilbide musikala dira. Modu bitxian hasi zen dena. Zubiak eta ibaiak kantuan dagoen riffa sortu nuen eta mp3an gordetzean zein zen gogoratzeko Mississippi berba jarri nion, zerbaitengatik riff horrek Mississippiren deltako soinuak ekartzen zizkidalako gogora. Orduan, banekin hor zerbait potentea neukala, eta beste kantu baten melodiak jotzen negoela riff horren ideia oraindik gogoan neukan, Mississippiren ideia. Roger Johnsonen kantuak etorri zitzaizkidan burura eta kantu bi hauek diskoa nondik heldu ahal nuen ideia eman zidaten. Rock musikak dituen iturrietatik hasita, ibilbide musikala hasi eta New Orleans, Nashville, Memphis… zeharkatzen ditut. Ez nekien AEBko 7 estatu zeharkatzen zituenik ibaiak, baina egia da behin datuak nituenean toki bakoitzarekin bat zetozen musikak egiteko ideia garatu nuela teknikariarekin.
-Ibaiaren korrontearen alde ala kontra doan musikaria zara?
Ez dakit. Berandu eta kanpoan hasi nintzen, Euskal Herrian 90. hamarkadan ez nuelako nire burua ikusten musikalki. Su Ta Gar eta EH Sukarra bezalako taldeak zeuden pil-pilean eta egia esan ez nion neure buruari etorkizun handia ikusten musikari moduan. Kanpoan egoteak nortasuna garatzeko aukera eman zidan, eta itzuli nintzenean korrontearen alde edo kontra egotearen kontu horrek ez ninduen kezkatzen. Nire ideia musikala aurrera eramateko toki askorik ez neukan leku batetik nator, beraz, ohitu egin naiz egoera hortara edo dena delakora, baina ez nau kezkatzen horrek.
-1. diskoa 2002an kaleratu zenuen, 2.a 2006an eta 3.a 2011an. Lasai hartzen duzu diskoen sortze-prozesua?
Gustuko dudan musika da sasoi batekoa, non albumak sendotasuna izan behar zuen. Ez naiz ideia kontzeptual bati buruz ari, nahi dut esan 10-12 kantuko bilduma batek osorik izan behar duela indarra, ez du balio 3-4 kantu sortu eta gero ingurua betetzea. Alde batetik, beti izan dut gogoa 10 kanta batuz gero dena sendoak izateko eta horrek denbora bat behar du. Beste alde batetik, nire baldintzetan diskoak egitea nekeza da arlo guztietan: arlo ekonomikoak; adinaren arloan, musikariek eta nik haurrak baitauzkagu, eta ideia musikalak garatzeko ez da erraza batzea; eta industria musikala dagoen moduan, pentsaezina da diskografika batek zuk nahi duzuna egiteko baliabideak ipintzea. Orduan, dena batu egiten da. Gainera, pazientziaren kontua nahiko garatuta daukat eta muga hauek abantail bihurtzen ikasi dut.
Konuratu naiz estudioko lanean belarri freskoak edukitzea eta erabaki zuzenak hartzeko perspektibarekin entzutea oso garrantzitsua dela. Izan ere, diskoa egiteko hilabete badaukazu, belarriak frijitu egiten dituzu, perspektiba guztiak galtzen dituzu eta 11. nahasketan ez dakizu nondik heldu ere. Orduan, astebetez proiektu guztiz lagatzea geroago asteko, hori abantaila da.
-Nolako harrera izaten du zuk egiten duzun musika-motak Euskal Herrian?
Nik ere nahiko nuke jakin galderaren erantzuna, ni ere ez nagoelako ziur. Pertsonalki oso erantzun gutxi jasotzen ditut, baina gero hainbat gauza heltzen zaizkit. Itxura batean diskoa heltzen da toki batzuetara eta harrera ona dauka. Pentsatzen dut nere entzulegoa hor dagoela, nik ez daukat eurekin kontaktua, ez dakit nortzuk diren, nolako gustuak dituzten eta nolako baldintzetan bizi diren. Euskal Herrian badaude antzeko musika egiten dituztenak, Petti, Ruper Ordorika, Joseba Irazoki eta Anari, kasu. Ez nago bakarrik, ez dut pentsatzen rara avisa naizenik, ni baino arrakasta baino gehiago daukatenak. Ez dakit, zorte kontua ere izaten da.
-Mississippitik hurren, Ego ibaiaren hertzean arituko zara abenduaren 16an. Nola sentitzen zara zitaren aurrean?
Ego ibaia ikusi dudan aldi bakanetan gogoratzen dut (Eibarren Azitain inguruan ikusten nuelako bakarrik) benetan erreka zikina zela, kolore eta egituran anitza eta aberatsa. Orain garbiagoa dagoela pentsatzen dut. Mississippiko doinuak eta estetikekin gure Ego txikia aberasten saiatuko naiz.